DTK-k bere kudeaketa eredua aurkeztu du mugikortasun jasangarriari buruzko jardunaldi batean, “MoVer Ciudades” proiektuaren barruan
Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) bere kudeaketa eta efizientzia eredua eta Donostiako hiri garraioan ezarritako soluziorik berritzaileenak partekatu ditu gaur, Ekuadorko Hirietan Mugikortasun Berderako Proiektuaren (MoVer Ciudades) bisita teknikoan zehar, Donostian mugikortasun jasangarriari buruz antolatutako jardunaldian. Ekuadorko tarteko hirietan emisio gutxiko hiri mugikortasun jasangarriaren inplementazioa indartu nahi duen proiektu bat da, ingurumena babesten eta herritarren bizi […]
Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) bere kudeaketa eta efizientzia eredua eta Donostiako hiri garraioan ezarritako soluziorik berritzaileenak partekatu ditu gaur, Ekuadorko Hirietan Mugikortasun Berderako Proiektuaren (MoVer Ciudades) bisita teknikoan zehar, Donostian mugikortasun jasangarriari buruz antolatutako jardunaldian.
Ekuadorko tarteko hirietan emisio gutxiko hiri mugikortasun jasangarriaren inplementazioa indartu nahi duen proiektu bat da, ingurumena babesten eta herritarren bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Ekuador pertsona bakoitzeko berotegi efektuko gasen emisio gehien sortzen dituen herrialdeetako bat bihurtu da eskualdean, eta garraio sektorea da emisio horien %50 ingururen erantzulea.
MoVer Ciudades proiektua Global Gateway eta Europar Batasunak eta Alemaniako Lankidetza Ekonomiko eta Garapenerako Ministerio Federalak (BMZ) finantzatzen duten Europa Taldea: Itun Berde bat Ekuadorrentzat ekimenen parte da.
Jardunaldian, non mugikortasunean espezializatutako Ekuadorko zenbait teknikarik parte hartu baitute, DTK-ko zuzendari gerente Igor Gonzalezek Konpainiaren elementu bereizgarriak aurkeztu ditu, hau da, Konpainia sektoreko enpresa erreferente bihurtzen duten elementuak, eta, erabilera indize altua ez ezik, erabiltzaileen aldetik oso balorazioa ona edukitzea ahalbidetzen diotenak. Azken urteetan, antzinatasun handieneko garraio enpresa bat izatetik hiri mugikortasuna kudeatzen duen enpresa bihurtzera iritsi da, Dbusen bidez autobuseko garraio publikoko zerbitzua eta Dbizi bidez bizikleta publikoa alokatzeko sistema eskainita.
Ordezkaritzak enpresaren eguneroko funtzionamendua eta departamentuen antolamendua ezagutu ahal izan ditu. Besteak beste, planifikazioko sistema adituak ikusi ahal izan dituzte. Horiei esker, eraginkortasunez kudeatu daitezke autobusak zein gidarien ordutegiak antolatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak. Horrela, zerbitzua optimizatu egiten da, erabiltzaileei ordutegi zabalagoak eta maiztasun hobea eskainiz eta, aldi berean, flotako autobusak eta gidariei esleitutako ordutegi ezberdinak koordinatuz.
Aurkeztutako gaien artean, nabarmentzekoak dira tarifa sistema integrala eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, hurrenez hurren, erabiltzen diren MUGI, BAT eta BARIK garraio txartelen interoperabilitatea; izan ere, horri esker, Dbuseko ordainketa sistemak erosoak eta praktikoak dira erabiltzaileentzat. Horri lotuta, azken urteetan berrikuntza teknologiko ugari inplementatu dira, baliabideak optimizatzeko, benetako premietara egokitutako garraio sare bat diseinatzeko eta garraio publikora iristea errazteko, ordainketa sistemetan trabak ezabatuz. Dbusek munduko ticketing onena duen garraio publikoko operadorearen saria jaso du aurten, Londresen urtero banatzen diren Transport Ticketing Awards sarien banaketan.
Era berean, BRT sistema (Bus Rapid Transit) da aurkezpenean aztertutako beste puntu bat. Sistema hori linearik erabilienetako bitan dauka Dbusek (5 eta 28 lineak). Kalitate handiko autobus sistema bat da, zirkulazio azkar, eroso eta eraginkorrean oinarritua. Linea horiek, gainera, AENOR UNE-EN 13816 ziurtagiria daukate, zeinak lineen zerbitzuaren kalitatea aitortzen baitu. Zerbitzua beste inplementazio teknologikoekin indartu da, hala nola itsuendako audio sistemarekin edo zerbitzua denbora errealean geltokietan dagoen erabiltzaile kopurura egokitzen uzten duen sistemarekin.
Ildo horretan, garraio jasangarria bultzatzea da Dbusen lehentasunetako bat, elektromugikortasunean enpresa aitzindaria baita, 2014an Europan fabrikatutako lehen autobus %100 elektrikoa jarri zuena zerbitzuan. Gaur egun, Konpainia elektrifikazio proiektu integralean murgilduta dago, flotaren deskarbonizazioa ahalbidetzeko, 2030ean 0 emisioko flota izan dadin.
Proiektuaren barruan sartzen dira hornidura elektrikoaren egokitzapena, karga azpiegitura berrien hedapena, autobus elektriko berrien sarrera eta Dbuseko trafikoaren mantentze eta gestio arloen berrantolaketa, horrela, trantsizio eraginkorra eta jasangarria bermatzeko. Horrenbestez, Dbusen eta Udalaren apustua Bideberdea da, garraio publikoa zerbitzu garbi eta isil bihurtuko duena. Horrez gain, ordezkaritzak BEA (Bus Elektriko Adimenduna) proiektua ere ezagutu du, 17-Gros-Amara-Miramon linean ezarriko den gaitasun handiko sistema, zirkulazio azkarreko autobus %100 elektriko eta adimendunen bidez.
Halaber, aurkezpenean, Igor Gonzalezek Dbizi bizikleta publikoaren sistemaren funtzionamendua ere azaldu du. DTK arduratzen da sistema kudeatzeaz, Donostiako Udalak aginduta, sistemaren funtzionamendua hobetzeko eta bizikletaren erabilera sustatzeko, garraio publikoko beste modu batzuen osagarri gisa. Dbizi sistema berritua 2020ko abenduan jarri zen martxan, eta erreferentziazko sistema bihurtu da beste hiri batzuetarako. 2024an zerbitzuaren erabilera sendotu egin da, 1.294.358 bidaia egin baititu; aurreko urtean, berriz, 945.642 bidaia egin ziren.
Bukatzeko, Igor Gonzalezek enpresak gizartearen balioekin duen konpromisoa soziala azpimarratu du, zenbait elkarterekin dituen harremanetan eta kausa sozialen alde egindako lanean eratua. DTK-k garrantzi berezia ematen dio, halaber, leialtasuna eta sinesgarritasuna sortzeari, tokiko komunikabideekin eta herritarrekin harremana zuzena edukiz, eta enpatia sustatzeko eta gidariaren irudia indartzeko kanpainen bitartez.