PILOTA FANDOM: Deialdi irekia pilotaren inguruan arte digitala sortzeko
Asmoz Fundazioa Jaime de los Ríos artistarekin batera, proiektu batean ari da lanean, zeinak pilota eta arte digitala fusionatu nahi dituen, NFT piezak sortzearren. Hori dela-eta, ilustratzaile bat topatzeko deialdia ireki dute urriak 23ra arte.
Jaime de los Ríos (Arteklab) artistarekin batera, Asmoz Fundazioak deialdia ireki du ilustratzaile bat topatzeko. Izan ere, proiektu batean ari dira lanean, zeinak pilota eta arte digitala fusionatu nahi dituen, NFT piezak sortzearren.
Kirol horren transmisioa ez moztea da asmoa, eta horregatik, arte digitalaren kanalaz baliatu nahi da, haren erakargarritasunaz aprobetxatuta gazteengana iristeko. Era berean, 18-30 urte bitartekoen artean, arte digitalarekiko interesa piztea bada xedeetako bat.
Ekimenaren gakoa da NFT pieza horiek pilotaren baloreak izan beharko dituztela ardatz, hau da, haien ingurukoak izango direla. Nola ez, irudikatzeko pilotariak ere garrantzitsuak izango dira; bai emakumezkoak, bai gizonezkoak. Horregatik, proiektua sektoreko agenteekin egingo da elkarlanean, batetik, baloreak identifikatzeko, eta bestetik, pilotariengana jotzeko eta hurbiltze horretatik, ilustratzaileari lantzeko materiala emateko.
Proiektu honek aurrekaria, izan, badu: EUSKO TOKEN (euskotoken.asmoz.org). Bertan, gazteei arterako bidea ireki nahi zelarik, bertsolaritza Blockchainera moldatu nahi izan zen diziplina horretaz natibo digitalek ere gozatu zezaten. Ildo berari jarraituta, kasu honetan, pilota hartu da lanketarako gai, berriro ere gazteen artean arterako bidea irekitzeko asmoz.
Arestian esan bezala, parte hartzeko deialdia ireki da. Interesatuek urriak 23ra arte izango dute izena emateko, asmoz@asmoz.org helbidera portfolioa bidalita. Kontuan hartzekoa da aukeratuak Jaime de los Ríosekin batera egin beharko dituela ilustrazioak, baita ondoren, eurak NFT plataformara igoko direla 18-30 urte bitartekoen artean eskaintzeko. Hori bai, egindako lanagatik, artistak 500 euroko ordainsaria jasoko du.
Deialdiaren gainontzeko oinarriak honako hauek dira:
· Gutxienekoa: Arabakoa, Bizkaikoa edota Gipuzkoakoa izatea.
· Formatua: Portfolioak .PDF formatuan egon beharko du.
· Epaimahaikideak: Jaime de los Ríos, Koldo García eta Lierni Apaolaza.
· Ebaluatzeko irizpideak: Kreatibitatea, originalitatea eta estilo pertsonala.
Irabazlea azaroaren 2an jakinaraziko da Asmoz Fundazioaren sare sozialetan.
Anima zaitez parte hartzera!