IRUTXULOKO HITZArekin, 'Santa Klara, gure uharte ezezaguna' liburuxka
“Euskaldunon aberria euskara da”, esan zuen Txillardegik, Sabino Arana parafraseatuz, eta aldi berean, euskal nazionalismo tradizionalarekin hautsiz. Beraz, Txillardegiren aberria Euskal Herria zen, euskararen herria, alegia. Alabaina, egia baldin bada gizakion benetako aberria haurtzaroa dela, hainbat autorek idatzi eta esan duten bezala, Txillardegiren aberria Antigua zen, eta aberri horretan, leku berezia zuen Santa Klara uharteak. Eta hori oso garbi geratu zen Santa Klara uharte ezezaguna izeneko liburuan, memoria –eta maitasun– ariketa harrigarri hartan. Hain justu, aipatutako liburua oinarri hartuta, Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimeneko kideek Txillardegiren Antigua II. ibilaldia egingo dute igandean.
Abiapuntua Txillardegi plaza (Gaskonia plaza) izango da (11:30). Izan ere, bertan zegoen Txillardegi etxea. Eta ondoren, Antigua zehar, Txillardegiren haurtzaroaren lekuko izan ziren hainbat toki erakutsiko ditu Josu Tellabide etnologoak. Aurten, Haizearen Orrazia eta uhartearen bidean zehar ibiliko dira. Ibilbidean zehar, tarteka, Txillardegik berak leku horiei buruz idatzitako testu laburrak irakurriko dituzte. 13:15erako Txillardegi plazara itzuliko dira berriz, 13:30ean hasiko den ekitaldian parte hartzeko. Han izango dira Mikel Antza idazlea eta Eneko Sierra musikaria, poesia eta musika uztartuko dituen emanaldia egiteko prest.