Pio XII.eko autobus geltokiaren ondoan dago Vizcaya taberna. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Pio XII.etik Atotxara lekuz aldatuko dute Donostiako autobus geltokia, Egian eraikitako azpiegitura berriari esker. Udalak irekiera atzeratu behar izan du segurtasun baldintzak behar bezala betetzeko, baina geltoki berria laster egongo da abian. IRUTXULOKO HITZA
Amarako zein Egiako autobus geltokietan izan da, aldaketari buruzko iritziak jasotzeko.
Urte askoz gidari lanetan dabiltzan bi lagunekin hitz egiteko aukera izan du astekariak.
Anton Ramirezek 15 urte daramatza Pesa enpresan, Donostiatik Bilbora edo Baionara bidean.
Roberto Cuasante, berriz, Alsa enpresako gidaria da eta 41 urte daramatza autobus gidari gisa, azken urte mordoxka Burgos-Donostia ibilbidea eginez. Cuasantek etsipenez hartu du geltoki aldaketa, baina “beharrezkoa” dela aitortu du: “Duela 30 urte ere ez zen lekurik egokiena Amarako plaza hau;
hasieratik bistan geratu zen txikiegia zela“.
Geltoki berriaren kokalekuak kezkatzen du Ramirez, Loiolako Erribera leku egokiagoa litzatekeela uste du: “Loiolako Erriberan geltoki handi bat, aparkaleku handi batekin eta mota guztietako autobusen joan-etorri erosoa ziurtatzeko adinako espazioa zegoen. Atotxakoa Erdialdean dago, hori egia da, baina
autobus konbinazio egokiarekin Loiolako Erribera leku egokiagoa zen autobus geltoki bat egiteko. Baina Maria Kristinaren parean egin nahi zuten, eta halaxe egin dute”.
Beste hainbat bezala, ordu dexente igaroak dira bi gidariak Vizcaya kafetegian, euren bidaiari ekin aurretik. Oraingoan ere kafetxo baten bueltan bertatik hausnartu dute, aldaketaren inguruan. “Begira zein autopila igarotzen den kale honetatik –Gernikako Arbola pasealekuari erreferentzia eginez–, zirkulazio handia dago hemen, bai hirira sartzeko, baita beste aldetik hiritik ateratzeko ere. Zer gertatuko da gu denok abian jartzen garenean?”, dio Ramirezek. Zirkulazio arazoek kezkatzen dute gehien, bere lanean eragin zuzena izango dutela sinetsita.
Auto pilaketak sortuko direla uste dute. Vizcaya kafetegiaren parean, adibidez, autobus geltoki berri bat jarriko dute, baina geraldi azkarreko geltokia izango da, hau da, ezingo dute maletategia ireki. “Aurretik ongi azaldu beharko diegu bidaiariei”, dio Ramirezek.
Maria Kristina zubitik izango du sarrera autobus geltoki berriak, eta Federico Garcia Lorca kaletik irteera. Zain daude gidariak, ez dakite nola moldatuko diren; zubian biratzerakoan, esaterako. “Autobus handiekin bira ematean, toki asko behar izaten dugu, ez dakit nola moldatuko garen”, dio Ramirezek.
Cuasante, berriz, gehiago kezkatzen du geltokiak berak: “Madrilgo geltokikoa bezalakoa ez da izango behintzat”, dio barrezka; “han ispiluak itxita jaitsi behar izaten genuen beheko solairuetara”. Momentuz, badakite autobus artikulatuek ezin dutela geltokian sartu.
Dei asko txarteldegian
Joan den larunbatean zen irekitzekoa autobus geltoki berria, eta erabiltzaile, gidari nahiz herritarren jakin-mina orduan argituko zen, baina momentuz itxaron beharko dute. Kezka askoko egunak dira, erabiltzaileek ez dakitelako ziur noiz eta nora joan beharko duten autobusa hartzera. Ainhoa Etxetxikia Bilman Bus konpainiako txarteldegiko langilea da, eta azken aldian dei asko jasotzen ari direla aitortu du. Atotxako autobus geltoki berria aurreikusitako gisara ireki izan balute ere, txarteldegiak oraindik ez lirateke prest egongo geltoki berrian. “Irekiera atzeratuta, eraikin berrira guztiak batera joatea espero dut, bai autobusak eta bai gu, oso egoera nahasgarria litzateke bestela bidaiarientzat”, esan du.
