Irutxuloko Hitza

'Zenbat dakizu San Sebastian egunari buruz?' jokoak baditu irabazleak

Urtero bezela, Irutxuloko Hitzak joko bat antolatu du San Sebastain egunari buruz dugun ezagutza neurtzeko, eta horrekin batera, zozketa ederrak daude parte hartzaileen artean banatzeko. Pertsona askok hartu dute parte zozketan, eta dagoeneko badakizkigu irabazleeen izenak!

  • Madamar “Punk” garagardo sorta – Pablo Iturain 
  • La Perlako talaso zirkuitu bat bi pertsonarentzat –Maddalen Kortajarena
  • SSirimiri lurrina – Iraitz Etxaiz
  • Boga garagardoaren “Opari Pack”-a (6 garagardoen sorta eta fabrikaren bisita gidatua eta garagardo dastaketa egiteko gonbidapen bikoitza) – Eder Pikaza

Zorionak irabazle guztiei! HITZA zuekin jarriko da harremanetan saria nola eskuratu azaltzeko.

1. Tradizioz, Danborradaren lehen urteetan zertaz mozorrotzen ziren parte hartzaileak?

San Sebastian egunaren jatorria Donostiako zaindariaren jaia da. Hala, aspaldi, inauteriekin elkartu zen ospakizun hau, eta bizilagunek jai giroan danborrak eta perkusio instrumentuak jotzen zituzten.

Inauterietako jaian, parte-hartzaileak lanpernaz edo txipiroiz jantzita ibiltzen ziren. Handik gutxira, santua ospatzen hasi zen hiriko kaleetan zehar, mozorrotuta eta perkusio tresnekin. 1836an, Gerra Karlistan, konpartsek martxa militarra eta militarren jantziak hartu zituzten.  1882tik aurrera donostiarrek garaiko uniforme militarren erreplikak eta sukaldarien jantziak eraman zituzten, gaur egunera arte.

2. Zenbat urte beteko ditu aurten Sarriegiren San Sebastian Martxak?

San Sebastian martxa 1882. urtean konposatu zuen Raimundo Sarriegik. Serafin Baroja donostiarrak  jarri zituen hitzak Sarriegik egindako musikaren gainean.

3. Zenbatgarren urtean hartu zuten lekua emakumeek danborradan?

1970eko hamarkadan zehar, danborradaren festa zabaldu eta berrindartzearekin batera, emakumeak ere hasi ziren danborradan jotzen ateratzeko aukera eskatzen. Lehen talde mistoa 1980. urtean atera zen kalera Kresala Elkartearen eskutik. Urte hartan emakumeek soldadu jantzia eraman zuten. Egun horretan bertan istiluak izan ziren, horren kontra zeudenek bultzatuta. Era berean, eztabaida bizia piztu zen hirian emakumeek danborradan izan zezaketen parte-hartzearen inguruan.

Baina 1981ean beste proposamen bat egin zuten haien parte-hartzea ikusgarriago egin, eta emakumeek tokia aldarrikatzeko: urketariaren figura proposatu zuten. Izan ere, iturrien inguruan okin edo sukaldarientzat ur bila joandako mutilez eta soldaduez gain, beti biltzen ziran ur bila joandako etxekoandre eta neskameak ere, urketariak, alegia. Hori horrela, ikuspegi historiko eta etnografikotik oso koherente ikusi zen danborradaren osaera figura horren bidez zabaltzea.

Geroztik, emakumeek toki ezberdina izan dute danborradaren arabera. Zenbait konpainiatan, militar zein sukaldari jantzita ateratzen dira; adibidez, haur danborradan. Beste batzuetan, berriz, emakumezkoentzako berezko militar jantziak berreskuratu dira (Vivandière jantziak), baina, zalantzarik gabe, urketariarena da arrakasta handiena izan duen irudia.

4.  Zer adierazten du Urketariaren jantziak?

Urketarientzat aukeratu zuten jantzia ez dago, izatez, lanbide edo ofizio zehatz bati lotuta. Aitzitik, jantzi hori XIX. mendean Donostiako emakumeek eguneroko zereginetarako erabiltzen zuten janzkeran oinarritu zen. Hori dela eta, urketarien jantziak aukera asko onartzen ditu. Dena den, baditu oinarrizko ezaugarri batzuk:  gona luzeak, mantala handiak, garaiko oinetakoak eta zapia buruan. Hotzetik babesteko, berriz, ehunezko jaka, jipoia nahiz mantoi handia erabiltzen zuten. Urketariek ez dute danborra edo upela jotzen, suila baizik, alegia, buruan ura garraiatzeko eraman ohi zuten ontzia.

