Juan Karlos Izagirre alkate berriak Odon Elorzarengandik jaso du aginte makila. (Argazkia: Mikel Goñi).
Juan Karlos Izagirre, Bilduko hautagaia, alkate aukeratu dute bere taldeko zortzi botoekin. Aldez aurretik esandakoaren kontra, Odon Elorzak berak eman dio aginte makila. EAJk Eneko Goiaren alde boto emateak ahalbidetu du Izagirre Udalaren buru izatea datozen lau urteetan.
Bilduko Juan Karlos Izagirre alkate izendatu dute bere taldeko zortzi botoekin, maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan hautagairik bozkatuena izan zelako. Gaur goizean egindako plenoan Udalbatzar berria osatuko duten 27 zinegotziek beraien karguak zin egin eta gero, alkatea izendatzeko bozketa egin dute. Bertan Izagirre aukeratu dute Udalaren buru izateko, beste bi hautagaietako inork ez duelako gehiengo absoluturik lortu; honenbestez, duela hiru asteko hauteskundeetako hautagairik bozkatuena izango da Donostiako alkatea datozen lau urteetan.
Izagirrek Altza, Igeldo eta Zubieta herriei zein gainontzeko auzoei eskerrak eman dizkie izendapenaren ondoren.
Alkate bezala egin duen lehen hitzaldian, Izagirrek “bortxa adierazpen oro, behin betikoz eta baldintzarik gabe, desager dadin” eskatu du. Oposizioan dauden zinegotziei ere mintzatu zaie, “ordezkatzen dituzuen botoek hiriaren gobernuan toki bat izango dutela” jakinarazteko. Era berean, “indarrak batzearen balioa” goraipatu du igeldotarrak, eta horren adibide Bildu bera jarri du.
Bestalde, PSE-EE-ko alkategaia zen Ernesto Gascok hiriarentzat “gobernu ahula” izatea ez dela desiragarria adierazi du, Bilduri ETAren disolbatzea eskatzeko galdegin eta gero. Hitz gogorrak izan ditu ere EAJ-rentzat Odon Elorzaren baztertzea alderdi jeltzaleari egotzita.
“Orain bai, Donostia sozialista”
Gaur goizeko ekitaldian, publikoarentzako aulkietan, hainbat aurpegi ezagun ikusi ahal izan dira. Besteren artean, Martin Garitano Bilduko ahaldun nagusia izateko hautagaia edota Ramon Labaien zein Xabier Albistur Donostiako alkate ohiak ziren bertan. Azkeneko bi hauek ez dute Izagirre zoriontzeko aukerarik galdu, eta ibilbide berrirako zorte ona opa diote.
Udaletxeko pleno aretoan alkate berria izendatzen ari ziren bitartean, Ijentea kalean jende multzo handia bildu da. Independentziaren aldeko oihuen artean barruko gorabeherak jarraitu dituzte. Izendatze ekitaldiaren ondoren Juan Karlos Izagirre alkatea kalean zeudenekin bat egin du, eta, arestian egin bezala, herritar guztiei eskerrak eman dizkie. Kalean itxaron dutenen artean ere, hiriko pertsona ezagunak zeuden. Horien artean, Joseba Permach zinegotzi ohia edota Agustin Rodriguez aurreko legegintzaldiko hautetsi independentista. Udaletxearen atariraino gerturatutakoek hainbat pankarta eta kartel erakutsi dituzte, horien artean “Orain bai, Donostia sozialista” zioten idazkiak izan dira ikusgai.