Bidea egiteko erregaia
Artikulua hau Klitto!k Irutxuloko Hitzan hilero egiten duen kolaboraziorako idatzi da. Jatorrizko testua hemen irakurri dezakezue. Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan izan ziren dozenaka kide donostiar joan den asteburuan, Durangon. Hiru egunetan jasotako ezagutza eta bildutako indarra egunerokoan txertatzeko erronka dute orain. Orain dela astebete Durangora (Bizkaia) bidean ziren Donostiako hainbat kide feminista, Euskal Herriko […]
Artikulua hau Klitto!k Irutxuloko Hitzan hilero egiten duen kolaboraziorako idatzi da. Jatorrizko testua hemen irakurri dezakezue.
Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan izan ziren dozenaka kide donostiar joan den asteburuan, Durangon. Hiru egunetan jasotako ezagutza eta bildutako indarra egunerokoan txertatzeko erronka dute orain.
Orain dela astebete Durangora (Bizkaia) bidean ziren Donostiako hainbat kide feminista, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetara joateko. Hamaika urteren ondoren, berriz bildu ziren joan den astebukaeran 3.000 lagun, Euskal Herriko mugimendu feministaren diagnostikoa egin, eta datozen erronkei nola heldu eztabaidatzeko. Tartean, Maider Iturbe, Ane Fernandez eta Irati Urkiola hiritarrak izan ziren.
Iturbe, esaterako, Donostiako kolektibo feministek antolatutako autobusean joan zen Durangora: “Egiako, Intxaurrondoko, Groseko… asanblada feministetako kideak, Bilgune Feministakook eta beste hainbat norbanako batu ginen autobusean. Hainbeste lagun biltzea pozgarria izan zen”. Nekatuta, baina, batez ere “pozik” itzuli da etxera, “mezu eta ponentzia indartsuak” entzun dituelako, eta “diskurtso erradikala” gailendu delako.
Oraindik asteburuan zehar jasotako informazio guztia “lixeritu” ezinda dagoela aitortu du Fernandezek ere: “Lasai eta patxadaz pentsatzeko aukerarik ez dugu izan”. Edonola ere, jardunaldiak baliatu ditu inguruko emakume eta kide feministekin ideiak partekatzeko: “Groseko asanbladako kideak joan gara jardunaldietara, baina horretaz gain, lagunekin ere izan naiz, baita lankideekin ere. Aberasgarria izan da hainbeste andrerekin iritzia partekatzea”.
“Plan kolektibo bat eta irla txiki more bat” izan zen joan den asteburukoa Urkiolarentzat. Lagun batekin joan zen, baina Durangon elkartu zen beste hainbat kiderekin ere. Mahai inguru nagusietan entzule gisa egoteaz gain, zenbait tailerretan ere izan zen, besteak beste, Kultura eta feminismoa saioan. Bertan bildu ziren irakasle eta hezitzaileak, kultur kudeatzaileak, sortzaileak eta kazetariak. Urkiola irakasleen taldean aritu zen: “Kapitalismo heteropatriarkalak hezkuntza ere zeharkatzen du. Hori nola landu pentsatzen aritu ginen: eduki feminista sortu, botere harremanak landu…”.
Beste hainbat tailer eta hitzalditan ere izan ziren Fernandez eta Iturbe. Azken, horrek, ordea, ohartarazi du joera nabaritu duela feminismoa “kontsumogai” gisa soilik jasotzen delakoa: “Tailerrak bete arren, mobilizazioak eta asanbladak jendez hutsago egon dira. Pentsatu behar dugu ea zergatik ez dugun parte-hartzaile aktibo izan nahi. Espero dut gai hau jardunaldietatik harago ere presente egotea”.
Pribilegioek, azkura
Izan ere, gune seguru eta erosoa izateaz gain, jardunaldiek norberarengan “deserosotasuna” sortzea ere ontzat jo dute hiruek. Fernandezek, Iturbek eta Urkiolak hizketagai izan dituzte mahai inguru nagusiak —dekolonialitatearena, gorputz eta sexualitate disidenteena, bizitzak erdigunean jartzearena…—, eta, aitortu dute hizlariak entzuteak norberak dituen pribilegioen inguruko gogoeta sorrarazi diela. “Interesgarria izan da ikustea, besteak beste, ertzetan kokatzen diren edo garen kideok nola interpelatu ditugun feminista heterosexualak, eta nola sentitu garen interpelatuta feminista zuriak”. Izan ere, Dekolonialitatea mahai inguru nagusiko hizlariek Euskal Herriko emakume zurien pribilegioen eta haiek bizi duten zapalkuntzen inguruko ohartarazpena egin zuten.
“Hori guztia jaso eta hausnartu behar dugu. Argi gelditu dena da arrakalak ditugula geure artean, eta elkarren errealitateak ezagutzen eta aliantzan sortzen jarraitu behar dugula”, azaldu du Fernandezek. Iturberen ustez, eztabaida hori piztu da, hain justu, gero eta espazio gehiago elkarbanatzen dituztelako feministek, eta halabeharrez, zapalkuntzen inguruan eta norberak duen posizio diferenteen inguruko gogoeta egin behar dela nabarmendu du: “Eskertuta nago ohar hori egin ziguten kideekin. Orain espazio horiek sortzea eta sostengatzea dagokigu”. “Asko ikasi genuen, baita deseroso sentiarazi ere”, azpimarratu du Urkiolak; “Horrek tresnak emango dizkigu prozesu feministetan segitzeko”.
Aurrera begirakoak
“Hiru egunez irla batean” egon ostean, joan den igandean itzuli ziren Donostiara Fernandez, Iturbe, Urkiola eta Durangora joandako gainerako kide feministak, eta nekatuta egon arren, bidean segitzeko “txutea” eta indarra bildu dutela diote. Groseko asanblada feministakoak, esaterako, asteon dira biltzekoak, jardunaldietatik jasotako ikaspenak egunerokoan martxan nola jarri erabakitzeko. Iturbek, berriz, uste du jardunaldiak baliagarriak izan direla “makro” mailan eztabaidatzen den hori Donostian ere eztabaidatzen dela ikusteko, eta, alderantziz, Durangon jasotakoa Donostian nola landu hausnartu beharko dutela dio.
Finean, Durangon bizitakoa errealitatera txertatzea izango da erronka: “Eguneroko praktiketan eragin eta kontraesanen inguruan hausnartu beharko dugu”, dio Urkiolak. Halere “pertsonala politikoa” denaren premisarekin, saretuta, bidean segitzeko erregaia jasota eta eskertuta dira hiru donostiarrak. Eskertuta eta prest, prozesu feministan aurrera segitzeko.