Egunotan pazientzia handiarekin lan egingo dutela aitortu du Etxetxikiak, eta autobusek hamar minutu gehiago itxaroten ari direla esan du, geltokiz geltoki galduta dabiltzanak espaloian gera ez daitezen.
IRUTXULOKO HITZAK
Vizcaya kafetegian jaso ditu lehen aipatutako bi gidarien iritzia. Hain zuzen ere, taberna hau Pio XII.eko autobus geltokiko erabiltzaileen babes leku izan da urte askoan. Eguraldia dela eta, edo itxaronaldiak atseginagoak egiteko, sarri sartu ohi dira gidari, bidaiari nahiz hauen senide edo lagunak tabernara.
Norberto Alejandro da tabernako jabea, eta bezeroen %90a geltokikoa dela aitortu du, eta arduraz begiratzen dio aldaketari. Madrilen 40 urtez ostalaritzan lan egin ondoren, urtebete darama Donostian, eta, aldaketa nabarmena izango bada ere, hutsetik hasi beharko duela onartzen du: “Gure bezero ia gehienak geltokitik etortzen dira, gidari asko egunero etortzen dira, eta dagoeneko lagun egin gara.
Aldaketa nabarmena izango da, eta bezero galera bat batekoa; hutsetik hasi beharko dut. Esperientzia badut, eta auzotarrak erakartzen saiatuko naiz kalitatezko zerbitzua eta jaki gozoak eskainiz”, esan du Alejandrok.
Astoria hoteleko kafetegia ez dago aparte; Antso Jakitunaren hiribidearen alde batean. Koro Odriozola bertako kudeatzailea da, eta uste du Amarako geltokia ixteak ez diela asko eragingo: “Kafetegian zertxobait nabarituko dugu, noski, baina geltokitik datozen bezeroak bezero azkarrak dira, hau da, kafetxo bat hartu eta alde egiten dutenak”.
Hortaz, aldaketak ez du sobera arduratzen Odriozola. Bezero finkoak dituzte Astorian, auzotarrak edo inguruko bulegoetan lan egiten dutenak.
Bezero berrien zain
Egia dago txanponaren beste aldean. Bertako tabernari eta dendariak pozik daude, Atotxako autobus geltoki berriak jende gehiago erakarriko duela auzora uste baitute. Maritza Quinto Norteko tren geltokiko
Kantina tabernaren jabea da, eta irrikitan dago geltokia abian jartzeko. Pazientzia handiarekin jasan dituzte inguruko lanak, baina onuragarria izango dela uste du: “
Gure taberna leku egokian dago, zubiaren alde honetan ez baitago eskaintza handirik”, dio Quintok. Auzoko bezeroak ere badituzte, baina Kantina tabernako bezero gehienak geltokikoak dira, eta, datorkiona ikusirik, taberna handitu eta egokituz, zerbitzua zabaltzeko apustua egin du Quintok.
Bezero berrien zain daude, Egiako Factory tabernako Jeronimo Barbero eta ondoko fruta dendan lan egiten duen Lourdes Santa Maria ere.
Tabakalerako eraberritzearekin batera, inguruak asko irabazi duela uste dute, eta onurak besterik ez dizkie ikusten autobus geltoki berria auzoan jartzeko erabakiari.
Zirkulazioa da Santa Mariak ikusten duen arazo bakarra: “Banatzaileek diote, orduaren arabera, Parte Zaharrean sartzea batzuetan errazagoa dela, Mandasko Dukea kalea zeharkatzea baino”, dio.
Maria Kristina da Erdialdea eta Egia banatzen dituen zubia, eta autobus geltokira heltzen diren bidaiariek ere huraxe gurutzatu beharko dute. Bilbo plazako ostalariek diote ederki kontrolatzen dituztela tren ordutegiak, jende andanaren arabera: “Berehala ohartzen gara noiz iritsi den tren bat, jende jarioa izugarria izaten delako, eta orain, autobus geltokia abian jartzen dutenean, jario hori handiagoa izango da, noski”, dio Lourdes Arangurenek.
