Donostiarrako entrenatzaile izateari utzi dio Mendizabalek
“Ez da behin betiko erretiratzea izango, edo hala ez izatea espero dut behintzat”, dio Parte Zaharrekoak
Donostiarrako lehen taldeko entrenatzaile izateari utzi dio Jose Ramon Mendizabal Mendik (Parte Zaharra, 1955), berak hala erabakita. Ongi pentsatutako erabakia hartu du, eta lasai dago. «Ez da behin betiko erretiratzea izango, edo hala ez izatea espero dut behintzat. Pixkat bat atzera egingo dut, eta atsedenerako tartea hartuko dut. Lau urtez Donostiarraren kirol arduraduna izan naiz, eta nekatua nago. Proiektuarentzat hobea izango da nik atzera egitea, eta beste batzuk betetzea orain arte nituen ardurak», adierazi du Mendik Irutxuloko Hitzarekin izandako elkarrizketan. Edonola, taldearekin lotura izaten jarraituko du, eta kirol arloan zein administratiboan laguntzeko asmoa du. «Nire tokia hartuko duenari laguntzeko asmoa dut, nire babes osoa izango du», gehitu du.
Hartutako erabakiaren atzean, hainbat arrazoi daude. «Aurtengo denboraldian, Ligako azken estropadak eta Kontxako bigarren igandea salbu, ez ditugu helburuak bete. Horrek bultzatu nau erabakia hartzera». Edonola, erabakia hartzea ez dela erraza izan onartu du. «Gogorra izan da. Lau urte eman ditut nire hiriko traineruarekin, eta emaitza hobeak lortu nahi nituzkeen arren, ezin izan dut. Proiektu honek hainbat berezitasun ditu; elkartutako hiru klubetako bakoitzak bere interesak ditu, eta ez da erraza dena batu eta trainerua aurrera ateratzea. Nik ere zerbaitetan huts egingo nuen».
Momentu honetan, pozik dago Mendi hartutako erabakiarekin. «Lehenengo sentipena, aurretik nuen ardura batetik askatu naizela da. Ez nintzen entrenatzailea bakarrik, proiektuaren funtzionamenduaren ordezkaria nintzen, horrek dakarren kargarekin». Edonola, luzera kargua faltan botako duela ziur dago. «Faltan botatzea espero dut, bestela seinale txarra izango litzateke. Hala ere, barruan jarraituko dudanez, asetuta geratuko naiz».
Orain arte egindako lan guztiaz harro dago Mendi. «Donostiarrarekin egin genuen lehen entrenamenduan, hamaika arraunlari zeuden guztira. Ez genuen trainerua osatu ere egiten, eta ez genuen materialik ere. Orain, proiektuaren oinarria jarria dago, eta bidea hartu du. Batzuk lau urtetan gutxi egin dugula esango dute, eta besteek asko egin dugula, hori gustuen araberakoa izaten da».
Guztientzat onena
Alberto Goitia klubeko presidentearekin hitz egin ostean, zuzendaritza osoak jakin zuen Mendik postua utziko zuela. Ondoren, joan den ostiralean, arraunlariei hartutako erabakiaren berri eman zieten. «Argi utzi nien ez dudala kluba utziko, arnasa hartzeko tartea hartuko dudala. Klubean erabilgarri izaten jarraitzea espero dut».
Orain arte, entrenamenduetaz arduratzeaz gain, klubak antolatutako kontu gehiagotan ere aritu da Mendi. «Kirol arloaz gain, kantaldia eta Donostiako Orfeoiaren kontzertua antolatu ditugu, eta kontu horiek nekea dakarte. Gainera, nire osasun egoerak ere atsedena eskatzen dit; duela urte batzuk bihotzekoa izan nuen, eta, indarra hartu ondoren, lanean jarraitu nahi dut».
Mendik bere buruari begira hartu du erabakia, baina beti ere kontuan izan du klubaren egoera. «Lau urteek neke handia ekarri didate, eta taldearekin harremana geroz eta zailagoa zen. Beraiek beti ahots bera entzuten zuten, eta ia gauza berak esaten. Hori ikusita, hobe zen atzera egitea, eta beste norbaitek jarraitzea edo egindakoa hobetzea. Baldintza horietan jarraitzea ez zen inorrentzako komenigarria».
Argi dago Donostiarrak ez duela sekulako sostengu ekonomikorik. Hala ere, aurrekontua alde batera utzita, badaudela hobetu beharreko beste kontu batzuk uste du Mendik. «Kirol emaitza onak behar ditugu. Behin hori lortuta, honek aurrera egingo du. Jende asko dago zain Donostiarra sailkapenaren goikaldean ikusteko. Argi dago egoera ekonomikoak eragina duela, baina horren aurretik gauza gehiago daude hobetzeko».
Proiektua duela bost urte jaio zenetik egindako lorpenen artean, hirian sortutako zaletasuna dago. «Kirol proiektu bezala eta traineru bezala hazi gara; zaleak daude, Trintxerpeko lokala, materiala, kluben babesa… guztia batuagoa dago. Oraindik bidea dugu aurretik, baina guztia forma hartzen ari da.
Ordezkoa lotzeko atarian
Azaroaren bueltan erabaki garrantzitsuak hartzen dira urtero arraun munduan. Arraunlari bat hara doala, bestea hona, hirugarren batek arrauna utziko duela, entrenatzaile berria datorrela… Donostiarra ere fase horretan dago, eta Mendik bere postua utzi ostean, berehala erabaki beharko dute nork beteko duen hutsunea.
Donostiarrako zuzendaritzak hautagai bat baino gehiago izan ditu buruan, hori bai, guztiak etxekoak. Aldaketarik ezean, gaur erabakiko du klubak zein izango den datorren denboraldiko entrenatzailea. Hortik aurrera, taldea guztiz osatu beharko dute, eta hartu beharreko erabakiak hartu. Hala, lehenbailehen entrenatzen hasi beharko dute, denboraldi berriari eta jarritako helburuei begira.