Irutxuloko Hitza

San Sebastian egunari buruzko jokoak baditu irabazleak

San Sebastian eguna dela eta, joko bat egin du Irutxuloko Hitzak. Galderak erantzun dituztenen artean, sari ederrak zozkatu ditu. Dagoeneko badakizkigu irabazleen izenak.

Nahiz eta galdera guztiak ez asmatu, IRUTXULOKO HITZAk baditu parte hartzaileen artean banatzeko sariak ere. Hona hemen sari eder hauen irabazleak:

Egiako Belen Salgado Moralesek irabazi du La Perlara joateko bi pertsonarentzako talaso zirkuitua.

Errigora saskia, Igeldoko Joxe Mari Altuna Berridik  dastatuko du.

Otsaihen garagardoaren bi kaxa, Amarako Maite Kruzelegi Agirrek irabazi ditu.

Mahala saskia, Moorlans auzoko Jose Mari de Diego Torresek lortu du. 

Azkenik, Iztueta saskia, Groseko Rut Osambela Irigoyenek dastatuko du.

IRUTXULOKO HITZA jarriko da harremanetan saridun guztiekin, saria nola eskuratu azaltzeko eta beharrezko informazio guztia emateko.  

Zozketan parte hartzeko, partaideei joko bat proposatu genien, eta bertan San Sebastian eguna zenbat ezagutzen zuten erakusteko aukera zuten.

Hain zuzen, jokoa 15 galderek osatzen zuten, eta erantzun zuzena emateko, hiru aukera eman genituen. Galdera batzuen inguruan hainbat zalantza izan dituzuela adierazi diguzuenez, ideia ona iruditu zaigu zuekin errepasatzea galdetegia.

Hona hemen galderak eta erantzun zuzenak.

1. Zein urtetan hasi zen danborrada?

Parte hartzaile askok izan dituzte zalantzak galdera horrekin. 1836. urtean hasi zen danborrada, eta ez 1838an, askok uste zuten bezala.

2. Zenbat konpainiak ematen diote bizitasuna hiriari urtarrilaren 20an?

Galdera horrekin ere bai; izan ere, aukeratzeko erantzunak oso antzekoak ziren, baina erantzun zuzena 147 konpainia da.

3. Zein mendetan sortu zituen Raimundo Sarriegik danborradaren pieza/abesti gehienak?

Parte hartzaile askok asmatu dute galdera hori. XIX. mendean sortu zituen Raimundo Sarriegik urtarrilaren 20an jotzen diren pieza gehienak.

4. Zein elkarteren 150. urteurrena izan zen 2020ko San Sebastian egunean?

Union Artesanaren 150. urteurrena izan zen iazko San Sebastian egunean.

5. Zer gertatu zen 1903. urteko danborradan?

Urtez urte Donostiako danborrada Donostian bertan ospatzea izan da ohikoena. Baina, 1903an, donostiar batzuek, euren danborrak hartu, eta Hernanira joan ziren urtarrilaren 20an festa ospatzeko asmoz. Gertakizun horri buruz, hau kontatu zuen ‘El Correo de Guipúzcoa’ egunkariak: «Herrialde honetako ohituren zaleak ziren herriko semeak hantxe joan ziren, beren zalgurdietan». «Otordu oparoa» egin eta hernaniar alkateari baimena eskatu ondoren, «koxkeroek danborrada bikain bat antolatu zuten, eta, jende ugarik jarraiturik, kaleak zeharkatu zituen».

6. Zein auzotako festak dira San Sebastian egunean?

Parte hartzaile gehienek asmatutako galdera izan da hori; izan ere, ohikoa da jakitea Antiguako jaiak ere ospatzen direla San Sebastian egunean.

7. Hauetako zein abesti gehitu da azken urteetan?

Hauk dek hau abestia gehitu da azken urteetan, eta ez da derrigorrezkoa jotzea, konpainia batzuek soilik jotzen dute eta.

8. Noiz atera zen lehen emakumea helduen danborrada?

anborradan emakumeek izandako presentziaren gaiarekin lotuta, Beatriz Moral (Donostia, 1965) eta Margaret Bullen (Ingalaterra, 1964) antropologoek, urte eta erdiz danbor burrunbaren erdigunean sartu, eta berdintasunak Donostiako danborradan duen espazioa arakatu zuten. Elkarrizketa osoa ‘Kazeta.eus’-en aurki daiteke. Lehen emakumea, hortaz, 1980. urtean atera zen helduen danborradan.

9. Zenbat aldiz utzi dute bertan behera haurren danborrada?

Ohikoa da pentsatzea haurren danborrada hiru aldiz soilik utzi dutela bertan behera, baina ez, lau aldiz gertatu izan da gaur egun arte, aurtengo COVID-19aren egoera alde batera utzita, noski.

10. Zein ikastolak eman zuen aldaketarako pausoa haur danborradaren desfilean, Easo Ederra eta Ohorezko Damak pertsonaiarik gabe?

Lehen aldiz, Aitor ikastolak eman zuen aurrerapausoa haur danborradaren desfilean, eta Easo Ederra eta Ohorezko Damarik gabe egin zuen. Albiste osoa Irutxuloko Hitzan irakurri dezakezue.

11. Osatu abestia… «Zuri gaur oroipena, zuri gure herria…»:

<<Kanta ta dantzatuaz, zortziko berria>>.

Dakigunez, duela berrehun urte gure hiria suntsitu zuten. Hori dela eta,  Donostiako antzinako himnoa berreskuratu zuten.

12. Zein tradizio berreskuratu zuen Union Artesanak iaz bandera jaisteko ekitaldian?

Donostiar askok asmatu dute Union Artesanak iazko bandera jaitsieran zezensuzkoaren tradizioa berreskuratu zuela.

13. Zein elkarteri zor zaio egungo Easo Ederraren tradizioa?

Euskal Billera elkarteari zor zaio gaur egungo tradizio hau.

14. Zein elkarteren ohiturari jarraitu zion Union Artesanak?

La Fraternal elkarteari jarraitu zion.

15. Zenbat konpainiatan azaltzen dira zaldiak haurren danborradan?

Bi konpainiatan azaltzen dira zaldiak haurren danborradan. Hain zuzen, Hipika E.E. Lantzariak-en eta San Ignacio (Jesuitas) ikastetxean. Galdera horrek zalantza asko eragin ditu; izan ere, parte hartzaile askok hiru konpainiatan agertzen zirela uste zuten.

 

Mila esker jokoan parte hartu duzuen guztioi. Arrakasta ikusita, ziur gaude hurrengo urtean berriro egingo dugula.