Irutxuloko Hitza

Nor da nor? jokoak irabazleak ditu.

Parte-hartzaile guztien artean zozketa egin dugu! Mila esker zozketan parte hartu duzuen guztioi, laster izango gara sari eta zozketa berezi gehiagorekin.

Jokoaren helburua proposatutako IRUTXULOKO HITZAren azaletako 10 protagonistak nor diren asmatzea zen.

Pertsona askok hartu dute parte jokoan, eta dagoeneko badakigu zozketaren irabazlearen izenak:

 

Nora Goddi – Errigora Saskia

Ander Lizarza – Astore izerditakoa

Carmen Valenzuela (HK) – Gross garagardo kaxa

 

Mila esker zozketan parte hartu duzuen guztioi. Laster izango gara sari eta zozketa berezi gehiagorekin!

 

Jarraitu irakurtzen jokoan proposatutako azalen protagonistak hobeto ezagutu nahi badituzu:

1. Alberto Lizarralde musikaria (Parte Zaharra, 1956) ezaguna da musikarientzat. Ez hainbeste publiko zabalarentzat. 40 urte baino gehiago darama batean eta bestean jotzen, konposatzen eta ekoizten. Berak sortu zuen Euskal Herriko lehen jazz eta inprobisazio eskola, Egiako Aldakonea kaleko Jazzle, eta baita ere Donostiako Plaza inprobisazio jaialdi entzutetsua.

2. Estefania Beneyto Lasa (Altza, 1993) da Donostiako eta Euskal Herriko emakumezko rap kantari garrantzitsuenetako bat, izen horrekin jende gutxik ezagutuko duen arren. Bera da ‘Fani’, Nizuri Tazuneri proiektuaren %50, Norzzonerekin batera.

3. 36ko gerran Donostiatik alde egin zuten 3.600 haurretako bat izan zen Pako Azurmendi (Gros, 1931). 5 urte zituela, Durangora joan zen amarekin eta arrebarekin, eta hango bonbardaketak bertatik bertara bizi zituen. Habana itsasontzian ontziratu zen ondoren, Ingalaterrara joateko. Gerora, Donostiara itzuli zen, eta hemen bizi da ordutik. 92 urterekin, ondo gogoratzen ditu gerra garaian bizitakoak, eta asko hausnartu du horren guztiaren inguruan.

4. Euskal antzerkigintzak asko zor dio Patri Urkizu Sarasuari (Lezo, 1946). Idazlea eta irakaslea ez ezik, ikertzaile sutsua izan da betidanik. Euskal antzerkiaren historia bildu, txukundu eta hainbat libururen bidez argitaratu du.

5. Erretiroa hartu zuenetik, batetik bestera dabil Mariasun Landa (Errenteria, Gipuzkoa, 1949). Azken boladan, hitzaldiak eta literatur tailerrak tartekatzen ari da. Une honetan, EHUko udako ikastaroetan dabil idazketa literarioa sustatzen eta irakasten.

6. Hirugarrenean uztartu ditu Donostia eta txirrindularitza. ‘Tropel amaigabea’ liburua argitaratu du Raul Perez Martinezek (Paris, 1976). Txirrindularitzari buruz idatzi duen hirugarrena da, 2012ko ‘Jaques Anquetil’ eta 2018ko ‘Biba Coppi!’ lanen ondoren.

7. Sara Azurza 17 urte zituela hasi zen oholtza gainean. Bere lehen urratsak Iker Laurobarekin egin zituen eta ondoren Charlie and The Colours, Indigo eta Tristan Crowley abeslari eta taldeekin lan egin zuen, besteak beste.

8. Laia Varela bitxigileak (Ulia, 1987) bitxigintza eskola bat zabaldu du Egiako Ametzagaña kaleko 21. eraikinean. Eskola izateaz gain, bere bitxiak ere izango ditu salgai bertan, eta bezeroek ere produktu pertsonalizatuak egiteko eskatu ahal izango diote Varelari.

9. Paco Sagarzazu aktore donostiarrak (Herrera, 1940) 40 urte luzeko ibilbidea egin du interpretazioaren munduan, bereziki euskal zineman. Hain zuzen ere, 71. Zinemaldiak Zinemira saria emango dio horregatik asteartean.

10. Galizian sortua eta Galiziako erroetatik abiatua, Donostian landatu du bere lehen lana Antia Muiño abeslariak (Santiago de Compostela, Galizia, 1992). ‘Carta Aberta’ du izena albumak (Raso Estudio, 2022) eta lanari izena ematen dion kantak milioitik gora erreprodukzio ditu Spotifyn. Hain zuzen, plataforma honek Espainiako emakume musikarien zerrendako lehen postuan jarri zuen, Muiñoren aurpegia New Yorkera eramanez.

 

Irutxulo Hitzan gure irakurleen babesa behar dugu. Zuekin osatutako komunitateari esker, Donostian gertatzen dena sakontasunez aztertu eta kontatzeko baliabide gehiago izango ditugu. Egin zatez HITZAkide!