«Hau guztiona da, eta guztion artean egingo dugu»

Elkartearen 40. urtemugarekin bat eginez, udal mintegietan komunitatearentzako baratza eta lorategi bat abian jartzeko baimena lortu dute auzotarrek.
Uliako Lore Baratzak proiektua

Nekane Aramendia, Leire Rodriguez eta Maribi Iartza, Uliako udal mintegietan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)

Maribi Iartza, Nekane Aramendia eta Leire Rodriguez, Uliako auzo elkarteko kideak

2007an Uliako udal mintegiak itxi zirenetik, lursail hori auzotarrentzat irekitzeko aldarrikatu du auzo elkarteak. Aldarrikapen hori Uliako Lore Baratzak proiektuarekin indartu zuten, eta hori aurrera ateratzeko baimena lortu berri dute.

Pozik daude komunitatearen parke bat egiteko lanean has daitezkeelako jada, baina jakitun dira udalak bertan etxebizitzak egiteko plan bat duela, eta «bermerik gabeko» baimen bat dela. Maribi Iartza (Ulia, 1946), Nekane Aramendia (Ulia, 1958) eta Leire Rodriguez (Ulia, 1987) auzo elkarteko kideak, zailtasunak zailtasun, gogotsu daude proiektuarekin aurrera egin eta igandean 40. urtemugaren harira egingo duten jaialdia egiteko.

Orain arte «lo» egon den parkea esnatzeko ordua iritsi al da?

Leire Rodriguez (L. R.): Bai, udalak lursail hau itxi zuenetik gune hau irekitzea izan da gure aldarrikapen nagusia. 2013an proposamen bat aurkeztu genuen, eta proiektu hori da orain onartu dutena: Uliako Lore Baratzak. Aldarrikatzen du parkea denontzat izatea, eta guk mantentzea eta guk erabakitzea zer egin nahi dugun bertan.

Oztopo asko izan dituzue.

L. R. : Lehen eskaera horri ateak itxi zizkioten. Hemen etxebizitzak egingo baitituzte, eta Hirigintzatik esan ziguten ezin genuela parkea erabili. Orduan hasi ginen beste bide batetik donostiarrei gure aldarrikapena helarazten. Parkea egun berezi batzuetan ireki, eta barruan dauden altxorrak erakutsi genizkien: ur biltegiak, besteak beste. Bisita gidatu hauen bidez 500 donostiarrek ikusi zuten parkea. Gure aldarrikapena oihartzuna izaten hasi zen. Udalak ere ikusi zuen gure lana eta gure grina. Hamaika eskaera egin ondoren, Ondare Sailetik erantzun ziguten, eta lortu genuen, etxebizitzak egin bitartean, lursail honen erabilera lehiaketa publikora ateratzea. Guk Uliako Lore Baratzak proiektua aurkeztu genuen. Lehiaketa irabazi eta gure proiektua aurrera ateratzeko baimena lortu genuen. Borrokak jarraitu zuen, giltzak ez genituelako horren erraz lortu. Udaleko beste sail batzuekin elkarlanean azkenean lortu genuen, eta une honetan ez dira guk eskatutako aldarrikapenak bete.

Zer falta da?

L. R. : Oraindik ez da parke publiko bat bilakatu; soilik ireki dezakegu parkea elkarteko norbait baldin badago arduradun gisa. Eta lursail osoa ezin dugu erabili, zati bat udalak beretzat gorde baitu. Eta badira azpiegitura batzuk erabili ezin ditugunak egoera txarrean daudelako: kristalezko bi negutegi eta etxebizitza bat.

Zeintzuk dira proiektuaren helburuak?

