Andresa Portugal omendu dute Parte Zaharreko bizilagunek
Ekitaldian aurreratu dutenez, kaleko azken arrain saltzailearen omenezko plaka bat jarriko du udalak, bi hilabete barru.
Duela urtebete hil zen Andresa Portugal, kaleko azken arrain saltzailea. Bretxan lan egiten zuen Portugalek, eta bere heriotzaren lehen urteurrenarekin bat eginez, omenaldia egin diote Parte Zaharreko bizilagunek, Herria Kultur Elkartearen ekimenez. Beñat Gaztelumendi bertsolari añorgatarrak pare bat bertso eskaini dizkio, eta Mikel Karton abeslariak, berriz, Mikel Laboaren Gure bazterrak abestu dio. Testu txiki bat ere irakurri dute, eta esandakoaren arabera, Donostiako Udalak Bretxan bertan Portugalen omenezko plaka bat jarriko du, bi hilabete barru. Izan ere, herritarrek udalari eskaera egin zioten hainbat sinadura bilduta, Portugal eta bera bezala lanean aritutako emakumeak gogoratzeko plaka bat jar zezan, eta eskaria onartua izan da. “Plaza honi berriro itzuliko ez den berezitasuna eman zion”, aipatu dute. Kalean arraina saltzeaz gain, Portugal euskal presoen aldeko borrokalari sutsua zela gogorarazi dute. “Indar berarekin lanean jarraituko dugu euskal preso guztiak kalean ikusi arte”, aldarrikatu dute.
Ekitaldiari bukaera emateko, sagardoarekin topa egin dute bertaratutako guztiek, eta pintxoren bat dastatzeko aukera ere izan dute. Asteartean, leku berean, lore eskaintza egingo diote.