Osasuna eta Errausketaren Ikerketarako Taldeko kideak urteak eman ditu azpiegituraren arriskuaz ohartarazten; Gaintxurizketan aurreikusitako lehen proiektu hartatik, hain justu.
Jose Cruz Villandiego, ezkerrean, mediku taldeko zenbait kiderekin batera egindako agerraldian. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Gaintxurizketan 2004. urtean errauste planta bat eraikitzea aurreikusi zutenean, Villandiego orduan sortutako mediku taldeko bozeramailea zen jada. Lehen lerrora itzuli da berriro,
Zubietako errauste plantak ekarriko lituzkeen osasun arriskuei buruz ohartarazteko.
2004ko egitasmoa bertan behera utzi zuten azkenean. Bada, proiektua berriro berreskuratzeko, zer aldatu da?
Salaketa bera egiten dugu orain, ez baita ezer aldatu. Tabakoarekin gertatzen dena jarriko dut adibidetzat. Zerbait aldatu al da Tabakalerak orain saltzen digun tabakoarekin? Errauste planta bat, errauste planta bat da, modernoagoa izan arren. Zubietan aurreikusitakoa, 2004ko errauste planta bera da, txikiagoa, baina bera.
Azpiegiturak eragin ditzakeen kalteak kontrolpean daudela esan ohi dute agintariek.
Industriak jartzen ditu kontrol mugak, baina muga teknikoak dira horiek, ez osasun mugak. Gainera, nanopartikulek berdin berdin igaroko dituzte filtroak, eta, ondorioz, inguruko biztanlerian eragin.
Zeintzuk izan daitezke ondorio kaltegarri horiek?
Errauste planta bezalako azpiegiturekin gertatzen dena da inoiz ezin direla frogatu kalteak berehala. Pertsona batean eragina izateko 20 urte igaro behar dira agian. Eta ez gaude bakarrik minbiziari edo bihotz gaixotasunei buruz hitz egiten ari. Bizitza deseroso egin ditzaketen gaitzak ere ekar ditzake; hala nola, buruko mina eta lo egiteko arazoak, besteak beste. Behar ez dugun zerbait da errauste planta. Ez dugu nahi ikerketa bateko protagonistak izan, hemendik hamarkada batzuetara, Gipuzkoan, gehiago edo gutxiago, errauste planta batek kaltetu zigula esango duena, lau urtez egon zen politikari baten erruz.
2004an, errauste plantaren egitasmoak zalaparta handia piztu zuen Txingudi aldean. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Eskandalagarria izan zen; errauste planta, gainera, ikastetxe baten ondoan eraiki nahi zuten. Proiektua gelditzea lortu zuen gizarteak. Egitasmoaren bultzatzaileek ez zuten argudiorik izan guk planteatutakoari aurre egiteko, eta, orain, hamabi urte geroago, proiektu bera aurreikusi dutenean, oraindik ez digute kontsultatu ere egin. Ez gaituzte kontutan hartu. Perbertsio bat da, osasunari buruz ari baikara. Mediku bezala ez gaude hondakinak nola kudeatu erabakitzeko, osasunari buruz hitz egiteko baizik. Arlo horri begiratuta, errauste planta basakeria bat da. Agintariek domina zintzilikatu nahi dute, hondakinen arazoa zein ondo konpondu duten esateko.