"Indarrez itxiko dituzte, baina bataila politikoa galduko dute"
Jendetza bildu da Donostian, 35/02 auzian emandako sententziaren aurka.
Donostian lau herritar daude 35/02 auziko sententzian zigortuta – Juani Lizaso, Agus Rodriguez, Joseba Alvarez eta Joseba Permach– eta bost lokal konfiskatuak – Hontza, Marruma, Herria, Haritza eta Txalaka-. Guztira 101 herriko tabernaren bahimendua, eta hogei lagunentzat urtebete eta hiru hilabetetik urtebete eta hamar hilabetera bitarteko kartzela zigorrak daude sententzia honetan eta Donostiako manifestazioaren pankarta nagusiaren atzetik hainbat ‘herriko tabernen’ izenak zituzten kartelak erakutsi dituzte.
Ez zuten aldarrikapen politiko soil bat izatea nahi, eta Gipuzkoa plazatik Zuloaga plazara egindako bidean askotariko manifestazioa egin dute gaur arratsaldean. Beñat eta Unai Gaztelumendi aritu dira bertsotan, Fito Rodriguezek ere irakurraldia egin du, Ze Esatek taldeak kontzertu bat eskaini du, txalapartariak izan dira manifestazioaren ibilbidean eta Mattin marrazkilariak mural bat marraztu du Zuloaga plazan.
Herriko tabernen itxieraren aurkako bide bakarra desobedientzia eta erresistentzia direla adierazi du Joseba Alvarezek gaur 35/02 auzian emandako sententziaren aurkako protestan: “Herriko tabernak indarrez itxiko dituzte, baina oraingoan bataila politikoa ere galduko dute, atxiloketen inguruan antolatu izan ditugun herri harresi eta aske guneetan bezala”.
Herritarrek sorturiko txokoak direla, eta herri kultura bultzatzeko izan dituzten egitura nagusiak kendu nahi dizkietela salatu du: “Euskaratik eta euskaraz harremantzera bultzatu gaituzten espazio euskaltzaleak eta euskaldunak dira desegin nahi dituztenak. Feministagoak, independentistagoak, ezkertiarragoak… Herriko tabernak itxiz gure amets politikoa kendu nahi digute”.
Kulturari eta politikari aterik ez itxi izan da manifestazioaren leloa. Alvarezek berak azaldu du horixe izan dela oinarrian jarri duten ideia nagusia, “ez baitago euskal kulturarik gabeko euskal proiektu nazionalik eta ezta politikarik gabeko euskal demokraziarik ere. Hori izan da herriko tabernen jardueraren ezaugarri nagusia, euskal kultura eta politikagintza uztartzea”. Kultura eta politikari ateak itxiz bestelako Euskal Herri baten aldeko lanari eta esperantzari ateak itxi nahi dizkiotela plazaratu du Alvarezek.