Jaurlaritzaren Elkarlan saria jaso du Uliako Lore Baratzak proiektuak

Larunbatean jaso zuten saria, Bilbon.
Banbu adarrak mozten, Uliako mintegian

Banbu adarrak mozten, Uliako mintegian. (Argazkia: Uliako auzo elkartea)

Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz eskaini ditu Elkarlan sariak. Guztira 59 proiektu saritu dituzte, eta tartean dago Uliako Lore Baratzak proiektua. Elkarlana eta ingurumenarekiko konpromiso sustatzeagatik jaso dute saria.

Larunbatean Bilbon egin zuten ekitaldia, eta proiektuaren izenean, Eider Sanzek jaso zuen saria, Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuaren eskutik. Euren borondatez Uliako mintegia zaintzen eta biziberritzen diharduten 60 bat herritarrei eskaini zien saria Sanzek.

Pozik daude Uliako auzo elkarteko kideak eta natur gune hau “donostiar guztiena eta guztientzako” izateko lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute. Mintegiak duen balio arkitektonikoa eta kulturala jarri nahi dute balioan. Horregatik, orain arte bezala, tailerrak, bisita gidatuak, auzolana eta bestelako jarduerak egiten jarraituko dute.

Atzo igandea, esaterako, auzolana egin zuten: baratzeko belarrak garbitu, konpost-gunea txukundu eta marrubiak jasoko dituen taula prestatu zuten, eta banbu basoko adarrak ere moztu zituzten.

Udaberrian, berriz, ‘Zer nahi duzu parkean‘ galdera luzatuz, parkearen erabilera zehaztu eta etorkizuna finkatzeko ideiak jasoko dituzte auzotarren artean.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend