Iker Iparragirre eta Rafa Cabeza aurrean; Oier Txoperena eta Unai Corral, atzean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Musika taldeak hamar urte bete ditu eta aurten laugarren diskoa kaleratzea du helburu; lehenengo kanta dagoeneko aurkeztu du, jai giroan eta lagun artean egindako bideoklip batekin batera.
Hirugarren diskoa aurkezten ibili ondoren, U.K. Bill taldeko kideak abestien sorkuntza prozesuan daude murgilduta. Hala ere, horietako bat prest dute jada. Izan ere, euren hamargarren urtemugak bat egin du IRUTXULOKO HITZAkoarekin eta elkarlanean kanta bat prestatu dute. Musika taldearen ibilbideari buruz hitz egin dute Rafa Cabeza gitarrista eta abeslariak (Añorga, 1973), Unai Corral bateria jotzaileak (Añorga, 1973), Iker Iparragirre baxuak (Andoain, 1978) eta Oier Txoperena gitarristak (Gros, 1980).
Aurten zuek ere hamar urte bete dituzue. Nola hasi zineten?
RAFA CABEZA (R.C.): Unai eta biok hasi ginen, gure aurreko taldea, Utikan, amaitu eta gero. Segituan gurekin jotzen zuen beste bati deitu genion, Iker Laurobari, berak baxuarekin laguntzeko. Berarekin batera, Txope ere sartu zen eta horrela egon ginen bost urtez.
Ondoren, Iker Laurobak taldea utzi eta Unai Iparragirre sartu zen.
UNAI CORRAL (U.C.): Bai. Bi disko atera genituen eta Lauroba taldea ere goruntz zihoala ikusi zuen Ikerrek. Ez zuen hainbeste denborarik eta taldea uzteko garaia zela esan zigun. Bitartean ez zen geldiune handirik egon, berehala hirugarren diskoa atera genuen eta laugarren kide baten bila ibili ginen. Iparra ezagutzen genuen eta animatu zen.
IKER IPARRAGIRRE (I.I.): Ni soinu teknikaria nintzen. Baxua jotzeko eskatu zidaten eta gustura hartu nuen. Konturatu gabe, hamar urte pasa dira.
Garai berrietara egokitu behar izan zarete.
R.C.: Hala da. Duela urte batzuk formula diskoa grabatzea, aurkeztea eta dendetan mugitzea zen. Baina garai honetan internet,
YouTube eta sare sozialekin formula hori zaharkituta gelditu da. Horregatik, egiten dugun guztia bideoetara dago bideratuagoa.
U.C.: Abesti berriak egiten ari gara eta begiratzen horiek nola plazaratu. Guri gehien gustatzen zaiguna jotzea da, eta material hori guztia zuzenean jotzeko zer egin pentsatzen ari gara.
OIER TXOPERENA (O.T.): Guk betidanik autoekoizpenarekin egin dugu lan eta badirudi orain gure formula modan dagoela.
Crowfounding-ak ere asko egiten ari dira, baina guri inori ezer eskatu gabe ongi joan zaigu.
Taldean bosgarren kide bat duzuela diozue.
R.C.: Bai. Unai, gure managerra, lehenengo diskoan ezagutu genuen. Proiektuan sartzen joan zen, eta zorte handia izan da. Berak kanpoko laguntza guztia eskaintzen digu: diseinua, sustapena, kontzertuak… Ezinbestekoa da bera bezalako pertsona bat musika talde batentzat.
Zein izan da hamar urteotan bizi duzuen unerik politena?
I.I.: Niretzat gustatzen zaizkidan talde batzuekin jo izana: Bluelight, Imperial State Electric… hori bizitzea oso berezia izan da.
U.C.: Alemaniara egin genuen bidaia. Laurobarekin bi kontzertu eman genituen. Opor batzuk bezala izan ziren!
O.T.: Momentu asko daude, baina zerbait aukeratzekotan musika egiten dugunekoa izango litzateke. Sorkuntza prozesuan ari garenean hunkigarria da.
Nolakoa da etxean jotzea?
