Gure artekoa segurua da
Ez dugu behar bezala ospatu 15. urteurrena, baina urte berezi eta zail honi aurre egin diogula ospatu nahi dugu. Oztopo guztien gainetik, Irutxuloko Hitzak Donostiari buruz informatzen jarraitu du. Etenik gabe, harpidedun eta irakurle donostiarrei COVID-19ak baldintzaturiko urtearen kontaketa egitea lortu dugu. Eskerrik asko gure alboan jarraitu duzuen guztiei.
Astero paperean eta egunero Interneten irakurri gaituzu. Urtea elkarrekin hasi genuen, eta hiru hilabetera gure harremana aldatu zen. Martxoan COVID-19a gure arteko harremana eteten saiatu zen. Distantzia bat ezarri zuen, eta lehen momentutik tate hori laburtzen ahalegindu ginen. Pandemiaren kronika idazten eta zurekin partekatzen hasi ginen, eta hor jarraitzen zenuela ikusi genuen. Ordutik, gure artekoa mantentzea lortu dugu, osasun neurriak errespetatuz.
Ahaztezina eta ahazteko moduko izan bada ere, bukatzear den urtearen errepasoa zor dizugu. Seguru gaude arretaz irakurriko duzula.
Irutxuloko Hitzaren 15. urteurrena zurekin ospatu nahi genuen, baina ez da posible izan. Horren ordez elkarrekin jarraitzen dugula ospatu nahi dugu. Atzera eginez, aurrera begiratzeko. Halaber, komunikabide honentzat ere ez da urte erraza izan, zenbait gorabehera eduki ditugu, eta horiek hemen irakurtzera gonbidatzen zaitugu.
Hiriko eta auzoetako alor guztietako gertakari garrantzitsuenen kontaketa osatu dugu. Era berean, koronabirusak kaltetu dituen herritar, kolektibo, eragile eta sektore donostiarren testigantzak jaso ditugu. Zuk bezala, guk ere presente ditugu. Izan ere, horiei buruz eta horientzat informatu dugu, eta 2021a hobea izatea opa diegu. Noski, baita zuri ere.
Mila esker HITZAkide, harpidedun, irakurle eta lagun. Donostiaren berri izateko aukeratu duzu Irutxuloko Hitza, eta seguru gaude zure babesarekin.