"Eraikitzen hasten badira, parke guztia suntsituko dute"
“Minduta eta triste” daude Uliako bizilagunak. Udal gobernuaren aldeko botoekin, Plan Orokorraren aldaketa onartu dute, mintegietan 70 etxebizitza egiteko bidea zabalduz. EH Bildu eta Irabazi Donostiak aurka bozkatu dute, eta PP abstenitu egin da.
Uliako 20 bat bizilagun ere joan dira udalbatza aretora. Auzo elkarteko kideak batzuk, Uliako Lore Baratzak proiektuaren sustatzaileak beste batzuk, eta parkearen ohiko erabiltzaileak guztiak. Gaitzespen keinuekin jarraitu dute saioa, eta bozketako unean Parkea babestu oihu egin dute, euren desadostasuna adierazteko.
Leire Rodriguez uliatarraren esanetan, “minduta eta triste” daude gaurko emaitzarekin. Parkearen kudeaketa auzotarren esku utzi zutenetik horretan jardun badute ere, azken asteetan ahalegin berezia egin dutela esan du parkea defendatzeko.
Informazio kanpaina bat jarri dute abian, Uliako mintegiak eta bertan egiten dituzten jarduerak ezagutarazteko. Eta sinadura bilketa bat ere badute abian. 2.700 sinaduratik gora jaso dituzte Change.org plataformari esker. Udal ordezkariekin bilerak ere izan dituzte parkean bertan, baina ez dute emaitzarik izan. “Ilusio pixka bat bagenuen, udal ordezkariak parkera bertara etortzean, baina gure ahaleginak ez du ezertarako balio izan”, uste du Rodriguezek.
Hala ere, ez dute amore emango, eta herritarren babesa lortzen jarraituko dute: “EAJ eta PSE-EE tematu dira proiektu honekin, baina guk parkea babesten eta defendatzen jarraituko dugu”. Igande honetan bertan talde argazki handi bat atera nahi dute parkean, 10:30ean, “udalari esateko ez dugula hor eraikitzea nahi”.
Bestalde, gaurko udalbatzarraren ondoren, gezurretan ibiltzea leporatu diote udal gobernuari. Euren ustez, gezurra da hirigintza proiektuak heren bat hartuko duela soilik: “denok dakigu bertan urbanizatzen hasten direnean parke guztia suntsituko dutela”.