L. R. : Komunitatearen parke bat da gure proiektua. Europan badaude adibide asko, ez da horren urrutira joan beharrik. Jendearen konpromisoarekin parke publikoa izatea lortu nahi dugu. Belarra moztu behar dela, garbitu behar dela, kimaketak egin behar direla… Guztion ardura izango da. Eta mantenuaz gain, baratza batzuk egingo ditugu, hiri nekazaritza ere bultzatzeko. Proiektua irekia da. Orain hasiko gara batzar irekiak egiten. Hemen inguruan badaude ikastolak eta terapia zentroak, eta denok elkarrekin parke berean egotea polita izango litzatekeela uste dugu. Denok gozatu nahi dugu parke honetaz. Azkenean, Donostiako beste edozein parke izango balitz bezala, baina esfortzu edo gogo gehiagorekin. Agian ez dago oraindik izen bat horrelako zerbaitetarako, ez gaudelako ohituta espazio publikoaz ahalduntzera. Hau guztiona da, eta guztion artean egingo dugu. Denok izango gara zaborra ateratzearen arduradun, eta denok gozatuko dugu baratzetatik ateratzen diren fruituez.

Nola eragiten dizue udalak bertan egin nahi duen etxebizitza planak?

L. R. : Indarrean dago baina ez doa aurrera, lursail honek saldu gabe jarraitzen du. Plan horrek ez du gure eguneroko lana geldituko. Hasieran luxuzko etxebizitza batzuk egin behar zituzten, orain babes ofizialekoak izango direla dirudi. Halere, hemen etxebizitzak egitearen aurka gaude erabat. Hau oso toki berezia da, eta Donostian ez dugu etxebizitza gehiago behar. Jakitun gara plan orokorrean onartuta dagoela, baina gu ezin gara mila borrokatan egon. Orain gune hau erabiltzearen alde borrokatu behar dugu.

Maribi Iartza (M. I.): Lau urtez parkea erabiltzeko baimena lortu dugu, baina bermerik gabekoa. Honek esan nahi du hemendik bi hilabetera lanekin hasten badira, bada, joan egin beharko dugula. Egia da gutxi direla benetan sinisten dutenak hemen etxebizitzak egingo direla. Guk bitartean gure lanarekin jarraituko dugu eta leku honetaz gozatuko dugu. Kontra egiteko momentua iritsiko da ziur asko, baina bitartean gozatuko dugu.

Igandean jaialdi bat egingo duzue, zergatik?

Nekane Aramendia (N. A. ): Iritsi da garaia bisita gidatuetan egon ziren 500 pertsona horiei adierazteko lortu dugula parke hau kudeatzeko baimena. Ba al da jardunaldi ireki batekin ospatzeko baino modu hobeagorik? Presaz egin dugu, badaukagulako gogoa gure proiektuaz hitz egiteko. Eta bide batez kontatuko dugu elkartean 40 urte daramagula lanean.

Udal mintegiez gain, zein beste aldarrikapen dituzue?

M. I. : Garraio zerbitzua hobetzea, auzoko mantenu lanak… Auzoko azpiegiturak hobetzeko lanean jarraitzen dugu. Hasieratik auzo elkarte indartsuenetako bat izan da gurea. Herri eragile garrantzitsua izan zen. Auzo txikia bada ere, mugimendu handia izan zen.

N. A. : Saguesen hotel baten ordez institutu bat egitea lortu genuen, Ulia mendiari parke izaera aitortzea, hirigintza legea errespetatzea, erretiratuen etxea, osasun etxe bat…

M. I. : Ur biltegiak desagertzear izan ziren aurreko udalarekin. Aranzadi Elkartearekin batera urtegiak babestea lortu genuen. Auzoan sinadura pila bat bildu genituen udalaren asmoen kontra egiteko.

L. R. : Lanpetuta gabiltza, bai. Atzera begiratuz argi dagoena da asko kostatzen dela gauzak aurrera ateratzea. Bi urte eman ditugu baimen bat lortzeko, eta horrela irakurtzen da ere beste guztia. Zenbatuz, badirudi gauza gutxi lortu ditugula, baina eguneroko borroka da horrela. Lan handia da.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend