Prentsaurrekoa egin dute aldundiko atarian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Satorralaia bizilagunen taldeak 8.913 donostiarren sinadura aurkeztu ditu, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian. Hala, eskatzen dute Metroaren igarobidearen auzian herri galdeketa bat egitea. Halaber, sinadura horiek Eusko Jaurlaritzari zuzenduko dizkiote, “egitasmo hori geldiaraztea eta Donostiak behar duen garraio ereduaren inguruan erabakitzeko prozesu parte hartzaile bat abian jar dezatela eskatzeko”.
Metroaren inguruan herritarrek
informaziorik ez dutela izan eta
parte hartzeko biderik eza salatu ditu Satorralaiak: “Egin ditugun batzarretan etengabea izan da metroari buruzko desadostasuna, eta Donostiak behar duen garraio ereduaren inguruko eztabaidan herritarrek parte hartzeko eskaera”. Hori dela eta,
sinadura bilketa bat jarri zuten abian, eta gaur 8.913 donostiarren sinadurak aurkeztu dituzte aldundian. “Eusko Jaurlaritzak prozesu parte hartzaile bat abian jartzeko inolako asmorik ez duela ikusita, lehenengo udaletxera jo genuen herri galdeketa bat egon daitezkeen bideak aztertzeko asmoz, baina udalak berehala ezezkoa eman zion aukera horri, Metroaren gaian eskumenik ez duela argudituz”.
Beraz, euren eskaera Gipuzkoako Foru Aldundira bideratzea erabaki dute, ondorengoa eskatuz:
- Donostiako metroaren igarobidearen proiektua gelditzea.
- Eusko Jaurlaritzari Donostiak behar duen garraio ereduaren inguruan prozesu parte hartzaile bat ireki dezan eskatzea.
- “Gipuzkoako aldundiari, metroaren lanak finantzatzeko diru laguntzak emateko asmoa duenez, metroaren inguruan herritarrak duten iritzia ezagutzeko Donostian herri galdeketa bat egin dezan eskatzea, 01/2010 foru arauan oinarrituta”.
Elkarretaratzea, Merkataritza Ganberan
Bestalde, Satorralaiak salatu du ostiralean Gipuzkoako Merkataritza Ganberan Donostiako metroaren bultzatzaileak bilduko dituen erakundeen arteko “ekitaldi propagandistikoa”. Horregatik, aldarrikapena bertara eramateko elkarretaratze bat deitu dute,
10:00etan, Antiguako Merkataritza Ganberan (Tolosa etorbideko 75. zenbakian).
Horretaz gain,
uztailaren 19an, asteartean,
Alemaniako Stuttgart XXI bizilagunen mugimenduko kideekin hitzaldi bat antolatu dute, 19:00etan, Koldo Mitxelenan.