Satorralaia mugimenduak 4.000 atxikimendu behar ditu gutxienez, aldundiari herri kontsulta bat egin dezan eskatzeko. Manifestazio bat egingo dute ekainaren 18an
Astelehenean egindako batzarra. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
«Beste bide bat aurkitu dugu: Gipuzkoako Foru Aldundian herri kontsulta bat egiteko eskaera aurkeztea, erakunde honek baduelako araudi bat horretarako. Aldundia finantzazioan parte hartzeko prest dagoenez, uste dugu aipatutako tresna hau baliatu dezakegula».
Satorralaia mugimenduko ordezkari Mikel Sanchezen hitz dira horiek, joan den astelehenean egindako batzar irekian esandakoak. Hain zuzen ere, Donostialdeko Metroaren proiektuaren aurkako lagunak Amarako eskoletan bildu ziren datozen asteetarako aurreikusitako jarduerak erabakitzeko, eta bilera horretan hitz egin zuten herri kontsultari buruz. «Gure kasuan, zezenketen aurkako plataformak planteatutakoa ezin dugu aurrera eraman. Ezinezkoa zaigu udalaren bitartez herri kontsulta bat eskatzea, Metroaren lanak udal eskumenetatik kanpo daudelako», azaldu du Sanchezek. Hala ere, zirrikitu bat aurkitu dute, eta aldundira joko dute.
Herri kontsultei buruzko 01/2010 foru araudia betetzeko, sinadura bilketa bat egin beharko dute lehenik, 18 urtetik gorako donostiarren %2ren babesa lortzeko. Udal araudiak %5 jasotzen du.
Honela gauzak, Metroari buruzko kontsulta eskatzeko, gutxienez, 4.000 sinadura beharko dituzte. «Dena dela, aldundiak du azken hitza, berak erabakitzen du, baina sinadurekin babesa lortuko dugu», argitu du Satorralaiako kideak.
Donostian erroldatutako pertsonek soilik babestu ahalko dute eskaera. Mahaiak auzoetan eta gune estrategikoetan egokituko dituzte, eta data esanguratsuetan ere jarriko dituzte jende gehiagorengana iristeko. 4.000 sinadura lortzearekin ez direla konformatuko aurreratu dute. 10.000 sinadura biltzea dute erronka gisa.
Herri kontsulta bat eskatzeko ez ezik, Metroaren proiektuaren aurkako babesa indartzeko ere erabiliko dute sinadura bilketa. Izan ere, Metroaren igarobidearen proiektua bertan behera geratzeko eta Eusko Jaurlaritzari Donostiak behar duen garraio ereduaren inguruan erabaki prozesu parte hartzaile bat irekitzeko eskatuko dute sinatzeko prestatutako testuan.
Maiatzean, udalbatzarrera
Jarduera gehiago aurreikusi dituzte hurrengo hilabeteetarako. Joan den astean iragarri zuten nagusiena: ekainaren 18rako deitutako manifestazioa. Hain justu, protesta gauzatu eta egun gutxira aurkeztuko dituzte bildutako sinadurak.
Aurretik, maiatzaren bukaeran, bi jarduera garrantzitsu egingo dituzte. Alde batetik, maiatzaren 26ko udalbatzarrean, Metroaren gaia eztabaidatuko dute udal taldeek. Hala, udaletxera joateko deia zabalduko dute.
Bestetik, Kontxako hondartzan «ekintza informatibo bat» egingo dute. Data ez dute oraindik zehaztu, baina maiatzaren bukaera edo ekainaren hasiera aldean egiteko asmoa dute.
Adierazpen bat ere osatu dute, arlo desberdinetako pertsona ezagunen atxikimendua lortzeko. «Donostian Metroaren proiektuari Stop (beranduegi izan baino lehen)» da testuaren izenburua. Adierazpenaren aurkezpen publikoa maiatzaren erdialdean egitea aurreikusi dute.
Azkenik, banderolak egingo dituzte, Metroari Stop leloarekin, hiriko balkoietan zintzilikatzeko. Beltza eta hori kolorea uztartu dituzte diseinatutako banderoletan, ikusgarritasuna handitzeko.
Jarduera hauek guztiek forma emango diote Metroaren aurkako mugimenduari, kaleko presentzia areagotuko baitute. Indartsu eta gogotsu daude horretarako. Metroaren aurkako mugimenduko ordezkaria ere baden Mikel Alvarezen hitzetan, «helburua mugimendua handitzea da, espresio bat ematea, zeri heldu badagoelako».
Hain zuzen ere, Satorralaiako ordezkariak nabarmendu du ezer ez dagoela erabakita, oraindik proiektua esleitzeko izapide garrantzitsuak daudelako egiteko; Trenbide Plan Sektoriala aldatzea, kasu. Esan du izapide hori gabe ezingo litzatekeela proiektua esleitu, eta aldaketa ez dela egun batetik bestera egingo.
Horrenbestez, komunikabideek eta agintariek esaten dutena esanda ere, Alvarezek azpimarratu du oraindik ez dagoela ezer eginda. Izan ere, herritarrei proiektuak atzera bueltarik ez duela saldu nahi dietela salatu du, etsipena zabaltzeko, «finantzazioa bera ere ez dagoenean lotuta».
Honengatik guztiagatik, kalera joko dute, eta orain arte ukitu ez dituzten ateak ere ukituko dituzte; merkatariak, ostalariak… Arlo hauetan ere lanketa egiteko asmoa dute, proiektuak aurreikusitako ibilbideak ere eragingo liekeelako.