Euskaraz abesten duten ijitoak

Ijitoak, euskaldunak eta musikariak dira Sonakay taldeko kideak; runba eta flamenkoa euskaraz egitea erabaki dute, euskal abesti ezagunak bertsionatuz.
SONAKAY

Goian, David, Jony eta Ruben; behean, Santi eta Rafita. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Urrea, horixe esan nahi du Sonakay hitzak calo hizkuntzan; hitz horren soinua gogoko dute, eta horixe aukeratu zuten, inork gutxik ezagutzen zituenean. Izan ere, Mikel Laboaren Txoriak Txori abestiaren bertsio flamenkoak eman dio ospea Sonakay taldeari, duela gutxi. Kantua grabatu zuten, taldearen irudi batzuekin, eta Internet bidez zabaldu zuten. Euren harridurarako, sekulako arrakasta izan du kantak, eta kantu gehiago eraldatzeko asmoa dute. Taldekideekin egon da Irutxuloko Hitza: Jony abeslaria (Errenteria), Rafita gitarrista (Intxaurrondo), Santi baxularia (Irun), eta Ruben (Altza) eta David (Irun) perkusionistak.

Taldea nola batu zen azaldu du Jonyk: «Betidanik ezagutzen dugu elkar, eta duela bederatzi urte elkartu ginen. Kanta pare bat egin genituen, eta denboraldi batez jotzen ibili ginen. Gero, banatu egin ginen, duela urte eta erdi berriro elkartu ginen. Lehengo pianistaren ordez, baxulari bat dugu». Horrela, abestiak osatzen ibili ziren, runba eta balada flamenkoaren erritmoan.
Aipatu bezala, ezustean, Laboaren omenez bideoa grabatu zutenean egin ziren ezagunak. «Txikiak ginenetik entzun dugu abesti hori, eta egun batean buleria gisa egiten saiatu ginen, hiru laukoan; ongi geratu zen, gustatu zitzaigun, eta aurrera».

Gero, izandako arrakastarekin, seko harrituta geratu zirela dio Rafitak: «Abesti hori egin genuenean, taldekide guztiak ijitoak ginen, eta jendea asko harritzen zen euskaraz abesten ari ginela ikustean. Guk ez genuen ulertzen harridura, ijitoak gara, baina hemengoak, Euskal Herrikoak». Azken batean, euren filosofia horixe dela zehaztu du Jonyk: «Runba egiten dugun ijitoak gara, baina hori baino askoz gehiago aldarrikatzen dugu. Euskaraz abestean ez dut egiten nirea ez den zerbait; betidanik entzun ditut Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Urko, Paco Ibañez… beraz, euren abestiak interpretatzea barrutik ateratzen zaigu». Taldekideak esandakoa baieztatu du Rubenek: «Camaron, Antonio Carmona eta flamenko kantari asko entzun ditugun bezala, euskal musika ere jaso dugu. Biekin geratu gara». Azken batean, denek ulertzen dute euskara, eta beraietako bi euskaraz oso ongi hitz egiteko gai dira, Jony eta David.

Kontzertuak ugaritzen ari zaizkie, eta duela aste pare bat, San Martin merkataritza guneko gastropotean jo zuten. «Nik egia esan ez nuen halako harrerarik espero. Normalean jendea berera doa eta ez dizu kasurik egiten, baina egun horretan, izugarria izan zen, jendea dantzan eta telefonoekin kontzertua grabatzen aritu zen. Ez genuen halakorik espero». Euren publikoari dagokionez, payoak ijitoak baino gehiago direla diote. «Ijitoen sektoreak oraindik ez gaitu besarkatu. Jaialdi batean gizon heldu bat etorri zitzaidan eskerrak emanez Mikelen abestiarengatik, oso polita egin nuela eta oroitzapen asko ekarri zizkiola. Azkenean hori da politena, jendearengana iristea».

Gainera, kaletik jende askok gelditu ditu, batean edo bestean entzun dituztela esateko, eta gustatu zaiela. Aldi berean, ordea, denen gustukoa izatea ezinezkoa denez, kontrako iritziak ere jaso dituzte. «Ijito batzuei ez zaie gustatu, eta euskaldun batzuei ere ez. Gu ez gatoz ezer ere aberastera, gure erara egin nahi dugu, besterik ez», azaldu du Jonyk. Oso ziur dago Santi, gustuko izango zuela Laboak euren bertsioa: «Ziur nago gure lana gogoko izango zuela, berak beti egin izan baitzituen fusioak. Badirudi gizartean dena gaizki doala, eta poza zabaltzeko garaia da». Rubenek galdera bota du: «Runba katalana badago, zergatik ez euskal runba?».

Euren kontzertuen berri ematen dute Sonakay Sonakay Facebookeko orrialdean, eta badute amesten duten agertoki bat: Aste Nagusiko Sagueseko taula.

Laboaren ostean, Lertxundi

Entseatzeko normalean astean bitan geratzen dira, Irungo ijitoen elkartearen egoitzan. Hala ere, astean zehar bestela askotan egoten dira, beraz, elkarrekin bizi direla diote. «Etortzea esfortzua izaten da, baina behin lanean jartzen garenean, oso gustura egoten gara. Denean bezala, egun onak eta txarrak egoten dira», dio Rafitak.

Orain, esaterako, Benito Lertxundiren Loretxoa moldatzen ari direla azaldu du abeslariak: «Bideo bat egin nahi dugu, Txoriak txori abestiarekin egin genuen moduan, baina koloretan eta mugituagoa, udari begira».

Azken batean, euren helburua ongi egindako euskarazko errepertorio sendo bat osatzea da. Jony oso harro dago taldeaz, eta zerbait ona egin dezaketenaren esperantza du: «Bertsio onak egin nahi ditugu, gure abestiak alde batera utzi gabe. Egunerokoari, desamodioari, familiari eta gure inguruari buruz abesten dugu. Ea ongi ateratzen zaigun eta leku gehiagotik deitzen diguten».
Santi duela gutxi batu da taldera, baina oso pozik dago: «Ni taldera iritsi berria naiz, baina esan duten moduan, urteak daramatzate, eta hau bigarren bultzada bat bezala izaten ari da, ilusioarekin. Onena iristeko dago».

Ekoizpen etxe batekin lanean ari direla dio Jonyk, Eclectic Estudio izenekoa, Xabi eta Iñakirekin. «Lan txiki bat egin nahi dugu, eta ea Elkar edo beste ekoiztetxe batekin akordioren bat ixten dugun. Hori bai, Loretxoa sartzen badugu, adibidez, lehenengo Benitori erakutsiko diogu, bere baimena jasotzeko. Bere gustukoa izatea da garrantzitsuena».

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend