Prekarietatearen hainbat esparru salatu dituzte, hirian barrena egindako ibilbide baten bidez
Erakunde ezberdinetan egin dute geldialdi bana, horietan gertatzen diren bidegabekeriak salatzeko.
- Easo plazako geltokia. Satorralaiak, Metroaren aurkako bizilagunen taldeak, azpiegitura hau egitearen zenbait ondorio salatu ditu: gastatuko litzatekeen “dirutza”, eta Erdialdeko saltokien zentralizazioa, tartean.
- Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionala. Lan istripuak eta lanagatik sortutako gaixotasunak gora egin dutela azaldu dute: “Lan eredu baten emaitza bortitza dira; enpresarien alde, langileria kondenatzen dute. Prekarietatea erabiltzen dute, langileen lan baldintzak kaskartuz eta prebentzioan inbertitu gabe. Erakundeek jakinda zer gertatzen de, beste alde batera begiratzen dute. Bizitzeko lan egiten dugu, eta ez lanean osasuna galtzeko”.
- Probintziako Polizia Etxea. Joseba Alvarezek Eleak mugimenduaren izenean hitz egin du, Mozal Legea salatzeko. “Kapitalismoak eragiten duen prekarietatea ez da bakarrik, ekologikoa, ekonomikoa… bizitza osoarena da. Polizia indarrak errepresioa irudikatzen du, eskubide zibil eta politikoen kontra. Bestetik, Mozal legeak prekarietaren kontra borrokatzea oztopatzen du”.
- Norteko tren geltokia. Abiadura Handiko Trenari buruz hitz egin du Mikel Alvarezek, eta tren bat baino askoz gehiago dela adierazi du, “gizartea dominatzeko modu bat da”. Era berean, lurra bizitzaren oinarria dela nabarmendu du eta hori “suntsitu” nahi duela AHTak esan du. Gainera, euren negozioa dena, herriaren pobrezia ekarriko duela ziur dago, “gizarte maila ezberdinak areagotuz”.
- Erdialdeko Lanbideren bulegoa. Lanbidek kaltetutako taldeak hartu du hitza. Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen edo jaso duten 10.000 herritarretik gora Lanbideren gutun bat jaso zutela ekarri dute gogora, koputu hori ordaintzeko eskatuz, “eta beste inongo informaziorik gabe”. Oraindik lanean dihardute, baina kaltetu eta kasu larri ugari daudela azpimarratu dute.
- Kutxabanken egoitza zaharra (orain arropa denda handi bat dago bertan). EH Bilduko Ainhoa Beolak Kutxabankek Donostiako zenbait lokal enpresa handiei utzi dizkiela esan du. Esaterako, arropa denda bat jarri dute Erdialdeko egoitza batean; eta Bulebarrean zuten aretoa fast food izeneko baten menpe dago orain.
- Gipuzkoako Foru Aldundia. Erakundea publikoa izan arren, kudeaketa azpikontratatutako enpresen bidez egiten dela salatu dute. Horregatik, eta bertan dauden arazo batzuk direla medio, lan baldintzak txarrak direla adierazi dute; hortaz, herritarrentzako zerbitzuak ere okerrera dihoazela: “Azpikontratatutako enpresak alde batera uzten ez baditugu, lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea ere ez da behar bezalakoa izango”.
- Eusko Jaurlaritza. Erakundearen Erdialdeko egoitzan Duintasunak, Pentsiodun eta Jubilatuen elkarteak, prekarietate egoeran bizi diren kide asko daudela esan dute. Hala, euren egoera salatzeaz gain, gutxieneko pentsioaren alde egingo dutela aldarrikatu dute, “jubilatu guztiek 1.080 euro jaso arte”. Gainera, emakumeen egoera nabarmendu nahi izan dute, beraiek baitira kaltetuenak.
- Santander bankua. Kaleratzeak Stop taldeak esan du bankuak direla bizi dugun egoera sozialaren erantzule nagusienak: “Hauek izan dira zenbait familia etxe gabe utzi dituztenak, eta euren kontratu eta eskaintzekin lapurtu digutenak”.
- Telefonica. Geldialdi horretan Telefonicako langile batek hitz egin du, eurek bizi duten egoera zaila eta Correscales 2016 nola sortu zen azaltzeko.
- San Martin merkataritza zentroa. Emakume batek hartu du hitza hor, emakumeek bizi duten egoera salatzeko, bereziki, lan baldintzei dagokienez.
- Donostia 2016 gunea. Donostia 2016k bizi dugun gizartea sortu duela diote: “Azaltzen diguten mundua ez da egokia bizitzeko. Gure ohiturak, historia, gizartea… merkaturatu dute Europan zehar marka bat saltzeko. Horregatik, uste dugu 2016 hau desokupatu behar dela”.