R.C.: Donostian jotzen dugunean, ohitura izan dugu beti disko aurkezpena Dokan egiteko; eta, egia esan, lehenengo kontzertu horrek harrera oso ona izan ohi du. Lagunak, familia… jende asko bildu izan da. Alde horretatik izan dira bereziak kontzertu horiek. Kontzertu bakoitza desberdina da, eta oso ondo pasatzen dugu.
Hamar urte ondoren, eszenatokira urduri ateratzen zarete? O.T.: Urduri beti ateratzen zara, baina urteekin disimulatzen ikasten duzu. Hasieran oso gaizki pasatzen nuen. Adibidez, Donostiako kontzertuetan jende ezaguna datorrenean, kuadrillakoak… hor urduri egoten naiz, baina zuk ez baduzu ondo pasatzen publikoak ere ez, eta kontua disfrutatzea da. Kontzertu ona izateko, ahal duzun guztia eman behar duzu.
R.C.: Oraindik kontzertua hasi baino bost minutu lehenago izutu egiten naiz, baina eszenatokira ateratzeko aukerarik besterik ez dago. Indarra hartu eta disimulatzen duzu.
Kaleratu dituzuen hiru diskoen ibilbidea nolakoa izan da?
R.C.: Diskoz disko, talde bezala, hobetzen joan gara. Musika arloan, oso pozik gaude. Bideo on batzuk egiteko zortea eduki dugu eta beti jotzen jarraitu dugu. Disko bakoitza desberdina da. Lehenengoak lokalean bertan grabatu izan ditugu, eta azkenekoa Garate estudioan grabatu genuen. Bertan, hogei egun baino gehiago eman genituen. Jendearen harrera ona izan da, beti aurrera egin ahal izan dugu.
Disko berriarekin nola zabiltzate?
U.C.: Zuzenean jotzeari utzi diogu, eta buru belarri jarri gara kantak egiten. Txopek esan duen moduan, sortzearen zirrara hori sentitzen ari gara. Ideia batzuk bagenituen eta horiek lokalean prestatzen hasi gara. Gustura gaude, abesti gehiago egiteko gogoz.
Nolakoa da diskoa?
R.C.: Gure estilo eta hizkuntzarekin bat egitea nahi dugu, eta hori begiratzen ari gara, ibilbide bat izateko. Finkatua dugun estiloa mantentzea da gure helburua. Hala ere, beste pauso bat egitea bilatzen dugu ere, eta kasu honetan produkzioari denbora gehiago eskainiko diogu.
Prestatzen ari zareten abestien artean, IRUTXULOKO HITZArentzako bat egin duzue, ezta?
U.C.: Bai. Unaik abesti bat lehenbailehen egin eta plazaratzeko aukera proposatu zigunean, ilusioa eta indarra eman zion taldeari. Kanta berriak sortzen murgilduta gaude, eta zerbait berria argitaratuta ikustea oso erakargarria da guretzat. Gainera, ohore bat izan da IRUTXULOKO HITZAri abesti bat eskaintzea. Erronka bat izan da eta oso pozik gaude.
Abestiari, gainera, irudiak jarri dizkiozue.
R.C.: Bai, bideoklip bat grabatu dugu. Ramones taldeak egindako bideo bat asko gustatzen zaigu eta hori oinarri bezala hartu genuen. Plano sinple batean egin dugu, Iñaki Txikoren gidaritzapean eta gure filosofia mantenduz: eskura dauzkagun bitartekoekin ahalik eta gehien egitea.
O.T.: Añorgako Kirol eta Kultur Elkarteak auzoko Zinea utzi zigun eta bertan grabatu genuen. Lagun arteko festa bat izan zen, eta estra bezala 41 pertsonak hartu zuten parte. Aurpegi ezagunak ere egon ziren: Ramon Agirre aktorea eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria. Azken honek abestiarekin ere lagundu digu.
Etorkizunari begira, beste proiekturen bat duzue buruan?
U.C.: Une honetan kantak egitea eta diskoa grabatzea dira gure helburuak. Ondoren, horietatik aukeraketa bat egin, disko polit bat ateratzeko. Eta, nola ez, gero zuzenean aurkeztu ahal izateko.