Udal gobernuak ateak itxi dizkio Uliako mintegiei buruzko herri kontsultari
Plan Orokorraren aldaketa onartu zuten otsaileko udalbatzarrean, EAJ eta PSE-EEren botoekin.
Ez da herri kontsultarik egingo Uliako mintegiei buruz, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu eta gero. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak proposatu dute herritarrei galdetzea, galdera honekin: “Ados al zaude gazteei zuzendutako apartamentuak hiriko beste leku batean eraikitzearekin, Uliako gunea hiri barneko parke bat izan dadin?”. Ategorrieta, Ulia eta Intxaurrondo Zaharreko bizilagunei galdetzea zuten helburu, baina prest agertu dira kontsulta hiri osora zabaltzeko, PPk egindako zuzenketa dela eta, proposamenak aurrera egin zezan. Dena dela, udal gobernuko udal taldeek proposamenaren kontra bozkatu dute, eta bertan behera geratu da herritarrei galdetzeko aukera.
Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek adierazi du euren hauteskunde programan bazetorrela Uliako eremu horretan apartamentuak egiteko proposamena, eta, argudio horri helduta, nabarmendu du donostiarrek dagoeneko euren iritzia eman dutela. Eneko Goia alkateak, bere aldetik, zalantzan jarri du gaiaren “interes orokorra”, herri kontsulta bat egiteko beharrezko baldintza.
Uliako mintegietako hirigintza proiektuak gazteentzako 70 apartamentu aurreikusten ditu, eta proiektua gauzatu dadin