Dbus, Global Mass Transit nazioarteko konferentziara gonbidatua, bere elektrifikazio eredua aurkezteko
Dbusek flota eta Kotxetegietako instalazioak elektrifikatzeko duen proiektua aurkeztu du Amsterdamen, Global Mass Transit erakundeak antolatutako “Clean Buses in Europe” nazioarteko konferentziaren 9. edizioan. Topaketa horretan Europako garraio publikoko operadore nagusietako batzuek parte hartu dute, hala nola EMT Madrid, Transport for London, Gobus, Translink edo Dublin Bus, zero emisioko garraio publikoko sistemetarako bidean aurrera egiten […]
Dbusek flota eta Kotxetegietako instalazioak elektrifikatzeko duen proiektua aurkeztu du Amsterdamen, Global Mass Transit erakundeak antolatutako “Clean Buses in Europe” nazioarteko konferentziaren 9. edizioan. Topaketa horretan Europako garraio publikoko operadore nagusietako batzuek parte hartu dute, hala nola EMT Madrid, Transport for London, Gobus, Translink edo Dublin Bus, zero emisioko garraio publikoko sistemetarako bidean aurrera egiten dituzten esperientziak eta estrategiak partekatzeko.
Dbusek nazioarteko foro horretan parte hartzeak agerian uzten du Konpainia garatzen ari den eraldaketa proiektuak lortutako aitortza, dimentsio askoz handiagoko operadoreen eztabaida tekniko eta estrategiko maila berean kokatu baita.
Jardunaldi horietan, Eduardo Gonzalezek, Dbuseko Zuzendari Teknikoak, flota deskarbonizatzeko prozesuaren berri eman du, zeina flota%100 emisiorik gabekoa izateko eraldaketa integralerako makroproiektu estrategiko gisa pentsatu baita. Makroproiektu hori elkarri lotutako jarduera ildo askotan egituratzen da, tartean direla hornidura elektrikoa handitzeko eta tentsio ertain eta baxuko azpiegiturak hedatzeko jarduerak, eta pantografo alderantzikatuaren bidez kargatzeko sistemak eta energiaren kudeaketa adimenduna (Smart Charging) ezartzeko, aparkatzeko lekuak egokitzeko eta autobus elektrikoak apurka-apurka sartzen joateko jarduerak ere bai.
Proiektuaren barruan, gainera, ibilgailuak eta azpiegiturak gainbegiratzeko eta monitorizatzeko sistema aurreratuen garapena sartzen da, bai eta ibilgailu elektrikoetarako suteetatik babesteko azpiegitura espezifiko berriak gauzatzea ere, hori baita Europako operadoreek elektrifikazio prozesuaren gaineko teknologiei eta arauei lotuta egun dituzten erronka nagusietako bat.
Flotaren eraldaketa Bideberdearen parte da, hots, Dbusek eta Donostiako Udalak garraio publikoa zerbitzu garbi, eraginkor eta isila bihurtzeko eta 2030ean Dbuseko flota %100 jasangarria izan dadin egindako apustuaren parte. Teknologiaren aldetik aurreratuagoa eta ingurumena errespetatzen duen flota baterantz egindako lan horren ondorioz, gaur egun Dbusek 56 autobus %100 elektriko eta 55 autobus hibrido ditu zerbitzuan.
Nazioarteko jardunaldietan parte hartuz, Dbusek garraio operadoreekin, fabrikatzaileekin, ingeniaritzekin eta sektoreko profesionalekin ezagutzak eta esperientziak partekatu ditzake, azken joera teknologiko eta operatiboak bertatik bertara ezagutzeaz gain. Era berean, Donostiak elektromugikortasuneko erreferente gisa Europan duen posizioa indartzen du, 2014an Europako fabrikazioko autobus elektriko bat zerbitzuan jarri duen Europako lehen hiria baita, eta hiri garraio publikoaren deskarbonizazio osorako bidean irmo aurrera egiten ari baita.

