Nortasuna Sarean jardunaldiaren bigarren ekitaldia egingo du TaPuntu kooperatibak. Komertzio elektronikoari buruz hitz egingo dute lau hizlarik; tartean, Zubietako Arrate Imazek.
Arrate eta Eneritz Imaz –Loratu.com– eta Arkaitz Sukuntza –TaPuntu kooperatiba–. (Argazkia: Lide Ferreira)
TaPuntu kooperatibak lan egiten du enpresen nortasuna sareratzen. Abentura horren barruan, euren helburu nagusia da enpresa horien edo proiektu zehatzen bidelagun izatea. Iaz, lehen aldiz, Nortasuna Sarean irabazi asmorik gabeko jardunaldia egin zuten. Bertan, sei hizlarik eskaini zituzten negozioek sarean arrakasta lortzeko gakoak. Bada, aurten, bigarren ekitaldi bat antolatu dute.
Sarea saltoki lelopean, komertzio elektronikoa izango dute hizpide. Ostegunean, hilaren 26an, egingo dute jardunaldia, 18:30tik 20:30ra, Koldo Mitxelenako areto nagusian.
«Kooperatiba bat sortu genuen ohiko enpresen sisteman ez dugulako sinesten; elkarlanean eta sareak sortzen diren lanen aldekoak gara», azaldu du TaPuntuko kide eta Nortasuna Sarean jardunaldiaren arduradun Arkaitz Sukuntzak.
Bide hori jarraiki, jardunaldi bat antolatzea erabaki zuten iaz, interesa zutenek «sarean nola egon» jakiteko: «Interneten egon behar dela argi du jendeak, baina ez daki nola; gaiari buruzko ezjakintasun handia dago».
Lehenengo ekitaldia Hernanin egin zuten, eta harrera ona izan zuen. Aurten, ordea, Donostiara hurbiltzea erabaki dute, badakitelako hemen komertzio eta behar gehiago daudela. «Pasa den urtean, jardunaldia amaitu zenean, galdeketa bat egin genien parte hartu zutenei, jakin nahi genuelako zein gai interesatzen zitzaien. Sarea saltzearena aipatu zuten askok, eta horregatik aurtengoaren gai nagusia izango da komertzio elektronikoa».
Jardunaldian lau hizlarik hartuko dute parte: Iraitz Madariaga (Komunikazio aholkularia), Jon Turrillas (Biantik), Arrate Imaz (Loratu.com webguneko arduraduna) eta Leire Egiarte (Eguzkilore dendako marketin arduraduna). Lehenengo biek sarean saltzeari eta alderdi juridikoei buruz hitz egingo dute. Ondoren, Imazek eta Egiartek euren esperientziak ezagutzera emango dituzte.
Imaz Zubietako neska gazte bat da. Orain arte, bere baserriko barazkiak bildu eta merkatuan saltzen zituen, familiarekin. Azken hilabeteotan, ordea, sarera salto egin du, Loratu.com webgunea sortu eta gero. «Aitak proposatu zidan merkatuan saltzen genituen produktuak Interneten ere salmentan jartzea. Sarean egon behar ginela. Ezer jakin gabe hasi nintzen; merkatuko produktu guztiak sarean nola erakutsi genitzakeen aztertzen aritu nintzen. Zaila egin zitzaidan; merkatuan dena kontrolatzen nuen, baina webgunean ez. Kostatu zitzaidan ulertzea», gogoratu du Imazek.
24 ordu zabalik
Webgunea kanpo enpresa batek sortu zuen, jakin behar zuena erakutsi zion Imazi eta dagoeneko berak bere kabuz mugitzen du dena. Lehen lan egiteko moduarekin desberdintasun nagusi bat azpimarratu du Imazek: «Oraindik ere merkatu tradizionalean ari gara lanean: anaiaren baratzeko produktuak hartu, prestatu eta eguerdirako amaitu. Baina webgunearekin salmenta ez da hor amaitzen, 24 ordu dago zabalik».
Bezeroen eskaerekin mezu bat jasotzen du Imazek eta produktuaren arabera anaiari eskatu edo aitak merkatuan dituenetakoa hartzen du. Eguerdirako prestatu eta furgonetan egiten du eskaeren ibilbidea. Beraz, egun bateko epean eramaten ditu etxeetara.
Hori Donostialdeko bezeroei dagokienez. Hortik kanpo, bidaltze enpresa batekin egiten dute lan. «Eguerdirako prestatu eta hurrengo goizean ateratzen da bulegotik. Oraingoiz, astean behin, gutxienez, egiten ditugu halako bidalketak», azaldu du Imazek.
Sareko dendaz gain, webgune barruan blog bat eratu dute: «Donostiako emakume batek elikadurari buruzko artikuluak idazten ditu, eta jendeak interesa agertzen du. Modu horretan ere, erakarri ditzakegu bezeroak».
Hilabete pare bat daramatzate abentura berri honetan buru-belarri, baina etorkizunerako finkatu ditu helburu batzuk Imazek: «Lehenik eta behin, egonkortu. Eta, ondoren, bilatu nahi dugu moduren bat hemendik kanpo egiten ditugun bidalketa horien kostua murrizteko. Adibidez, yoga zentro batera bidali hamar lagunen eskariak».
Loratu.com-en esperientzia bezala, beste batzuk ere egongo dira osteguneko jardunaldian, eta edonork hartu dezake parte. «E-commerce bat ireki nahi duenarentzako oinarri bat izan daiteke. Baina. azken finean, interesa duen orori dago irekia; beraz, nahi dugu jendea animatzea, ikastea, eta, gainera, euskaraz!», nabarmendu du Sukuntzak. Izan ere, jardunaldia euskara hutsean apustua egin dute: «Iaz elebiduna egin genuen, normalean gure bezero askok gazteleraz hitz egiten dutelako; baina galdeketan askok euskaraz nahiago zutela esan ziguten. Hemendik aurrera erabaki dugu euskara hutsean egitea».
Datorren urteari begira jada badute gai bat buruan: «Posizionamendua jende askori interesatzen zaio; enpresek jakin nahi dute Google-n lehena izateko zer egin behar duten. Hortaz, hirugarren ekitaldiak posizionamendua izango duela hizpide uste dugu».
Jardunaldia
NORTASUNA SAREAN
Zer.
Sarea saltoki lelopean, komertzio elektronikoari buruzko jardunaldia egingo dute.
Noiz. Urtarrilaren 26an, osteguna, 18:30tik 20:00ra.
Non. Koldo Mitxelena Kulturunea.
Hizlariak. Iraitz Madariaga (Komunikazio aholkularia), Jon Turrillas (Biantik), Arrate Imaz (Loratu.com webguneko arduraduna) eta Leire Egiarte (Eguzkilore dendako marketin arduraduna).
Izen ematea.
www.nortasunasarean.eus