Joan-etorri horretan, bidaiariek euren tabernan geldialdi bat egitea espero dute.
Egia Bizirik auzo elkarteari dagokionez, bertako ordezkari Berdaitz Gurutzeagak zalantzak ditu: “Geltokitik ateratakoan, ez dakigu jendeak nora joko duen: Egia aldera edo Erdialdera”.
Minduta daude, egiatarrak “bigarren mailako herritar” gisa hartu dituztelako: “Tabakalera amaitua dago, autobus geltokia ere inauguratzeko prest, eta pasabideko lanak, erdian geratzen direnak, amaitu gabe daude oraindik. Pasabidea igaro ondoren dirudi hasten dela hiria”.
Pasabidea beti izan da “puntu beltza” egiatarren artean, eta, inguru horretako lanak egin aurretik, udalak ez dituela auzotarren ideiak kontuan hartu uste du Gurutzeagak. Dena dela, ingurua asko aldatu dela aitortu du, eta jende gehiago ekarriko duela auzora, baina horrek ere kezka sortzen du egiatarren artean: “Taberna eta dendak bai, baina Egian ez dugu ostaturik, edo bisitarien beharrei erantzuteko zerbitzurik”
. Eragina aztertzeko lanketa bat egin beharko litzatekeela uste du.
Kezkarako arrazoi dute zirkulazioa ere. Auzo elkarteko kidearen arabera, aparkatzeko arazo larriak dituzte Egian, eta beldur dira autobus geltoki berriarekin arazo horiek areagotuko ote diren.
Erosoagoa eta atseginagoa izatea espero dute erabiltzaileek
Bidaiariak, autobusera igo aurretik. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Pio XII.eko geltokian normaltasuna da nagusi, autobus geltoki berriaren irekiera atzeratu eta gero, oraindik ez baitute inongo aldaketarik egin. Autobus eta herritarren joan etorria etengabea da Amaran, baina denbora kontua da geltokia ixtea, Atotxako azpiegiturak prest baitaude. Horregatik, Irutxuloko Hitzak Pio XII.eko geltokiko zenbait erabiltzaileren iritzia jaso du.
Galdegindako erabiltzaile guztiak pozik daude aldaketarekin. Maialen Zarrabeitia gasteiztarrak, esaterako, astero hartzen du autobusa, Donostian ikasten baitu. Gasteizko geltoki zaharra Amarakoaren antzekoa zela aitortu du, eta, bere hirian bezalaxe, autobus geltoki berria gustura hartuko duela esan du, oraingoa “zaharkitua” dagoelako, eta ez delako oso erosoa. Ez du kezkatzen aldaketak, “ez dut ezagutzen, baina geltoki berritik ere unibertsitatera joateko autobus ugari egongo da, seguru”, esan du.
Julen Armendariz amaratarra ere ikaslea da, Bilbon ikasten du, eta egunero hartzen du autobusa Pio XII.ean: “Ez dut denbora asko pasatzen hemen, baina ez da oso geltoki erosoa, ez. Badut berrira joateko gogoa”. Etxetik urrutiago izan arren, “erosoagoa eta atseginagoa izatea espero dut”. Auzotar gisa, zirkulazioak kezkatzen du Armendariz: “Ordu jakin batzuetan Erdialdera doan auto asko pilatzen da inguru honetan, eta orain autobusek ere bide bera egin behar badute, ez dakit zer gertatuko den”.
Ane Rodriguez amaratarra ere oso pozik dago autobus geltoki berria irekiko dutelako. Maiz hartzen du autobusa Madrilera joateko, eta halaxe harrapatu dugu, maleta eskuan zeramala. Bere ustez, “bazen geltokia berritzeko garaia. Honek ez du aterperik, ez du komunik…”. Pio XII.aren plaza inguruan bizi da bera, eta autobus geltoki berriari ez dizkio onurak besterik ikusten: “Geltoki berria ere gertu daukagu, eta zerbitzua askoz hobea izango da, dudarik gabe”.