Aitziber Alonso: "Helduak ez gaude irudiak dituzten liburuak erostera ohituak"
Aitziber Alonso eta Aritz Branton: ‘Elur-antzara’ liburuko egileetako bi
Elkarlana, bakardadea, amodioa eta gerra lantzen ditu ‘The Snow Goose’ nobelak, besteak beste; liburuaren euskarazko bertsioa osatu berri du Hamaika Books argitaletxeak, eta gaur bertan aurkeztuko du San Telmo Museoan, 19:30ean.
«Laburbilduz esango nuke oso liburu hunkigarria eta sakona dela; narrazio oso fina du, eta ilustrazioekin eta ahotsarekin osatu dugu», azaldu du Elur-antzara nobelaz Aritz Brantonek (Malmesburt, Ingalaterra, 1964). Branton liburuaren editorea da, eta irudiak, berriz, Aitziber Alonsok (Intxaurrondo, 1971) egin ditu. Irutxuloko Hitza biekin elkartu da sorkuntzaren berri zehatzagoa izateko.
Hasteko, zergatik eta noiz sortu zen 11 Itzulpen?
Aritz Branton (A.B.): 11 Itzulpen, itzulpengintza enpresa bat da, eta Igaran du egoitza. Duela urtebete inguru liburuak argitaratzea erabaki genuen, Hamaika Books sortuz. Elur-antzara da argitaratzeko hautatu dugun lehen liburua. Itzulpen lan bat da, jatorrizko lana ingelesezkoa baita. Aurrerantzean ere liburu gehiago argitaratu nahi ditugu, batzuk itzulpenak, eta besteak, euskaraz sortutakoak.
Zergatik erabaki duzue Elur-antzara izatea lehen liburua?
A.B.: Niretzat esanahi berezia dauka, nire aitonaren liburu kuttuna zelako. Liburuaren istorioa sakona eta hunkigarria da. Kokapena oso zehatza da, Ingalaterrako kostaldea, eta garaia ere bai, Bigarren Mundu Gerra inguruan. Balioak eta mezua unibertsalak dira, horregatik aukeratu dugu. Gaur egun ere liburuak interesa du, eta oso egokia da. Horretaz gain, euskaraz argitaratzeko arrazoietako bat liburuak elkarlana lantzen duela da; eta elkarlana oso garrantzitsua dela iruditzen zait, bereziki Euskal Herrian.
Zeintzuk dira liburuko protagonistak?
A.B.: Herrixkako neska bat, gizonezko artista bat, eta elur-antzara bera. Azpimarratu nahiko nuke elur-antzarak ez duela hitz egiten; ez da Wald Disneyko pertsonaia baten modukoa.
Aitziber Alonso (A.A): Baina liburu osoaren lotura da elur-antzara. Liburu irakurterraza da, baina sakona.
Liburu hau sortzeko ere elkarlana beharrezkoa izan da. Nola banatu duzue lana?
A.B.: Itzultzailea, Ane Urrestarazu, Kaliforniakoa da; hala ere, euskaldun fin-fina da, eta itzultzaile profesionala. Gainera, gipuzkera eta nafarrera dakizki. Ilustratzailea Aitziber Alonso izan da. Bere lana intimoa da, errealista, hurbila eta hunkigarria. Aldi berean, fantasia ukitu bat izaten du, eta oso egokia iruditu zitzaidan.
Aitziber, nola iritsi zitzaizun liburua ilustratzeko aukera? eta nolako esperientzia izan da?
A.A.: Aritz jarri zen nirekin harremanetan eta proposamena egin zidan. Testua bidali zidan, eta egia esan, irakurtzen hasi nintzenean, konturatu nintzen oso liburu ederra zela, baita estetikoki ere. Nire kasuan, irakurtzean segituan irudiak etortzen zaizkit burura, eta Elur-antzararekin bapatekoak izan ziren; bai kolore eta bai paisaia aldetik, hasieratik oso erakargarria egin zitzaidan. Gainera, istorioa zoragarria da. Nire iritziz, hemen helduak ez gaude irudiak dituzten liburuak erostera ohituak, eta ikasi behar dugu horretaz ere gozatzen.
A.B.: Niretzako paisaiak oso garrantzitsuak ziren. Argazki asko ikusi genituen, halako paisaiak oso gutxi baitira Euskal Herrian. Aitziberrek oso lan ona egin du.
Aitziber, zein izan da orain arte zure ibilbidea?
A.A.: Txikitan marrazten nuenean ere, konturatu gabe ilustrazioa egiten nuen, nire marrazkiekin zerbait kontatzen bainuen. Arte Ederrak ikasi nuen, eta bukatu nuenean, konturatu nintzen ilustrazioa zela egin nahi nuena. Hasiera ez zen erraza izan, ez bainuen inor ezagutzen. Momentu batean, Itziar Zubizarreta gurutzatu zen nire bizitzan, eta poliki-poliki lanak lortu nituen. Gehienbat liburuak ilustratzen ibili naiz, posterrak eta literatura aretoak ere egin izan ditut.
Paperezko liburuaz gain, liburu elektronikoa eta audio bertsioa ere osatu dituzue.
A.B.: Aukera guztiak eman nahi genituen, opera bakarrik falta zaigu [barreak]. Begira, e-liburua zergatik ez? oso merkea da, eta behin eginda hor dago, edozeinentzako. Audio bertsioarena… literaturaren balioa ahotsetan dago, eta txikitan gure amen edo aiten ahotsak entzuten ditugu. Pentsatzen dugu literatura idaztean hasi eta irakurtzen bukatzen dela, baina entzuteko ere izan daiteke literatura. Kontakizun honekin oso argi nuen audio bertsio bat egin nahi nuela. Euskaraz halako gutxi dago, ingelesez berriz asko, eta zergatik ez egin?
Uxue Alberdi bertsolariak jarri dio ahotsa.
A.B.: Uxue aurretik ezagutzen nuen, eta bere ahotsagatik proposatu nion parte hartzeko. Oso ahots fina eta garbia dauka.
Trailerra ere osatu duzue.
A.B.: Bai, marrazkiekin, argazkiekin eta film zati historikoekin egin dugu, eta elur-antzara.com webgunean ikus daiteke.
Zer eskainiko duzue San Telmoko aurkezpenean?
A.B.: Liburuaz hitz egingo dugu, baina istorioa kontatu gabe. Gaiei eta prozesuari buruz hitz egingo dugu. Bi pelikula zati ere jarriko ditugu.
Baduzue dagoeneko beste proiekturik esku artean Hamaika Booksen?
A.B.: Ilustrazioekin, e-liburuarekin eta audioarekin jarraitu nahi dugu. Helduen liburuek ere ilustrazioak izatea aukera polita izan daiteke, liburu batzuetan behintzat. Lanean ari gara hurrengo lanak osatzeko.
Argitalpena
- Izenburua. Elur-antzara (The Snow Goose).
- Egilea. Paul Gallico (New York, 1897-1976).
- Itzulpena. Ane Urrestarazu.
- Ilustratzailea. Aitziber Alonso.
- Ahotsa. Uxue Alberdi.
- Argitaletxea. Hamaika Books.
- Orrialde ko kopurua. 60.
- Prezioa. Liburua: 14 euro, e-liburua eta audioa: 7 euro.