Irutxuloko Hitzaren NOR DA NOR jokoaren zozketak badu irabazlea
Jokoaren helburua proposatutako IRUTXULOKO HITZAren azaletako 10 protagonistak nor diren asmatzea zen. Jokoarekin batera, zozketa berezi bat jarri dugu martxan parte hartzaileen artean: Errigorako saski eder bat.
Pertsona askok hartu dute parte jokoan, eta dagoeneko badakigu zozketaren irabazlearen izena.
Ander Lizarza Otaño da sariduna. Zorionak, Ander!
Mila esker zozketan parte hartu duzuen guztioi. Laster izango gara sari eta zozketa berezi gehiagorekin.
Jarraitu irakurtzen jokoan proposatutako azalen protagonistak hobeto ezagutu nahi badituzu.
1. Lide Hernando.
Liher taldeari izena eta ahotsa ematen dio Lide Hernandok (Intxaurrondo, 1991). Laugarren lan luzea kaleratu dute aurten, ‘Eta hutsa zen helmuga’ izenarekin. Sei urteko ibilbidean, euren lekua egin dute eszenan, baina ez akaso nahi luketena. Koronabirusaren pandemiak disko aurkezpenaren eta Europako biraren erdian harrapatu zuen taldea, eta egindako lan eskerga pikutara joan zela sentitu zuten. Garden mintzo da Hernando, arrakastaren helburuez eta honek ekarritako min psikologikoez Irutxuloko Hitzarekin egindako elkarrizketa honetan.
2. Mikel Azpiroz.
Mikel Azpiroz piano jotzaileak (Amara, 1971) ‘Eup!’ diskoa argitaratu zuen 2021ean Elkano Browning Cream taldearekin, eta, dioenez, oso harrera ona izan zuen. Donostiarraren ibilbideko lan guztietan gertatzen den moduan, bluesa oinarri gisa hartuta, ukitu berezia du diskoak. Estilo propioa dute bere lanek, Azpirozen esanetan, “heldutasun musikal” batera heldu baita, eta “arinkeria” alde batera uztea da bere helburu nagusia. Irakurri elkarrizketa osoa hemen.
3. Sara Alonso.
Sara Alonso (Donostia, 1999) 2020an hasi zen mendi lasterketak egiten, eta berehala egin zuen salto maila gorenera. Golden World Trail Series txapelketan parte hartu zuen iaz, eta finalera iritsi zen lehen hamarren artean. Sara gehiago ezagutu nahi duzu? Hemen duzu aukera.
4. Xabier Mikel Azparren.
Xabier Mikel Azparrenek (Donostia, 1999) 2021eko otsailaren 14an egin zuen debuta txirrindulari profesional gisa, Almeriako Klasikoan Euskaltel Euskadi taldean. Txirrindularitza profesionalean izan zuen hastapena ezagutu nahi duzu? Jarraitu irakuntzen hemen.
5. Sua Enparantza.
Dantzan, antzerkian eta musikan aritzen da Sua Enparantza Alustiza gazte donostiarra (Antigua, 2003). Betidanik izan da artearekin harremanetan, eta iaz telebistara egin zuen salto. Irakurri IRUTXULOKO HITZAk egin zion elkarrizketa hemen.
6. Rafa Cabeza.
40 urte inguru daramatza musikagintzan Rafa Cabeza Tojok (Añorga, 1973), eta ez du eteteko asmorik. Haurra zela hasi zen gitarra jotzen eta kantuan, eta bide beretik jarraitzen du beteranoen klubean sartzear denean. Esanguratsua bezain deigarria da musikan egin duen bidea, eta euskarazko rocka hauspotzeko konpromisoa. Gehiago jakin nahi baduzu, Irutxuloko Hitzan Rafari egindako elkarrizketa osorik irakurri dezakezu.
7. Jose Antonio Sistiaga.
XX. mendeko Euskal Herriko artea ezingo litzateke ulertu Jose Antonio Sistiaga gabe (Donostia, 1932). Abstrakzio informalaren figura garrantzitsuenetako bat da, zeluloidearen gainean margotutako historiako lehenengo film luzea egin zuen eta Gaur taldea sortu zuen. Oraindik Jose Antonio Sistiagaren lana eta ibilbidea ez badituzu ezagutzen, hori aldatzeko aukera duzu hemen.
8. Esther Ferrer.
Esther Ferrer (Donostia, 1937) gaur egungo arte garaikidearen artista garrantzitsua da. Aurten Urrezko Danborra jaso du, eta Irutxuloko Hitzak sariaren inguruan eta bere ibilbideaz hitz egiteko elkarrizketa egin zion.
9. Lur Olaizola.
Lur Olaizola Lizarralde zinema zuzendariak (Donostia, 1988), Tabakaleran ikus-entzunezkoen alorra koordinatzen du 2015etik. Aurten bere azken pelikula, Hirugarren koadernoa, 70. Zinemaldian aurkeztu du, lehiaketatik kanpo Zinemira Kimuak sailean. Bere lanaz eta bere pelikulez luze hitz egin zuen Irutxuloko Hitzak egin zion elkarrizketa honetan.
10. Iñaki Egaña.
Iñaki Egaña Sevilla (Amara, 1958) Euskal Herriko historialari ezagunenetakoa da, hainbat hamarkada baitaramatza Euskal Herriko historia lantzen. Amarako semea da, eta auzoko historiari buruzko ‘Irutxulo Zar, Donosti Berri. Amarako istorio bat’ liburua argitaratu du aurten. Liburu berri honen inguruan hitz egin zuen Irutxuloko Hitzarekin. Iñaki iritzigilea da ere eta Irutxuloko Hitzan bere iritzi artikuluak irakurri ditzakezu.
IRUTXULOKO HITZAn donostiarren atzean dauden istorioak kontatzen ditugu.
Donostiako auzoen ahotsa zabaltzen dugu. Gertutasunez kontatzen ditugu donostiarren atzean dauden istorioak. Beste espazio batzuetan lekurik ez duten protagonistek eta gaiek Irutxuloko Hitzan tokia dute: auzoetako norbanakoentzat, elkarteentzat edo eragileentzat plaza eta bozgorailu bat da. Donostia den horretan erakusteko lan egiten dugu.
Jokoan agertzen diren azalek azken urteetan argitaratu ditugun donostiar hauen istorioak dituzte atzean. Istorio hauek eta askoz gehiago, IRUTXULOKO HITZAren webgunean edo hemerotekan aurkituko dituzu.
Irutxulo Hitzan gure irakurleen babesa behar dugu. Zuekin osatutako komunitateari esker, Donostian gertatzen dena sakontasunez aztertu eta kontatzeko baliabide gehiago izango ditugu. Egin zatez HITZAkide!