Errausketaren eragin kaltegarriei buruz ohartarazi dute. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Osasuna eta Errausketaren Ikerketarako Taldeak hamabi urte eman ditu errauste plantek eragindako kalteak aztertzen, beti ere “kalitatezko” argitalpenak eta mundu osoko adibideak kontutan hartuta. Taldea 2004. urtean sortu zuten hainbat medikuk, Gaintxurizketan errauste planta bat eraikitzeko proiektua ezagutu zuten momentuan. Egitasmo hori gelditzea lortu zuen gizarteak, baina, orain, Zubietan egingo dutela jakinda, mediku taldeak berriro erabaki du komunikabideen aurrean agertzea.
Koldo Mitxelenan agerraldia egin dute astearte arratsaldean, Jose Luis Paulin, Xabier Mitxelena, Maialen Berridi, Jose Cruz Villandiego eta Marta Barandiaran medikuen bitartez. Ondorio batera iritsi dira, ikertutako azterketa esanguratsuenak oinarri; “errausketaren alde dagoena osasunaren kontra dago”, adierazi du Paulinek. “Amiantoarekin eta tabakoarekin izan dugun eztabaida bera da”, erantsi du.
Datu kezkagarri batzuk jakinarazi dituzte. Errauste plantatik bost kilometroko ekintza eremu batean biziz gero, biztanle horiek arrisku bizian egongo lirateke: «Pleurako 100 minbizi kasu zeuden lekuan, 184 kasu egongo lirateke», jarri dute adibidetzat. Honela gauzak, «arduraren printzipioa» aldarrikatu eta gero, moratoria bat eskatu dute, errauste plantaren ondorio kaltegarriak behar bezala aztertzeko.
Irutxuloko Hitzaren papereko edizioan, ostiralean, Jose Cruz Villandiegori egindako elkarrizketa argitaratuko dugu.