Herri lasterketa bat izango da Amara Berrin, bigarren urtez jarraian, AB Krosa izenburupean, auzoko euskara batzordearen ekimenez. Bildutako dirua Seaska elkartearentzat izango da.
Paul Gurmendi, Odile Arrieta eta Iñigo Azurmendi, Memoriaren Lorategiaren parkean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskararen alde dirua biltzea eta Amara Berrin euskararen erabilera bultzatzea, horiek dira AB Krosaren helburuak. Auzoko euskara batzordearen ideia izan zen iaz lasterketa bat antolatzea, eta, izandako erantzunaren ostean, berriro ere egitea erabaki dute. Datorren
ekainaren 27an izango da lasterketa, arratsaldez, eta izen ematea zabalik dago jada Herrikrossa.com webgunean. Xehetasun guztien berri izateko, antolakuntzako hiru kiderekin bildu da IRUTXULOKO HITZA:
Paul Gurmendi (Amara Berri, 1986),
Odile Arrieta (Amara Berri, 1986) eta
Iñigo Azurmendi (Amara Berri, 1985).
«Euskara batzordeko bilera batean pentsatzen egon ginen zer egin genezakeen auzoan euskara bultzatzeko, eta aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako zerbait antolatzea pentsatu genuen. Gaur egun korrika egitea hain modan dagoela ikusita, lasterketa bat antolatzea erabaki genuen», azaldu du Arrietak. Hala, auzoko jai batzordean dabilen kuadrilla batekin harremanetan jarri ziren, Suziri izenekoa, guztiak korrikalariak baitira, eta denen artean lasterketa sortu zuten. Iaz, Euskararen Aldeko Amara Berriko Krosa izena izan zuen, eta aurten, AB Krosa izenarekin bataiatu dute.
Bildutako diru guztia Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearentzat izango da. «Denek dakigu Ziburuko Kaskarotenea ikastolak nolako diru beharra duen. Horretaz gain, Seaskak beste hiru ikastola ireki behar ditu, eta ez dituzte guk ditugun baliabide batzuk», azaldu du Arrietak. Seaskakoek, gainera, albistea oso pozik hartu dutela diote antolatzaileak. «Elkartasuna eskertu digute eta euren inguruan ere lasterketaren berri emango dutela esan digute», gehitu du Arrietak.
Denboraz larri ibili ziren iaz, dena nahi zuten moduan antolatzeko, baina, hala ere, lasterketak erantzun ona izan zuela diote antolatzaileek. «120 partaide inguru izan genituen. Esan digutenez, nahiko debut duina egin genuen», azaldu du Azurmendik.
Orain, iazko esperientziaren ostean, lasterketa osoago bat eskainiko dutela diote, arratsalde osorako planarekin. «Esan daiteke proba moduko bat izan zela, eta aurten hobera egingo dugu», gehitu du Gurmendik. Hala, 250 partaideetara iristea espero dute, iaz baino azkarrago doalako izen ematea. Rollerrentzako ere ireki nahi izan dute lehia, baina, ibilbide maldatsuaren ondorioz, ez dute aukerarik izango, segurtasun kontuengatik.
«Sare sozialen bidez komunitate bat sortzen saiatzen ari gara.
ABKrossa.eus izeneko webgunea dugu Pauli esker, eta Facebook eta Twitter perfilak ditugu, eta umorearen bidez jendearengana iristen saiatzen ari gara. Kartela eta aurkezpen bideoa, berriz, Haizea Urkiolak egin dizkigu», dio Azurmendik.
Bi ibilbide egongo dira aukeran, 3 kilometroko zirkuituari itzuli bat edo bi emanez. «Ahalik eta jende gehien animatzea nahi dugu, eta asmo horrekin sortu dugu lasterketa motzago bat. Bestetik, haurrentzako lasterketa txiki batzuk egingo ditugu eta kontzertuak ere bai. Lasterketaz gain, arratsalde pasa bat bihurtzea nahi dugu», dio Azurmendik. Ezustean eta Pelax taldeak arduratuko dira kontzertuak emateaz, Probestu plazan bertan.
Gainera, emakumeen partaidetza bultzatzeko, auzoko emakume taldearekin hitz egin dute. Hala, bi entrenamendu saio ireki antolatu dituzte, partaidetza bultzatzeko: ekainaren 9an, eta 16an, 20:30ean, Ilunki elkartearen parean.
Irutxuloko Hitzaren babesa
Lasterketako babesle nagusia da Irutxuloko Hitza, Donostia Kirola eta Donostiako Euskara Patronatuarekin batera. Ekin kirola eta Petritegi sagardotegiaren babesa ere izango dute. Hala, Irutxuloko Hitzari esker, partaide guztiek motxila txiki bana jasoko dute opari, krosaren eta komunikabidearen logoekin. Horretaz gain,
auzoko lehen gizonak eta lehen emakumeak Irutxuloko Hitzaren urtebeteko doako harpidetza irabaziko dute; eta Hitza Sariak ere banatuko dituzte. Photocall saio bat ere egongo da, eta Hitza Panpina haurrekin ibiliko da.
ABKROSA: Amara berriko euskararen aldeko lasterketa
- Non. Amara Berriko Probestu plazan.
- Noiz. Ekainaren 27an, 18:00etan. Helduen lasterketak 19:30ean hasiko dira.
- Luzera. Bi lasterketa egongo dira aukeran helduentzat; 3 kilometroko zirkuituari itzuli bat edo bi itzuli ematea. Haurrek ere euren lasterketak izango dituzte, adinen arabera banatuta.
- Ibilbidea. Probestu plazan hasi eta bukatuko da; Anoeta eta Loiolako Erriberako Memoriaren Lorategitik igaroko da, besteak beste.
- Izen ematea. Herrikrossa.com
- Prezioa. Helduen lasterketetarako izen emateak 9 euro balio du aurrez, eta egunean bertan, 12 euro. Haurren lasterketetarako izen ematea doakoa izango da, egunean bertan.