Iturria: Dadkutxa.org

5. Zein da Haurren Konpainia hau?

Konpainia hau Euskal Billera da.

Iturria: Euskal Billera Elkartea.

 

6. Gaur egun bizirik mantentzen diren konpainien artean, zein sortu zen lehena?

Unión Artesana. 1870ean sortua, gaur egun Donostian dauden elkarte gastronomikoetako zaharrenetarikoa da. Lehen aldiz 1871n Danborrada atera zuen, baina “La Fraternal” konpainia zaharragoaren oinordekoa da, 1879an xurgatu zuena eta ustez, 1830eko hamarkadako lehen danborrada-konpartsen antolatzaileen artean zegoena.

Iturria: www.kutxateka.eus

7. Nor izan zen Urrezko Danborra jaso zuen lehen emakumea?

Josefina Carabias kazetariak 1972. Urtean jaso zuen Urrezko Danborra, Alfonso Sanchez kazetariarekin batera.

 

Iturria: Donostiako Danborrada (Donostia Kultura)

Josefina Carabias Sanchez-Ocaña espainiar abokatu, idazle eta kazetaria izan zen. Kazetaritzan jardun zuen II. Errepublikan, frankismo garaian eta trantsizioan. Espainiako lehen emakume kazetarietako bat izan zen, eta Estatu Batuetan hiru egunkarirentzat lan egiten zuen lehen korrespontsala izan zen. Gazte-gaztetatik emakumeen berdintasuna defendatu zuen eta berdintasunezko sinesmenak erakutsi zituen.

8. Zein da upelen erabileraren jatorria?

1886an, konpartsari upelak gehitu zizkioten. Hiriko biztanleek  barrilak edo ur-ontziak erabiltzen zituzten iturrietako txandaren zain zeudela, eta tresna horiekin militarren danborrak imitatzen dituzten. Ohitura horren oinarria sinbolizatzen dute gaur egungo upelek.

Iturria: www.danborrada.com

9. Nola du izena abesti honek?

“Iriyarena” izena du abesti honek.

10. Angulaz gain, zein da San Sebastian eguneko plater tipikoena?

Angulak dira plater nagusia, baina ohikoa da legatza perrexil-saltsa berdean eta ardo zurian jatea. Angulak baino merkeagoa da eta oso tipikoa ere bai, Donostiak itsasoarekin eta arrantza ohiturekin duen loturarengatik. 

Prestatu nahi duzu? Hona hemen errezeta.

11. Zer eraman ohi dute gastadoreek haiekin batera?

Gastadoreek ez dute musika-tresnarik jotzen, eta danborradaren aurrealdean desfilatzen dute. Labanak, sardexkak edo koilara handiak eramaten dituzte, “armak” izango balira moduan.

Iturria: Gaztelubide Elkartea.

Gastadoreak jatorriz soldaduak ziren, infanteriako erregimentuetako granaje-konpainietan aukeratuak, eta fusilez eta baionetaz armatuta joaten ziren.

Danborradan irudikatzen diren desfile militarren “Gastadore” figura birmoldatu da, elkarte gastronomikoen ikonografiako elementuak diren mahai-tresnak erabiliz. Batzuetan soldaduz eta beste batzuetan sukaldariz janzten dira. Gastatzaileek koreografiak egin, desfilatu, dantzatu eta danborrei eta upelei laguntzen diete.

12. Danborrada Parte Zaharrarekin lotzen dugun arren, alde zaharra ez da helduen danborrada gehien dituen auzoa. Zein auzotatik datoz konpainia gehien?

Auzo bakoitzetik, pandemia egoera baino lehen, konpainia kopuru hau ateratzen zen:

      Erdialdea: 32

–      Gros: 25

–      Antigua: 24

–      Parte Zaharra: 23

–      Altza – Bidebieta – Intxaurrondo: 19

–      Amara – Morlans – Loiolako Erribera: 19

–      Egia – Loiola- Martutene: 9