Zure lehenengo Behobiarako aholkuak
Honaino nahikoa entrenatuta iritsi zarela pentsatu nahi dut. Beraz, badakizu zer egiteko gai zaren, eta hau izango da emango dizudan lehenengo aholkua. Behobia-Donostia lasterketa giro gehien duen lasterketa izanik, gure gaitasunaren gainetiko erritmoan hasiera ematea oso ohikoa da. Jendeak hegan eramaten zaitu. Kontuz! Larriki ordaindu dezakezu-eta hasierako gehiegizko esfortzua.
Lasterketarako estrategia bat disenatu eta honi jarraituz ekin. Gaintxurizketa gainera iritsi arte kontserbadorea izan zaitez. Hortik aurrera eta sentsazioak onak badira apurtxo bat gehiago estutu zenezake. Baina beti burua hotz izanda.
Eguna iritsi baino lehen gauza pare bat ere kontuan edukitzea interesgarri deritzot.
Azkeneko aste horretan ondo elikatu eta nahikoa hidrata zaitez. Entrenamenduetako abiadurak eta distantziak murriztu, atseden hartuta irits zaitezen. Orain arte egin ez duzuna, ez duzu azkeneko momentuan egingo.
Niri lasterketen bezperan 10 minutuko rodaje suabe bat, 5-10 progresio txiki, beste 10 minutu suabe eta luzaketatxo batzuk egitea gustatzen zait. Baina hau oso pertsonala da.
Garrantzia berezia emango nioke bezperako afariari. Barazkiz eta hidratoz osatutako afaria izan liteke egokia, beti burua galdu gabe eta astakeriarik egin gabe.
Oheratu baino lehen biharko arropa guztia prest edukitzea gomendatuko nizuke, egunean bertan urduritasunak direla medio ez dezazun sorpresarik izan. Txipa zapatilan lotuta, dortsala elastikoan zintzilik, motxila eta edaria prest… Den-dena bezperan egon dadila.
Garaiz ohera eta ondo deskantsatzera.
Iritsi da eguna!
Ez egin esperimenturik! Ez probatu material berririk. Entrenamenduetan zure gorputza gelak edo horrelakorik hartzera ohitu ez baduzu, ez ezazu lasterketa egunean probatu. Elikadura, hidratazioa eta arropa entrenatzeko erabiltzen duzun bera erabil ezazu.
Goiz esnatu eta ondo gosaldu, gutxienez beroketa hasi baino 2 ordu lehenago gosaldu beharko zenuke. Niri gosaldu ostean paseo txiki bat ematea gustatzen zait. Tripak mugiarazteko eta egin beharrekoak behobiara joan baino lehen nire etxean lasai egiteko aukera izateko. Kontuan izan Behobia jendez lepo egongo dela.
Aldez aurretik ibilbidea, perfila eta eguraldia zein den jakin beharko zenuke. Eta hirugarren honekin beti botatzeko euritako pontxo eta jertse zahar bat eramatea gomendatzen dut. Irteeran zain gaudenean ez hozteko. Baina lasterketa hasi baino segundo batzuk lehenago botatzeko nahikoa zaharra dena. Ez ezazu bidetik behar dena baino arropa gehiago eraman.
Lasterketa guztietan bezala beroketa egoki bat egitea ondo legoke, baina hemen ere ez ezazu ezer desberdinik asmatu. Frogak entrenamenduetan egin behar baitira.
Azkenik eta zure lehenengo Behobia izango den honetako aspekturik hoberenez gozatzeko aholkua eman nahiko nizuke: IKUSLEAK.
Behobiak duen gauzarik bereziena izanik disfrutatu ezazu giroaz, jendearen animoak bereziak dira Behobiatik Donostiara igaroko dituzun kilometro guzti horietan. Honetaz gozatu ahal izateko ez zaitez denborarekin itsutu eta disfrutatu. Markak egiteko bizitza osoa baituzu.
Aste honetan bertan, Behobian dagoen gauzarik handiena haurrei bostekoa ematea dela lagun batek esan dit. Proba ezazu. Ez itsutu eta gozatu ikusleez.
Azkenik, eta ez horregatik garrantzia gutxiago duen zerbait aipatu nahiko nizuke. Bukatzean elikadura zaindu. Guztiok egin dugu, gure helburura arte zaindu, eta hau bukatzean bazkari erraldoia lau tragoz lagunduta. Kontuz! Errekuperazioak berebiziko garrantzia baitu. Bukatzean ere ondo hidratatu eta ondo jan. Deskantsatu eta astelehenean trote txiki bat egin.
Egun berezi baten atarian zaude. Goza ezazu!