Kultur jarduerez beteriko Zipotz jaiak
Lehengo urtean antolatu genituen ekintza gutxiek arrakasta handia eduki zuten, besteak beste: pala eta pilota txapelketak, jai herrikoien aldeko kalejirak eta auzoko tabernetan egindako pintxo lehiaketak. COVID neurriak ongi bete zitezkeela ikusi genuen, baita auzotarrek oso pozik hartu zituztela ekintza hauek ere. Bereziki kalejiran ikusi genuen hori, bizilagun asko geratu baitzen begira, segurtasun neurriak errespetatuz; inor ez zen hurbildu erraldoi edo buruhandiengana, baina zeinen pozik begiratzen zuten kalejira, eta zeinen gustura entzun zituzten berriro ere trikiti eta alboka soinuak kaleetan zehar.
Lehengo urteko esperientzia hori ikusita, aurten ere, gutxieneko ekintza horiek egin behar genituela pentsatu genuen. Egoera lasaiagoa bazen, zerbait gehiago ere egingo genuela adostu genuen, baina gutxien-gutxienez, lehengo urteko ekintza xume horiek burutuko genituela hitzartu geneun. Egia da, etorriko dena zer izango den ongi jakin gabe zaila dela zerbait antolatzea, baina horixe da egoera, beraz, egokitzea beste aukerarik ez dugu!
Esan bezala, alde batetik, lehengo urteko gutxieneko ekintza horiek egingo genituela argi genuen, eta beraz horiek antolatzen aritu gara. Bestalde, lehengo urtean, Donostiko Udalak ekintza kultural ugari antolatu zituenez, bagenekien ziurrenik horretarako aukera ere edukiko genuela. Are gehiago, gainerako jai batzordeekin batera udal ordezkariekin harremanetan egon gara, kultura herritarrok ere egin eta antolatu dezakegula sinesten baitugu, baita COVID neurriak beteta ere.
Hori dela eta, zein ekintza kultural antola ditzakegun pentsatzen aritu gara, zein neurri bete beharko ditugun, horiek nola antolatuko ditugun, eta abar. Horretarako hiru bilera egin ditugu Groseko auzo elkartean, auzokideak etor zitezen, eta zer egiteko gogoa zuten parteka zezaten. Hortik jasotako ideiekin adostu dugu aurten egingo duguna, adibidez: jai herrikoien aldeko kalejira, abesbatzen emanaldia, bertso saioa, marmitako lehiaketa edo artisau azoka.