Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkatze fasean parte hartzen ari da Zubietako gaztea, donostiar gehiagorekin batera
Asier Azpiroz, igandean Idiazabalen jokatu zuen saioan. (Argazkia: bertsozale.eus)
Abiatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kanporaketa. Gipuzkoa Bertsotan izenburupean, 74 bertsolarik eman dute izena sailkatze faserako. Joan den asteburuan bertan jokatu zituzten lehen saioak 38 bertsolarik, eta Zubietako Asier Azpiroz onena izan zen Idiazabalgo lehen saioan.
Hiru herritan izan da asteburuan Gipuzkoa Bertsotan: Larunbatean, Astigarragan; eta igandean, Oiartzunen eta Idiazabalen. Herri bakoitzean bi saio egon ziren, goizez bata eta arratsaldez bestea. Asier Azpirozekin batera, Unai Muñoa, Xabier Sukia, Oihana Iguaran, Mikel Artola eta Iñigo Gorostarzu izan ziren saioetako irabazleak.
Sailkatze faseak ekainaren 6a arte iraungo du, eta hamabi herritan jokatutako hogeita lau saiok osatuko dute guztira. Bertsolari bakoitzak bi saio jokatuko ditu, bata goizez eta bestea arratsaldez. Hala, puntuaziorik onena lortzen duten 30 bertsolariek lortuko dute udazkenerako sailkatzea.
Asier Azpirozek ekainaren 6an izango du hurrengo saioa,
Ataunen. Izarne Zelaia egiatarrak eta Manex Mujika amaratarrak datorren larunbatean
Zaldibian izango dute lehen saioa. Unai Gaztelumendi añorgatarra, berriz, igandean
Hernanin arituko da.
Dagoeneko hamahiru bertsolari daude sailkatuta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako, eta tartean dago Beñat Gaztelumendi añorgatarra.
IDIAZABALGO goizeko saioa
- Asier Azpiroz Iztueta 319 puntu
- Beñat Iguaran Amondarain 313 p.
- Jon Iturrioz Nazabal 284 p.
- Iker Osa Zelaia 282,5 p.
- Haritz Garmendia Iturria 272,5 p.
- Beñat Torres Lete 260,5 p.