Oporrak Bakean programaren barruan, Alazne Altunak (Altza, 1987) bigarren urtez ireki dizkio etxeko ateak 11 urteko Salka Sidi-Mohamed gaztetxo sahararrari.
Salka Sidi-Mohamed eta Alazne Altuna. (Argazkia: L.Ferreira)
Nola izan zenuen Oporrak Bakean programaren berri?
Aurretik ezagutzen nuen, eta noizbait harrera ama izan nintekeela pentsatu izan nuen. Baina Mendebaldeko Saharako kooperante gisa ibiltzen naiz, eta bertan ezagutu nuen Salka –orain Donostian dagoen saharar neskatoa–. Duela bi urte, Salkaren amak eskatu zidan bere harrera ama izateko, beldurra ematen ziolako beste familia ezezagun batekin bidaltzea. Harreman ona nuen beraiekin; eta haurra hartzeko eskaera egin nuen.
Kooperante bezala, zer egiten duzu Mendebaldeko Saharan?
Lau urte daramatzat bertara joaten. Fisioterapeuta naiz, eta han elbarri eta adimen urriko umeekin egiten dut lan. Horrelako umeak biltzen dituen eskola bana dago herri bakoitzean. Gure lana izaten da bertako irakasle eta boluntarioei formakuntza eskaintzea, eta umeak tratatzeko ere baliatzen dugu bidaia.
Aurten Salka ekartzen duzun bigarren urtea da. Aldea egongo da lehen urtearekin, ezta?
Lehenengo urtean, zailena hizkuntza izan zen; ez genen elkar ulertzen. Ia egunero negar egiten zuen, eta askotan ez nekien zergatik zen. Lotsagatik, ez zuen inorekin hitz egiten, eta nire ondoan zegoen etengabe. Aurten, berriz, guztiz kontrakoa izaten ari da. Izugarri askatu da! Denekin jolasten du, guztiekin hitz egiten du… Ondo ulertzen du gaztelera, eta hitz egiteko gai da.
Gainera, umeak hemen gure familiako kide bihurtzen dira. Guretzako beste bat gehiago dira. Beraiek han familia edukita ere, hemengoa horrela ikusten dute. Eta atsekabez joaten dira, baina aldi berean gogotsu hangoak ikusteko.
Nola deskribatuko zenuke esperientzia?
Gogorra da, ez duzu geldirik egoteko unerik. Nik ez dut seme-alabarik; horregatik, erabat aldatzen da nire egunerokoa. Baina esperientzia oso polita da, eta gauza asko ematen dizkit. Izugarria da ikustea nola gozatzen duten. Gauza asko lehenengo aldiz ikusten edo ezagutzen dituzte. Adibidez, euri asko egiten duenean, hondartza zapaltzen dutenean… Hemengo ume batek bi urterekin ezagutuko lukeena bizitzen dute.
Bestalde, izaera handia dute, baina, aldi berean, maitekorrak eta eskertuak dira. Iristen direnean, motxila beteta ekartzen dute, eta barruan dagoena ez da beraientzako, baizik eta harrera familiarentzako ekartzen dute.
Anekdota ugari izango dituzue kontatzeko.
Bai, bereziki, lehenengo urtekoak. Beraientzako dena berria denez, zaila da kontrolatzea: errepidean ia begiratu gabe pasatzen zen, semaforoak ez zituen errespetatzen… Baina, aurten, dena ezagutzen du eta ondo moldatzen da. Garaierarekin ere antzeko zerbait gertatzen zitzaion. Beraiek lurrean egiten dute lo; eta, hemen, ohean, egunero erori egiten zen.
Aipatu duzun bezala, egunean zehar lana egiten duzu. Nola antolatzen zara Salka zaintzeko?
