"Danborrada oso parte hartzailea da, alaitasun handia ematen die jaiei"
1991tik helduen danborradak gure auzoa girotu du bere danbor eta kupel hotsekin. Aurten, 29. ekitaldi honetan, uztailaren 20ean, larunbatean, abiatuko da Nafarroa Beherako plazatik arratsaldeko 18:30ean. Aurretik, entseguak uztailaren 15, 16 eta 17an izango dira Txofreko enparantzan. Danborrada honen antolaketa taldean parte hartzen duten Ane Fernandez, Onditz Odriozola eta Ane Telleriarekin bildu gara antolakuntzari buruz hitz egiteko.
Iaz hasi zineten danborrada antolatzen. Zer dela eta animatu zineten?
Ane Fernandez (A.F): Danborrada antolatzkeo partaideen erreleboa behar zen, eta iaz bi lagun animatu ginen lan hori egitera.
Onditz Odriozola (O.O): Beste urte batzuetan parte hartzaile gisa ibili izan gara. Jaietan gure ekarpena danborradaren antolaketan egin genezakeela ikusi genuen, eta ardura hori hartzea erabaki genuen.
A.F.: Iaz Onditz eta biok hasi ginen, eta aurten Ane Telleria batu zaigu antolatzaile taldera.
Nola antolatzen zarete?
A.F.: Jaiak baino hilabete lehenago biltzen gara. Egia esan, dena nahiko antolatuta egoten da, aurreko urteetatik pasa dizkiguten puntuak ondo zehaztuak baitaude, beraz horiek jarraitzen ditugu, beti momentuko egoerari eta berrikuntzei egokituta, noski. Elkartu egiten gara, egin beharrak zehaztu, eta ardurak banatzen ditugu. Izen ematearekin eta honen zabalkuntzarekin hasten gara. Ondoren harremanetan jartzen gara danbor eta kupelen zuzendariekin, ordutegia eta ibilbidea zehazten ditugu, udaletxean baimenak eskatzen ditugu, eta ibilbidean geldiuneak egiten ditugun taberna eta elkarteekin hitz egiten dugu. Txarangarekin ere jartzen gara harremanetan, eta beraiekin bi hitzordu egiten ditugu: bat entsegu nagusian eta bestea egunean bertan. Danborrada ondorengo afaria ere antolatzen dugu, Marrumarekin hitz egiten dugu ogitartekoak prestatzeko.
Egunean bertan lehenago geratzen gara, eta momentuko ardurak banatzen ditugu, adibidez, nork eramango dituen ordezko makilak.
Aurten berrikuntzarik izango duzue?
A.F.: Aurten gure berrikuntzarik nagusiena Ane gure antolaketa taldeko kide berria da.
Zein ekarpen egiten dio danborradak auzoari?
A.F.: Nire ustez Onditz eta biok antolakuntzan sartzearen arrazoietako bat da, erreleboaren beharraz aparte, guk danborradan oso ondo pasatzen dugula. Alaitasun handia ematen die jaiei, eta oso parte hartzailea da.
O.O.: Jende berria ezagutzen duzu. Hainbat kuadrilla elkartzen gara, eta ikusten da benetan nahasten garela egun horretan.
Zer esango zeniokete parte hartzeko zalantza duenari?
A.F.: Lotsarik ez izateko, animatzeko. Giro polita egoten dela, eta bakarrik edo lagunekin, nahi duen bezala, izena emateko eta gerturatzeko danborradara, oso ondo pasako duela. Ez daukagu zalantzarik.
Danborradaz gain, nola bizi dituzue jaiak?
O.O.: Oso giro alaiean bizi ditugu. Elkarrekin gehien egon gaitezkeen unea da, eta gertuenetik bizi dugu momentua ere bada.
A.F.: Ilusio handiz bizi ditugu eta gogotsu. Aukera ematen digu auzoko jendearekin eta lagunekin egoteko, baita kaleak hartzeko ere.