Euzkadiko Gudontzidiaren 80. urtemuga oroituko du Ontzi Museoak
Euskal Herriko arrantzontziak gerraontzi bilakatuta, 1936ko gerran armada errepublikanoa lagundu zuen Euzkadiko Gudontzidiak. 1936ko urrian sortu zuten, eta haren 80. urtemugan itsas armada honetan parte hartu zutenak omendu nahi ditu Donostiako Ontzi Museoak. Matxitxako elkartearekin elkarlanean hainbat ekitaldi prestatu ditu datozen egunetarako.
Ostegunean (irailak 29, 19:00) Oihane Pardok Euzkadiko Gudontzidiaren historia kontatuko du. Ostiralean (irailak 30, 19:00) Ramon Bareak Verano 1936. De Donostia a Pearl Harbor hitzaldia emango du. Donostian 1936an 58 borroka egunn kontakizuna egingo du. Portua eta arrantzaleak, gerra Amaran eta Egian, Donostiako bonbardaketa, Deutschland eta USS Oklahoma korazatuak.
Hurrengo astean, urriaren 4an, Juan Azkarate omenduko dute. Bizirik den Euzkadiko Gudontzidiko kide bakarra da. Bermeotarrak 14 urte besterik ez zituela bat egin zuen Euzkadi Gudontzidiarekin, bigarren zerbitzari eta metrailadore laguntzaile gisa.
Gainera, Ontzi Museoak garaiko piezak eta dokumentuak ikusteko aukera emango du. Museoko ganbaran bilduko ditu Euzkadi Gudontzidiarekin lotutakoak ostegun eta ostiralean.