Donostiako Aste Nagusia 2019
Hizkuntza erabileraren neurketa
Azken hogeita bost urteetan, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak Donostiako Aste Nagusian hizkuntza tratamendua aztertu du. Azterketa horrek euskararen erabilera areagotzea du ardatz, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidezkoa iruditzen baitzaigu, uneoro euskararen erabilera eta egoera ezagutzea. Baita Donostiako jaietan ere.
Aurten, Bagera Elkarteak, hizkuntza erabili duten 109 ekintza behatu ditu Donostiako Aste Nagusian zehar. Neurketak egiterako orduan honako irizpideak izan ditu kontuan:
- Ekintza bat astean zehar behin baino gehiagotan errepikatzen den arren, ekintza behin bakarrik adieraziko da neurketan.
- Neurketa egiterako orduan, hizkuntza erabili duten jardurak, bakarrik, kontuan hartu dira.
- Ele bitan egin dela adierazten denean, zehazki, euskaraz eta gazteleraz neurri berean erabili dela esan nahi dugu. “BH” laburdura erabiltzen dugunean “beste hizkuntza” batean egin dela adierazi nahi dugu (edo euskara edota gazteleraz gain beste hizkuntzaren bat erabili dela). Euskaraz, berriz, jarduera euskara hutsean edo euskarak lehentasuna izan duela eta gazteleraz, gaztelera hutsean edo gaztelerak lehentasuna izan duela.