Uliako gazteek eta Eraikuntza Lanetan Ari Gara egitasmoko kideek Gazte Asteburua antolatu dute hilaren 23an eta 24an Uliako parkean.
Gazte Asteburua iragartzen duen kartela Uliako parkean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Arazo konpartituei, irtenbide konpartitua emateko asmoz, Gazte Asteburua antolatu dute. Borroka batek baino gehiagok bat egingo dute gaur eta bihar Uliako parkean. Eraikuntza Lanetan Ari Gara proiektuak eta Uliako gazteek elkarlanean egitarau zabala antolatu dute. Lander Arretxea Eraikuntza Lanetan Ari Gara egitasmoko kideak azaldu du Donostiako gazteen hainbat “problematika” landu nahi dituztela eta, horretarako, leku aproposa iruditu zitzaiela Uliako parkea: “Parkeko borrokarekin bat egin nahi genuen sinbolikoki eta baita praktikoki ere”.
Julen Rodriguez Uliako gazteak parkearen egoera hiri eredu baten barruan kokatzen du: “Herri ekimenaren bitartez parkean sortu dugun auzo dinamika kolokan dago udaleko hirigintza proiektu bat dela eta”. Globaletik lokalerako hausnarketa bultzatu nahi dute antolatu duten egitarauarekin: “Mundutik hirira eta hiritik parkera”. Gaur bereziki parkeari begiratuko diote: “Arratsaldeko 17:00etan elkartuko gara eta baratzezaintza ikastaroa egingo dugu parkeko auzo baratzean; ondoren, Donostiaren elitizazioaren inguruan hausnartuko dugu mahai inguru batean; gero, giro ederrean afalduko dugu baratzeko produktuekin; eta eguna bukatzeko, zinemaldi alternatiboarekin bat egin eta Le denier continent filma ikusteko aukera edukiko dugu Letaman Gaztetxean”.
Gaurko ekimenarekin gazte donostiarrek parkea ezagutu eta parkearen egoeraz jabetzea nahi dute. Larunbatean aldiz, gazteen arazo “orokorragoez” arituko dira. Aurretik egindako lanketetan sei kezka nagusi identifikatu dituztela azaldu du Arretxeak eta horiei heldu nahi diete larunbatean:?feminismoa, euskara, enplegua, turismoa, etxebizitza eta elikadura burujabetza. Gai horien bueltan arituko dira asteburuko bigarren saioan, nahiz eta, “betiko hausnarketa ponposoak” alboratu nahi dituzten, lan taldeka arazoei alternatibak sortzeko asmoz.
Asteburu “gozagarri” bat izatea nahi dute; eta, batez ere, hiriko gazteak elkar ikusi eta elkarrekin egotea da helburua: “Elkartzen garenean gauza politak egiten ditugu. Ulian askok ez genuen auzoan bizitzarik egiten eta elkartzen hasi garenean gauza ederrak sortu ditugu”, azaldu du Rodriguezek. Hori da lortu nahi dutena, gazteak batu eta euren kezka komunei irtenbide komunak ematea.
Etxebizitzak
Bestalde, kanpin dendekin joateko deia luzatu dute; izan ere, gaur egun parkea dagoen lekuan 70 etxebizitza eraiki nahi dituzte: “Gazteak emantzipatu ahal izateko etxeak eraiki nahi dituztela esan dute udalean. Ez dugu onartuko geure izenean horrelako leku bat suntsitzerik”, azaldu dute. Horregatik 70 kanpin denda jarri nahi dituzte protesta gisa.
“Hiriak hartu duen norabidea sufritzen ari gara gazteok, eta gure eguneroko saltsetan murgilduta gabiltzanez ez dugu denbora eta espaziorik aurkitzen elkartzeko”, azaldu du Arretxeak.
Horretarako aukera eskaini nahi du Gazte Asteburuak: “Elkar ezagutu eta kezkak konpartituko ditugu. Gazteok beste hiri eredu bat sortu nahi dugu”.