Okendo kultur etxean egin dute gaurko saioa. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
EH Bilduk legealdia hasi zenetik Donostiako Udalean landu duten politika ereduaren balorazio egin du. Herritarrak oinarri dituen eredua garatu dutela nabarmendu dute. Bide horri jarraituz, lau saio antolatu dituzte hiriko gune ezberdinetan, egindako bidearen balorazioa egiteko eta aurrera begirako erronkak partekatzeko herritarrekin, hauen ekarpenak jasoz. Lau bilera ireki horietatik lehena goizean egin dute gaur Okendo kultur etxean. Hainbat herritar bildu dira bertan, auzo desberdinetatik etorrita. Gros, Antigua, Egia, Parte Zaharra, Intxaurrondo, Ulia, Amara… auzo desberdinetatik etorritako donostiarrek euren ekarpena egin dute, lan taldetan banatuta. “Donostian parte hartzea sustatzeko, zer uste duzu dela ezinbestekoa?” edo “Zer lehenesten duzu datozen hilabetetan parte hartze esparruan?” izan dira erantzun dituzten galderetako bi.
EH Bilduko ordezkari Ainhoa Beolak zuzendu du saioa, eta bertan Donostiako Udaleko Partaidetza zinegotzi Axier Jaka izan da, herritar gisa, bere alea jartzeko. Saioa hasi aurretik, Beolak udal gobernuak legegintzaldian egindakoak zerrendatu ditu, bost ataletan banatuta: prozesu parte hartzailea, gobernu irekia, herri mugimenduak eta gizarte-sarea, lurralde partaidetza eta demokrazia zuzena. 2014 eta 2015 urteetarako aurreikusitakoa ere aurreratu du, baina proposamen hauek herritarren ekarpenekin osatu dituzte. Auzoetxeak, Altzarako barrutia, herri partaidetzarako arau organikoa, prozesu parte hartzaileetan aipatutako beharrak (Altzako kiroldegia, bidegorriak, oinezkoentzat gune arinak…), memoria historikoaren inguruko aholku kontseilu berria… hainbat gai jorratu dituzte.
Datorren bilera otsailaren 22an izango da, datorren larunbatean. Egiako kultur etxean izango da, eta kasu horretan euskara izango dute hizpide,
Bizi euskaraz Donostia leloarekin. Beste bi saio iragarrita daude. Martxoaren 22an, Loiolako kultur etxean, hirigintzaz arituko dira,
Pertsonentzako hiria izenburupean; eta martxoaren 29an, Altzako Casares kultur etxean, ongizate politikak aztertuko dituzte,
Donostia justu eta solidarioa saioan.