Poliziak atxiloketak egin zituenetik bost urte igaro direnean, Askapena nazioarteko erakundearen aurkako epaiketa egingo dute urrian; elkartasun gisa, Espainia bera epaitzea erabaki dute herriz herri, eta larunbatean egingo dute Donostiako salaketa.
Jon Mikel Fernandez eta Hassanna Aalia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Askapenaren aurkako epaiketa datorren urriaren 19an egingo dute. Izan ere, duela bost urte erakunde internazionalistaren aurkako sarekada egin zuen Espainiako Poliziak, hainbat lagun atxilotuz, «ETAren nazioarteko frontea» osatzen zutelakoan.
Orain, bost lagun daude seina urteko espetxe zigorra jasotzeko arriskuan, eta Askapena, Askapeña eta Elkar Truke elkarteak legez kanporatu ditzakete. Epaiketaren atarian, Askapenak egoerari buelta ematea erabaki du, Espainia epaituz, Herriak Libre mugimenduaren baitan. Hala, herriz herri benetako
epaiketen parodiak egiten hasi dira, elkartasun gisa, eta Donostian larunbat goizean egingo dute, 12:30ean, Bulebarrean.
Askapenako kide
Jon Mikel Fernandezekin eta Saharako errefuxiatu
Hassanna Aaliarekin izan da Irutxuloko Hitza: «Epaiketa hau ez da Askapenaren aurka, epaiketa hau internazionalismoaren aurkakoa da, eta elkartasuna da legez kanpo utzi nahi dutena», dio Fernandezek. Hala, erakundearen aurkako epaiketa baliatuz, mezuari buelta eman diote: «Espainiako Estatua ez da inor internazionalismoa epaitzeko. Beraz, Euskal Herriak epaituko du, bere izaera inperialistarengatik», gehitu du Fernandezek.
Herri epaiketak 45 herri ingurutan egingo dituzte guztira, eta ondoren, Iruñean urriaren 12an epaia erabakiko dute. Bertan, Euskal Herri bezala hartuko dute erabakia, nazioarteko ordezkariekin batera, tartean, Hassanna Aalia: «Askapena munduko erakunde gutxietako bat da gatazka politikoan laguntzen duena, eta Saharan gertatzen ari denaren errudun zuzena da Espainia. Askok sufritzen dugu pertsona eta herri moduan, eta Espainia epaituko dugu egin duen guztiarengatik, elkartasuna landuz, beste herri batzuekiko».
Donostian, bertako hainbat eragilek izango dute protagonismoa, eta bakoitzak bere esparrutik egingo du salaketa: Palestinarekin elkartasunean ari diren aktibistak, katalanek, mugimendu feministek, euskal presoen senideek, Kaxilda liburu dendako kideak… Hala, Donostiako epaia osatuko dute. «Larunbatean parte hartzea internazionalismoaren kriminalizazioa salatzea izango da, mundu libre baten aldarrikapen bat eginez», azaldu du Fernandezek.
Gainera, Euskal Herrian ez ezik, herri epaiketak egiten ari dira, baita atzerrian ere: Argentinan, Venezuelan, Italian, Herrialde Katalanetan… «Munduko beste herriei egiten dien zapalkuntzagatik epaituko dugu guk; eta atzerrian, berriz, Euskal Herriari eragiten dion zapalkuntzagatik», azaldu du Fernandezek.
28 urte lanean
Askapena duela 28 urte jaio zen Euskal Herrian, batez ere Hego Amerikan pizten ari ziren askapen nazionalerako eta sozialerako borroka horiei begira, El Salvador, Nikaragua, Kuba… baita orokorrean hirugarren munduko borroka antikolonialei begira ere. «Gu ere herri zapaldua gara eta horiei begira sortu zuten Askapena. Agian, mundu mailan ez dago halako erakunde internazionalistarik, nahiko bereziak gara», dio Fernandezek. Izan ere, Askapenak internazionalismoa bi noranzkotan ulertzen duela dio: «Beste herrialdeei elkartasuna adierazten die era praktikoan, baina, era berean, Euskal Herriarekiko elkartasuna ere sustatzen du. Azken batean, munduko herriak askatzeko lehen pausoa gure etxean eman behar dugu».
Egun, hainbat herrialde dituzte erreferentzia moduan, eta udan brigadistak mugitzen ditu elkarteak leku horietara; hala, urtero, udan, 50-100 lagun joaten dira: «Askapenaren ardatz nagusienetako bat, brigadak dira, eta horiek bidez euskal herritarrek elkartasuna sustatzen dute, eta era berean, hango esperientziak hona ekartzen dituzte». Sahara, Palestina, Venezuela, Brasil, Bolivia, Argentina, Uruguai eta Kurdistan dira Askapenaren norakoak, eta azken bi urteetan, gertuagoko lekuetan ere lan egin dute: «Beharrezkoa ikusi genuen Espainiako Estatuaren barruan zanpatuak dauden herrietara ere brigadak antolatzea; Gaztela Aragoi, Herrialde Katalanak eta Galizia».
Hala, duela bost urteko atxiloketak erakundearentzat kolpe gogorra izan ziren arren, lanean jarraitu dute. «Eraso errepresibo horrek noski baldintzatu zuela gure jarduera. Euskal Herrian ere garai latzak ziren, eta egoera zaila izan zen erakundearen baitan. Edozein kasutan, prozesua gaur arte luzatu da; eta orain arte harri hori motxilan genuela, baina normaltasunez jarraitu dugu», dio Fernandezek.
Saharan ezagutu zuen
Hassanna Aalia Saharakoa da, 27 urte ditu, eta bere herrialdean bertan ezagutu zituen Askapenako kideak. Euskal Herrian bizi da 2011tik, orain Hernanin. Bere herrialdetik alde eginda dago, bizi osoko kartzela zigorra bete beharko lukeelako bertan, bere herrialdearen aldeko borrokan parte hartzeagatik. «2007an ezagutu nituen Askapenako kide batzuk Saharako lurralde okupatuetako borroka baketsuan, eta babes eta elkartasun politiko izugarria eman zidaten, eta egun bizirik dirau», azaldu du Aaliak. Hala, lurralde okupatuetan Marokoko Gobernuak ezartzen duen informazio blokearen aurka borrokatzen lagundu zietela dio.
Hori bai, azken urteetan brigadista bakar batek ere ez du lortu lurralde okupatuetara iristea, Marokoko Gobernuaren jazarpenaren ondorioz, dio Fernandezek: «Ez dugu lortu sartzea azken brigadekin, baina bertan gertatzen ari dena salatu dugu».