Beñat Gaztelumendik etzi ekingo dio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari. Asier Azpirozek, Unai Gaztelumendik eta Manex Mujikak sailkatzea lortu dute.
Asier Azpiroz zubietarra, Andoaingo saioan. (Argazkia: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)
Bukatu dira final zortzirenak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta bertan parte hartu duten hiru donostiarrek aurrera egitea lortu dute: Zubietako Asier Azpiroz, Añorgako Unai Gaztelumendi eta Amarako Manex Mujika.
Guztira, 43 bertsolarik parte hartu dute final zortzirenetan, eta horietatik 23k lortu dute aurrera egitea; seik beren saioa irabazita, eta gainerakoek puntuazioaren arabera. Orain, final laurdenetan, 2011ko txapelketako finalistak gehituko zaizkie –Aitor Sarriegi izan ezik, ez baita aurkeztu–: Añorgako Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.
Beraz, bihartik azaroaren 8ra, guztira 30 bertsolarik parte hartuko dute final laurdenetan; tartean, lau donostiarrek. Sarrerak dagoeneko salgai daude
Bertsosarrerak.eus webgunean.
Duela bi igande jokatu zuten final zortzirenetako azken saioa Andoainen, eta bertan aritu ziren Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi. Jokin Uranga izan zen saioko garailea, eta Azpiroz eta Unai Gaztelumendi sailkatu ziren bere atzetik. Manex Mujikak Elgoibarren kantatu zuen, urriaren 3an, eta hirugarren postuan geratu zen.
Final laurdenetako fasean, Asier Azpiroz izango da lehenengo estreinatuko den donostiarra, Urretxu-Zumarragan, bihar; Beñat Gaztelumendik hurrengo egunean kantatuko du, etzi, txapelketa honetan estreinekoz, Errenteria-Oreretan; Manex Mujikak Zestoan kantatuko du, urriaren 31n; eta Unai Gaztelumendi izango da fase horretan kantatuko duen azken donostiarra, azaroaren 1ean, Ormaiztegin.
Finala, abenduaren 19an
Donostian jokatuko duten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala egun bat aurreratu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Izan ere, abenduaren 20an egitea zegoen aurreikusia, baina, egun horretarako Espainiako hauteskundeak deitu dituztenez, finala abenduaren 19an izango da orain. Illunben izango da saioa, 17:00etan hasita, eta zortzi bertsolarik hartuko dute parte. Finalerako sarrerak aste honetan bertan jarri dituzte salgai; herenegun, hain zuzen ere. Gainerako saioetarako bezala, sarrerak Internetez eros ahalko dira
Bertsosarrerak.eus webgunean.
Esan bezala, txapelketako hurrengo saioa bihar jokatuko dute, Urretxuko Ederrena pilotalekuan, arratsaldeko 17:30ean. Final laurdenetako lehen saioa izango da eta bertan Asier Azpiroz zubietarrak kantatuko du. Agin Laburu, Beñat Iguaran, Eli Pagola, Jexux Mari Irazu eta Nerea Elustondo bertsolariekin batera.