Familia batzuk oporrak hartzen dituzte, haurrekin ahalik eta denbora gehien egoteko. Baina nik laneko opor egunak Saharara joateko erabiltzen ditut, eta aurten hiruzpalau egun geratzen zitzaizkidan. Horregatik, Salka etorri zenerako gorde nituen, hirira ondo egokitu zedin.
Bakarrik bizi naiz, eta gurasoengana joaten naiz bi hilabete hauetan Salkarekin, beraien laguntzarekin antolatzea errazagoa delako. Bazkalordurako libre egoten naiz, eta aukera dut haurrarekin planak egiteko.
Zer nolako planak egiten dituzue?
Eguraldi ona egiten badu, hondartza edo igerilekura joaten gara. Eguraldi txarrarekin zailagoa da, baina ahalik eta plan gehien egiten saiatzen gara: mendia, bizikleta, parkea, auzoetako jaiak… Gainera, programaren barruan, tailerrak eta bestelakoak egiten dituzte. Normalean, hiru udatan etortzeko aukera dute, 10 urtetik 13 urtera; horregatik, probetxua atera nahi izaten diot urtero.
Bestalde, aukera dago beraiekin oporretara joateko, Donostiatik kanpo. Baina, baimen kontuagatik, ezin dira Espainiatik atera. Asteburu luzeren batean joan izan gara Nafarroa ingurura. Bertan, familiako etxe bat dugu, igerilekuarekin, eta primeran pasatzen dugu!
Zertan lagundu nahi izan duzu Salka bereziki?
Hemen daudenean, medikuarengana eta dentistarengana joatea derrigorrezkoa da, eta Osakidetzako txartela ere ematen diete. Horretaz gain, nik pediatrarengana eraman dut, eta odol analisiak egin dizkiot. Argala dago, baina analisien emaitzak onak dira, eta aurten oso ondo jaten ari da. Dakienean zerbaitek loditzen duela, horixe jan nahi du!
Beraz, elikaduran lagundu nahi diot bereziki. Nahi duen guztia jaten uzten diot, hemendik kilo gehiagorekin bueltatu dadin.
Hemen dagoen bi hilabete hauetan, harremana duzue Saharako familiarekin?
Bai, astelehenero deitzen diegu, eta bere anaietako batek WhatsAppa duenez, ahots bidezko mezuren bat ere bidaltzen diogu. Gainera, Espainian ere familia dauka, eta beraiei deitzeko aukera ere ematen diot. Hala ere, iaz bere familiarekin gehiago hitz egin nahi zuen.
Eta urtean zehar harremana mantentzen duzu Salkarekin?
Bai, bi edo hiru astetik behin deitu egiten diot, eta bestela bere anaiarekin WhatsApp bitartez hitz egiten dut. Orain, bideo bidezko deiak egiteko aplikazio batekin saiatuko naiz.
Egun, nolakoa da Sahara Mendebaldeko egoera?
Politikoki berdin dago. Ez da aldaketarik egon. Aurten, gainera, gerrara joateko zorian egon dira. Beste alderdi batzuei dagokienez, azkeneko lau urtean izan dira aldaketak: orain, errepideak dituzte herri batetik bestera joateko; arjeliarrek wifia jarri dute; lehen komunak ez zituzten, dunetaraino joan behar ziren, eta orain letrina batzuk dituzte. Hala ere, jasotzen duten janaria gutxitu dela dirudi.
Zergatik da garrantzitsua Saharako haurrak hartzea?
Udan zehar pasatzen duten beroagatik –orain, 52 gradu inguru dituzte Saharan–. Bestalde, noski, osasunagatik. Ez dute baliabiderik osasun azterketak egiteko, eta elikadura lantzeko. Han, jateko dituzten aukerak murritzak dira; eta, hemen, asko eskaini diezaiekegu.
Esperientzia oso polita da; ikasten eta gozatzen dutela ikustea. Gauza txiki batekin poz-pozik jartzen dira. Datorren urtean errepikatzeko asmoa dut, eta Salkaren anaia hazten denean ere hartuko dut.