«Ez nekien bortxatu, atxilotu edo zer egin nahi zuten nirekin»
Arkaitz Rodriguez preso altzatarraren arreba Enara Rodriguezek, irailaren 28an Logroñoko kartzelatik bueltan bizitako jazarpen egoera larria salatu du Etxeratek. Polizia plaka erakutsi zioten bi gizonek errepidetik atera arazi zuten.
Etxeratek atzo egindako agerraldian, Arkaitz Rodriguez preso altzatarraren arreba Enara Rodriguezek bizitako jazarpena salatu zuten. Logroñoko kartzelan dagoen anaia bisitatzetik bueltan, kotxe batek jarraitu eta modu bortitzean errepidetik atera arazi ostean, eraso fisiko eta mehatxuak jaso zituen, horietako asko sexistak. Polizia zirela esan zuten bi gizonek egindako erasoa salatu du Etxeratek. Hona hemen Enara Rodriguezen lekukotasuna.
Autoa jarraika
«Irailaren 28an (…) Logroñotik Iruñera doan autobide berria hartu nuen, A-12 delakoa. Bertan 18:30ak inguru zirelarik, kotxe bat aldamenean jarri zitzaidan; ni eskuineko karrilean eta bera ezkerrekoan ez aurrera ez atzera. Aurreratzeko asmorik ez zuela konturatzerakoan nik abiadura handitu nuen, eta berak berdina egin zuen nire parean berriro jarriaz; alderantzizko operazioa egin nuen, abiadura moteldu eta berak ere berdin. Aurpegia biratu nuen orduan kotxeko bidaiariak ikusteko asmotan; bi gizon ziren».
Istripua izateko zorian
«Arroniz izeneko irteeraren parean kotxeak niregana jo zuen errepidetik ateratzeko asmoz, nik orduan bi aukera nituen, edo kotxea kolpatu edo irteera hartu; inkontzienteki irteera hartu nuen, eta abiadura handiarekin nindoanez, kotxeak derrapatu eta 3-4 buelta eman nituen. Orduan gertatutakoa sinetsi ezinik, berriro autobidea hartzeko asmoz piztu nuen kotxearen motorra; hanka dardarka nuela ohartu nintzen eta errepidearen alboan geratzea erabaki nuen, lasaitzeko».
Beldurtuta
«Han nengoela, ni ohartu nintzenerako, bi gizonak kotxearen inguruan neuzkan. Bata kotxearen aurrean nik aurrera egin ez nezan, ‘puta zorra bajate del coche ya’ eta horrelakoak esanaz. Ni erabat beldurturik nengoen, eta kotxetik jaisteko inongo asmorik ez nuela esan nien. Orduan alboko gizonak plaka bat kristalean jarri eta nire izenez deitu ninduen. Uste dut plaka hori Polizia Nazionalarena zela, baina, ezin dut ehuneko ehunean ziurtatu. Lasaitzeko esan zidan, niretzako hobe izango zela kotxetik irtetea eta horrelakoak esanaz. Nik ezetz eta ezetz. Uniformatuak etor zitezen eskatu nien, beraiekin ez nuela ezer jakin nahi. Bidean zeudela esan zidaten, eta bitartean leihatila jaisteko eta kotxeko paperak emateko. Azkenean ez dakit zergatik, leihatila jaistea erabaki nuen; momentu horretaz baliatu zen orduan nire alboko polizia, eta kotxeko atea ireki zuen eskua azkar sartuaz».
Bortxaketa mehatxua
«Momentu horretatik hasi ziren mehatxuak , irainak, bortizkeria… iletik tiraka kotxetik atera ninduen batek eta lurrera bota. Bertan negoela hankaz zapaltzen ninduen zutitu ez nedin. Nik etengabe zutitzeko ahaleginak egiten nituen garrasi egiten nien bitartean. Zergatik bota ninduten errepidetik galdetzen nien etengabe, zergatik bueltatu ziren niregana… beraien erantzuna ‘hemos vuelto para ver si habias muerto y habia una zorra menos’ izan zelarik. Etengabe emakumea nintzela baliatuz, umiliatzen aritu ziren, bortxatuko nindutela esanez. Momentu batean lurretik altxatzea lortu eta polizia batek airean hartu ninduen, eta eskumuturrak atzean loturik bezala heldu ninduen».
Ezagutzen zuten
«Atzean nuen poliziak eskumuturretatik heltzen ninduen bitartean, nik ihes egiteko ahaleginetan mugitzen ari nintzen etengabe; izugarrizko mina jasaten ari nintzelarik, gero ohartu nintzen ezkerreko eskumuturrean sekulako erredurak nituela. Atzean nuen polizia orduan ipurdia ukitzen hasi zitzaidan, ea gustatzen zitzaidan galdezka. Parean nuenak bularrak ukitu zizkidan eta hankartean ostiko bat ematea lortu nuen. Orduan lepotik hartu ninduen eta ‘te voy a violar y te voy a matar por lo que has hecho’ esan zidan. Berriro lurrera, eta berriro hanka bular gainean, altxa ez nedin. Orduan nire bizilekuaz, lantokiaz, ibiltzen naizen lekuez… hasi ziren hitz egiten, nik jakin nezan ezagutzen nindutela. Ez zidaten galderarik egiten, dena beraiek esaten zuten, eta nik hitz egiterakoan isiltzeko eta isiltzeko. Nik aurre egiten nien. ‘Como no te calles y dejes de insultarnos esta noche tendremos algo que celebrar’, ‘eres una zorra valiente, ya veremos despues de violarte si sigues igual’ esan zidan batek. Ez nekien bortxatu, atxilotu edo zer egin nahi zuten nirekin, azken finean nik kotxearekin istripua izan nezan bultzatu baitzuten».
Lepotik helduta
«Beraien artean etengabe hitz egiten zuten, nirekin zer egin adosteko; nik ez nekien nola irten egoera horretatik. Azkenean batek lurretik altxa eta lepotik helduaz honakoa esan zidan: ‘vamos a jugar un juego, te damos 5 minutos de ventaja, metete en el coche y corre todo lo que puedas, si te volvemos a ver por la autobia no lo cuentas’; orduan askatu ninduten, eta ni korrika kotxean sartu eta ahal nuen azkarren autobia hartu eta etxerako norantza hartu nuen. Izugarrizko abiadaz joan nintzen 10 bat minututan, konziente izan nintzen arte; orduan gasolindegi batean gelditzea erabaki nuen lasaitzeko, nirekiko pentsatu nuen ez zirela berearekin irtengo, ez nintzela hain azkar joango errepidetik, azkenean beraiek bilatzen zutena baitzen, nik istripua nire kabuz izatea eta beraiek inpunitate osoz ateratzea egoera horretatik; ni erahiltzea zela helburua pentsatu nuen, baina beraien ‘parte-hartzerik’ gabe».