S28 TRAFIKO SEINALE IKUSEZINA ETA TAKTIKA
Itxura guztien arabera inor gutxik daki Igeldon Eliz-ondo etxe paretik errepide nagusiko bidegurutzera iritsi arte oinezkoak lasai asko ibili daitezkeela errepidetik, baita jolasean aritu edota kirola egin ere. Gehieneko abiadura mugatuta dago: 20 kilometro orduko, eta abiadura muga hau 10 kilometro ordukora ere jaitsi daiteke.
S28 trafiko seinalean oinezko bat, kotxe bat, haur bat baloiarekin jolasean eta etxebizitza ikus daitezke. Seinaleak adierazten digu etxeak dauden ingurune batera sartzera goazela, oinezkoek lehentasuna dutela, haurrak jolasean ibili daitezkeela, hori bai kotxeei alferrikako trabarik egin gabe, eta kotxeek oso poliki joan behar dutela. Trafiko seinale hori pandemia eta gero jarri zen arren, seinalea baino apaingarria dirudi, kasu zipitzik ez diogu egiten eta. Beraz, seinale horri ikusgarritasun handiagoa eman beharko litzaioke hasteko eta errepidea margotu.
Igeldoko Tokiko Entitate Txikia proiektu bat lantzen aritu da plaza eta ingurua oinezkoentzat seguru eta irisgarriak izan daitezen. Herria igarotzen duen kalean oinezkoek lehentasuna izan dezaten HIRIGINTZA TAKTIKOA egitea proposatu dute hiri-altzariak, jardinerak eta bestelako elementuak jarriz, besteak beste. Badenak ipintzea ere aurreikusi da, ikastetxearen irteeran esaterako, eta kotxeentzako aparkalekuak murriztea ere bai. Neurri horiek baztertu gabe, herrira sartu aurretik abiaduraren araberako semaforoa jartzea izan daiteke beste neurrietako bat: hau da, 20 kilometro orduko abiadura baino handiagoan doan kotxeari semaforo gorria piztea. Antzekoa egin daiteke Pilotegitik datozenekin.
Bestalde, HEZIKETA TAKTIKA gehitzea proposatzen dut. Horretarako Igeldoko haurrak erdigunera ekarri eta ariketa praktikoa egitea da ideia Igeldoko herri ikastetxeko komunitatea eredu bihurtuz eta bertako ikasleak, gurasoak, irakasleak eta langileak inplikatuz: Igeldoko kale nagusia ez erabiltzea, haurrak eskolara ekartzean plaza azpiko aparkalekuan uztea eta kotxeak aparkaleku horretan aparkatzea. Horrekin batera, herritarrak informatu eta sentsibilizatu, batez ere herrian eta babes ofizialeko etxeetan bizi direnak, eta herriko talde eta eragileekin konpromisoak adostea eragingarria izan daiteke: Itsas-Aurre kultur etxeko erabiltzaileekin esaterako.
Neurri horiekin bakarrik, ziur naiz errepideko eguneroko joan-etorriak asko murriztuko direla, zirkulazioa lasaituko dela eta plaza ingurua erakargarriagoa izango dela.
Alex Aisa Alberdi