Olatu Talkak eta hiriaren suntsitzearen bigarren mendeurrenak bat egingo dute Zubietan
Ziklobia egitasmoa eta Errautsak Bihotzean emanaldiak egingo dituzte; maiatzeko mugarriak izango dira.
Hiriaren suntsitzearen bigarren mendeurrenaren ospaketen harira, hilabetero ezartzen duten mugarria aurkeztu dute gaur. Hain zuzen ere, maiatzean, bigarren mendeurrenak Olatu Talkarekin bat egingo du. Begirada gainera, Zubietan jarri izan nahi dute Ziklobia egitasmoarekin. Bestalde, Errautsak Bihotzean emanaldia ere aurkeztu dute.
Ziklobia ekimenak, egun batez, motordun ibilgailuak alde batera utzi eta oinezko, bizikleta eta motorrik gabeko ibilgailuentzako eguna izatea du oinarri. Hau, hain zuzen ere, Ibaeta eta Zubieta arteko errepidean egingo dute maiatzaren 26an, 10:00etatik 16:00etara. Gainera, egun osoan zehar hainbat jarduera egingo dituzte, Añorga, Ibaeta eta Zubietan. Besteak beste, kontzertuak, tailerrak, dantzak eta umeentzako ekimenak.
Bestalde, Errautsak Bihotzean lana aurkeztuko dute maiatzaren 24an Viktoria Eugenian. Hiru emanaldi egingo dituzte; 15:45ean ikastetxeetako haurrentzat, eta 18:00etan eta 20:00etan irekiak.
Sarriegi eta Santesteban elkarrizketan
Errautsak Bihotzean lana, antzerkia, dantza eta musika ikuskizun bat da. Hainbat disziplinatako eragileen artean sortu dute, eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren ekimena da. Gainera, sormen-prozesua bera ere grabatu dute, pieza bakarreko bideo bat osatuz.
Emanaldia, Raimundo Sarriegi eta haren maisu Jose Juan Santestebanen 1813. urteko hiriaren erretze eta berreraikuntzari buruzko elkarrizketa asmatu batean dago oinarritua. Miren Barrenak idatzi du. 2011ko Koldo Mitxelena lehiaketan saritua izan zen “Ipuina” modalitatean.


