Asteburu honetatik aurrera hasiko dira kantari hiriko bertsolariak
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak 43 partaide izango ditu; lau donostiar, tartean. Manex Mujika amaratarrak jokatuko du lehen saioa, larunbatean.
Finala Illunben izango da
Hiru hilabetez bertsoz beteko dituzte bertsolariek Gipuzkoako hainbat txoko; izan ere, irailaren 20an abiatu zuten txapelketa Beasaingo Usurbe antzokian, eta abenduaren 20an izango da finala, zortzi bertsolarirekin, Illunben. Horixe izango da Donostian jokatuko duten saio bakarra. Txapelketa hamabost saiok osatuko dute: sei final zortzirenetan, bost final laurdenetan, hiru finalaurreko, eta finala. Hala, ia astero izango dira saioak, fasetik faserako asteburuetan izan ezik. Final zortzirenetan 36 bertsolari arituko dira lehian; sei bertsolariz osatutako sei saio osatuz –dagoeneko hiru jokatu dituzte–. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasako da hurrengo fasera; eta horiekin batera pasako dira puntu gehien batzen dituzten beste hamazazpi bertsolari. Hala, 2011ko finaleko partaideekin batera, hiru bertsolari jada sailkatuak daude hurrengo faserako: Jon Maia (Beasaingo saioko irabazlea, 456’5 punturekin), Arkaitz Oiartzabal Xamoa (Azpeitiko saioko irabazlea, 439’5 punturekin) eta Beñat Lizaso (Lasarte-Oriako saioko irabazlea, 426 punturekin). Udaberrian abiatu zen Gipuzkoa Bertsotan, 74 bertsolarirekin. Sailkatze fase horretatik, 30 bertsolarik lortu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela. Orain, 30 horiei, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zuten beste 13 bertsolari gehitu dizkiete; eta esan bezala, 43 bertsolarik jokatuko dute txapelketa. Horiez gain, 9 gai-jartzaile, 19 epaile, hiru idazkari eta laguntzaile ugari arituko dira txapelketan lanean. Bertsozale elkartearen webgunea txapelketaren informazio osoa eta eguneratua eskaintzen ari da (bertsozale.eus): saioak, partaideak, puntuazioak, sailkapenak, argazkiak… Twitter-en @GBertsozale kontua ari da saioen berri ematen, eta #GBT15 traola erabiltzen ari dira. Saio guztietarako sarrerak salgai jarri dituzte, bertsosarrerak.eus webgunean, finalekoak izan ezik: Final zortzirenetakoak (9 euro), final laurdenak (11 euro), finalaurrekoak (13 euro). Elkarteko bazkideek eta gazteek deskontuak dituzte. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015 Final zortzirenak- Irailak 20, Beasain. Jon Maia (456’5 puntu), Ane Labaka (444 p.), Iñigo Mantzizidor (427 p.), Beñat Iguaran (420p.), Eli Pagola (420 p.), Haritz Mujika (409 p.).
- Irailak 26, Azpeitia. Arkaitz Oiartzabal Xamoa (439’5 puntu), Nerea Elustondo (432 p.), Nahikari Gabilondo (426 p.), Ander Lizarralde (425 p.), Unai Mendizabal (424 p.), Amaia Iturriotz (421 p.). Irailak 27, Lasarte-Oria. Beñat Lizaso (426 puntu), Maider Arregi (415 p.), Mikel Artola (415 p.), Xabier Sukia (412 p.), Aitor Irastorza (399 p.), Gorka Azkarate (398 p.).
- Urriak 3, Elgoibar. Manex Mujika (Amara), Iban Urdangarin, Iñigo Gorostarzu, Manu Goiogana, Oihana Iguaran eta Unai Muñoa.
- Urriak 10, Arrasate. Aratz Igartzabal, Egoitz Eizagirre, Eneritz Artetxe, Felix Zubia, Haritz Casabal eta Iñaki Gurrutxaga.
- Urriak 11, Andoain. Asier Azpiroz (Zubieta), Unai Gaztelumendi (Añorga), Antton Fernandez, Gemma Urteaga, Ibai Esoain eta Jokin Uranga.
- Urriak 24, Urretxu-Zumarraga. Agin Laburu, Jexux Mari Irazu.
- Urriak 25, Errenteria-Orereta. Beñat Gaztelumendi, Jon Martin.
- Urriak 31, Zestoa. Alai Martin, Jon Maia.
- Azaroak 1, Ormaiztegi. Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Iñaki Apalategi.
- Azaroak 8. Eskoriatza. Beñat Lizaso, Unai Agirre.
- Azaroak 22, Zarautz.
- Azaroak 29, Tolosa.
- Abenduak 6, Eibar.
- Abenduak 20, Illunbe.