Martxoaren 8an planto egingo dugu IRUTXULOKO HITZAko emakumeok
IRUTXULOKO HITZAko langileek bat egingo dugu martxoaren 8ko greba feministarekin. Lan taldea osatzen dugun hiru emakumeok greba egingo dugu martxoaren 8an, baita banatzaileen taldeko emakume bakarrak ere. Horren ondorioz, banatzaileak egiten duen ibilbideko (Altza, Intxaurrondoko hainbat toki eta Bidebieta) harpidedunek ezin izango dute astekaria jaso egun horretan. Etxean aldizkaria jaso ez duten harpidedunek gure erredakzioan (Ametzagaña kalea, 19) hartu ahalko dute aste horretako aldizkaria, martxoaren 8tik aurrera.
Bezero arretako langile guztiek ere greba egingo dute martxoaren 8an, beraz, ez da bezero arretako zerbitzurik egongo egun horretan.
IRUTXULOKO HITZA ostiraletan argitaratzen den arren, aste bakoitzeko edukia asteazkenetan bidali ohi dugu inprentara. Horregatik, martxoaren 8an greba egingo dugun arren, egun horretan aterako den alearen lanketa sakona egiteko aukera izango dugu aurretik. Martxoaren 8ko astekarian modu berezian jorratuko dugu greba, eta mobilizazio feministari buruzkoa izango da aldizkariko gai nagusia. Euskal Herriko mugimendu feministak sortu duen txosteneko edukian oinarrituta, greba feministaren oinarriak landuko ditugu, hain zuzen; esaterako, migratzaileen errealitatearen, zaintzen gatazkaren eta gazteen eta pentsiodunen prekarietatearen berri emango dugu.
Martxoaren 8a iritsi bitarte, IRUTXULOKO HITZA Donostiako greba feministaren jarraipen berezia egiten ari da Irutxulo.hitza.eus webgunean, eta horretarako atal berezia sortu dugu. Atal berezian, besteak beste, hiriko auzoetako taldeek grebaren inguruan egin duten lanketa jasotzen ari gara, baita martxoaren 8rako prestatu dituzten jardueren egitarauak ere.
IRUTXULOKO HITZAko emakumeok honako arrazoi hauengatik egingo dugu greba:
– Prekarietateak beste edozein emakumeri bezalaxe eragiten digulako. Kontziliazioa ezinezkoa delako gure ofizioko lanpostu askotan. Ordutegi aldrebesak, soldata apalak, enplegua eta zaintza bateratzeko zailtasunak… Asko dira haurrak edukitakoan edo norbait zaindu behar dutenean lanbidetik urruntzen diren lankideak, eta horrek ere nahi baino gehiagotan garamatza generoaren araberako lan banaketara.
– Emakume gisa eta hedabideko langile gisa egunero sufritzen eta ikusten ditugun indarkeria matxista guztiak eta LGTBIfobia salatu nahi ditugulako. Ez dugulako izan nahi urtez urte zenbatzen ditugun hilketa matxisten konplize. Heteropatriarkatu kapitalistak eragiten dituen zapalkuntza ororen aurrean ez dugulako isilik egon nahi. Baita patriarkatuak zapaltzen dituen beste pertsonekiko ditugun pribilegioak identifikatu eta iraultzeko konpromisoa hartu nahi dugulako.
– Hirurok emakume gazteak garen heinean, gazte eta emakume izateagatik pairatzen ditugun zapalkuntzak bizitzen ditugulako, eta horien jatorria jarri nahi dugulako jomugan.
– Kazetaritza etikoan sinesten dugulako, egunero saiatzen garelako patriarkatuak zapaltzen dituen pertsonei protagonismoa ematen, eta komunikabideetan egiten den objektualizazio ororen aurka gaudelako. Kazetaritza hutsaletik harago, kazetaritza feminista eta konprometitua egiten saiatzen garelako.
– Greba hau bat datorrelako IRUTXULOKO HITZAn egiten ari garen barne prozesuarekin eta gure balioekin.
– Tokiko hedabide gisa, gure erantzukizun soziala delako deialdi honen berri ematea. Horregatik, gizonezko lankideek ere gure greba babestea erabaki dute, mobilizazioen berri emateko ardura euren gain hartuz. Haien bidez, ohi bezain zabal eta sakon emango dugu martxoaren 8ko mobilizazioen berri Irutxulo.hitza.eus webgunean, betiere emakumezko langileon greba eskubidea errespetatuz.
– IRUTXULOKO HITZA astekaria ostiralero argitara dadin, beharrezkoa da askoren itzalpeko lana. Berria taldeak ematen dizkigu proiektu honen azpiegitura lanak egiteko zerbitzuak, eta hauetan emakumezkoak dira gehienak: bezero arreta, administrazioa, telemarketina, publizitatea, zuzenketa… Egunerokoan ikusezin geratzen diren lan horiei guztiei aitorpena egiteko modu bat ere bada greba hau.
Martxoaren 8an, IRUTXULOKO HITZAko emakumeok ere planto!