Blas de Otero plaza zabaldu dute
Egiako pasabidea konpontzen hasi dira dagoeneko, eta erretiratuen elkartera sartzeko arrapala berria ere laster hasiko dira egiten.
Azken lan hauek egiteko beste hiru bat hilabete beharko dituztela zehaztu du Ramosek. Izan ere, sarrerako arrapala egiteaz gain, jubilatuen elkartea handitu, eta leiho berriak egingo baitituzte.
Bukatu dituzte Blas de Otero plazako lanak, eta dagoeneko zabalik dago, inguruko herritarrek erabiltzeko moduan.
3.800 metroko espazio zabal bat bilakatu da plaza berria. Kirol kantxa bat, eta helduek ariketa fisikoa egiteko hainbat elementu jarri dituzte bertan. Baita eserita egoteko guneak eta komunak ere.
Udal ordezkariak bertan izan dira gaur, Eneko Goia alkatea eta Enrique Ramos Hirigintza zinegotzia, tartean. Gustura agertu dira plazaren itxura berriarekin. “Tabakaleran epizentroa duen prozesu baten hurrengo urratsa” izan dela Blas de Otero egokitzea esan du alkateak: “Etxe bat egiteko modukoa da: obra handiena egin ondoren ingurukoak ere konpontzea eskatzen du, eta horixe izan da Blas de Otero plazaren kasua ere”.
Herritarrek erabiltzeko “espazio berri bat” berreskuratu dutela Egian esan dute udal ordezkariek. Dena den, lanek badute jarraipena.