Auzoetako Euskara Batzordeak diruz lagunduko dituzte
Euskara Batzordeak osatuta dauden hamar auzoetan urteko plan integralak aurrera eramateko 25.000 euro banatzea erabaki du Donostiako Udalak. Tokiko Gobernu Batzordeak gaur onartuko ditu diru laguntzak. Hiriko hamar auzoek euskararen erabilera normalizatzeko plan integral bat prestatu dute, bakoitzak bere errealitatera egokitutako helburu zehatzak finkatuz eta urtez urteko ekintza plana garatuz. Hauek dira plan integrala duten auzoak: Intxaurrondo, Loiolako Erriberak, Amara Berri, Altza, Parte Zaharra, Bidebieta, Añorga, Martutene, Aiete eta Igeldo.
Tokiko Gobernu Batzordeak, bestetik, erabaki du 187.100 euro banatzea estrategikoak diren sei jarduera aurrera eramateko. Diru horrekin ondoko egitasmoak lagunduko dira: Irutxuloko Hitza; Hamaika Donostia Telebista; Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea; Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua; Mintzanet, mintzapraktikarako ekimena; eta Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen proiektua, Egian euskararen erabilera sustatzeko.
Euskara arduradun Nerea Txapartegik gogorarazi du euskara sustatzea dela lehentasuna: «Udal gobernu honek konpromiso irmoa dauka euskararekin, alor guztietan saiatzen gara sustatzen».