Antiguako gaztetxearen aldeko pilota jaialdia egingo dute
Azken lapurretetan galdutako materiala berreskuratzeko laguntza behar dute.
Txantxarreka gaztetxeari bultzada emateko ekitaldi bat egingo dute Antiguan, apirilaren 22an. Pilota jaialdi bat antolatu dute Antiguako frontoian, pilota ikuskizunaz gozatu eta Txantxarreka gaztetxearentzako dirua biltzeko. Azken lapurretetan galdutako materiala berreskuratzeko laguntza behar dute. Besteak beste, musika ekipoa galdu dute eta.
Saralegi eta Mikel Goñi, Baez II eta Gorrotxategiren aurka jokatuko dira. Aurretik, auzotar batzuen arteko lehia bizia ikusteko aukera izango da, pintxo pote baten beroaldian piztutako apustu bati helduko diote! Les eta Ozaeta ariko dira Potti eta Largoren kontra.
Apustuak, afari zozketak auzoko jatetxeetan, musika, festa giroa… Ezer ez da faltako apirilaren 22ko gauan.
Sarrerak jada salgai daude 6 euroan. Antiguako Platero eta Bodegon tabernetan eskura daitezke. Egunean bertan 8 euroan jarriko dituzte salgai.