Konturatzerako 50 urte bete ditu Añorgako Amassorrain ikastolak; 0 eta 12 urte arteko ikasleak ditu, eta festa ederra izango dute bi egunotan, irakasle, guraso eta ikasle ohiekin batera.
Alfredo Iribar ikasle ohia, Manoli Barrenetxea andereñoa eta Aingeru Zabala ikasle ohia eta gurasoa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
1965ean sortu zuten Añorgako Amassorrain ikastolaren lehen gela. Zinearen atzekaldean eman zituzten lehen eskolak haur haiek, eta ondorengo urteetan beste bederatzi egoitza izan ditu: Mari Tere eta Kasimiroren etxea, elizak utzitako gela bat, Dispensarioa, Barrakoia…
Añorga Txikiko egungo eraikina 1980an eraiki zuten, eta eta bertan daude 1981-82 ikasturtetik. Edonola, batetik bestera, mende erdi bat igaro da ikastolak lehen pausoak eman zituenetik, eta ostiralean eta larunbatean ospakizunetan murgilduko dira. Ikastolan egon da Irutxuloko Hitza, honakoekin: Alfredo Iribar ikasle eta guraso ohia (Añorga, 1963), Manoli Barrenetxea Haur Hezkuntzako irakaslea (Hernani, 1953), eta Aingeru Zabala ikasle ohia eta gurasoa (Añorga, 1982).
«1967an hasi nintzen ikastolan, zine zaharraren atzekaldean, hirugarren belaunaldia izan ginen; gero, elizan egon ginen, 1973 arte», oroitu du Iribarrek. Barrenetxea, berriz, 1979an iritsi zen ikastolara, hiru urtekoen gelara: «Ordura arte, batetik haur eskola eta bestetik ikastola zeuden;?baina ikastetxe berria egiten ari zirela, Amassorain kooperatiba sortu eta elkartu egin ziren, 1979an. Gero, 1993an publikoa egin zen, eta hezkuntza publikoaren barnean dagoen 0 eta 12 urte arteko ikastola bakarra da». Aingeru Zabala bi urte zituela iritsi zen ikastolara, 1984an, eta zortzigarren maila egin zuen azken belaunaldikoa izan zen: «Familia giroko ikastola bat da. Gutxi izan gara beti, eta ikasle eta irakasle guzti0k ezagutzen dugu elkar».
Argi dute hiruek ere Añorgarekin lotura handia duela ikastolak. «Auzoko bizian asko parte hartzen du, ospakizun guztiak auzora ateratzen ditugu; Inauteriak, Santa Ageda, Olentzero…», zehaztu du Barrenetxeak.
Badute euren festa berezi bat ere, Udazkeneko Festa: «Muralak egiten ditugu, gaztainak danbolinean erretzen ditugu, eta gero jan. Lehen, gaztainak biltzera joaten ginen mendira, baina debekatu egin zuten», azaldu du Barrenetxeak.
Guztira, ia 300 ikasle mugitzen ditu Amassorrainek, eta 27 irakasle inguru ditu. Hain zuzen ere, txikitasun hori izan da erakarri dituena Iribar eta Zabala euren seme-alabak ere ikastola berean heztera. Zabala Añorgan bizi da:?«Erosotasunagatik eta nik izandako esperientzia onagatik aukeratu nuen»; Iribar, berriz, Errotaburun: «Argi nuen alaba hona ekarri nahi nuela, nire bizipenengatik. Talde handian galdu egiten gara askotan, talde txikiak oso gertukoak dira». Barrenetxea andereñoa ere Hernanin bizi den arren, bere hiru seme-alabek ere Amassorrainen ikasi dute: «Nire ikasle izandako askoren seme-alabak etorri zaizkigu».
Festarako prest
Ikastolaren mendeurrena zetorrela eta, duela urtebete hasi ziren zer egin pentsatzen. Diotenez, guraso eta ikasle ohiei zabaldu zieten deia, eta oso erantzun ona jaso zuten; hala, irakasleekin batera osatu dituzte ospakizunerako kontuak.
Olinpiadak berreskuratuko dituzte larunbatean jaiaren aitzakiarekin. «Ikasturte bukaeran egiten genuen beti, eta maila desberdinetako ikasleak nahastuta osatzen genituen taldeak. Orain, ikasle ohiekin egingo dugu; ehun inguru izango dira», dio Barrenetxeak.
Olinpiadak hasiko diren ordu horretan bertan, erakusketa bat irekiko dute museoan: argazkiak, dominak, jantziak, antzinako liburuak… «Argazkiak biltzea lan handia izan da, 300 inguru jarriko ditugu. Urtez urte antolatzen aritu gara, eta batzuk zeintzuk diren jakitea ez da lan erraza izan! Dokumental bat ere osatu dute ikastolaren historiarekin, eta larunbatean, 12:00etan, estreinatuko dute», gehitu du irakasleak.
Indarrak hartzeko bazkaria egingo dute eguerdian, eta 800 lagun inguru bilduko direla kalkulatu dute. Bazkariaren ostean, omenaldiaren tartea izango da. Hain zuzen ere, ikastolaren sortzaileak omenduko dituzte. Ondoren, musika eta parrandarako tartea zabalduko dute. Ikasle ohien musika taldeak izango dira zuzenean arituko direnak. Horietako bat, Asgarth, 50. urteurreneko abestia egiteaz arduratu da. Hala dio abestiaren leloak: Izana lore, geroa kimu; 50 urte horren testigu. Zehazki, Unai Zabala gitarrista -Aingeruren anaia-, eta berak sortu ditu abestiaren hitzak, Beñat Gaztelumendi bertsolariaren laguntzarekin. Gainera, bideoklipa ere osatu dute.
Etorkizunera begira ere jarri da Barrenetxea: «Eraikinak ez du gehiagorako ematen, eta maiz izaten ditugu leku arazoak. Beraz, ez daukagu gehiago hazteko asmorik, lerro bakarreko eskola izaten jarraituko duela pentsatzen dut». Hala, beste 50 urtean, gutxienez.