Amarako bizilagunak bilerak egiten ari dira Arroka kaleko frontoia desagertzekoa arriskuaren aurrean zer egin erabakitzeko. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Amarako bizilagunek jakin nahi dute Arroka kaleko frontoiaren etorkizuna zein izango den. Elkartzen eta biltzen hasi dira, auzotarren topagune nagusietako bat den espazioa babesteko.
Udalak Arroka kaleko frontoia bota nahi zuelako zurrumurrua aspalditik zebilen auzoan. Orain, ustekabean, frontoia desagertzeko arriskua benetakoa dela ohartu dira. Asko, prentsan irakurritakoaren bidez, beste batzuk, auzoan eraikuntza lanak egiten ari diren langileei galdetuta.
San Bartolome hirigintza planean ez zegoen aurreikusita frontoia botatzea, baina Amara Bai auzo elkarteko Harkaitz Aranburuk azaldu du irailean aldaketa batzuk egin zituztela, eta udalak frontoia botatzeko asmoa duela: «Hirigintza plana orain hasi da forma hartzen, eta badirudi orain frontoia ‘soberan’ dagoela. Udalak plana aldatu zuen eta guk ez dugu informaziorik jaso. Promotorak dio ez dagoela aurreikusita frontoia botatzea, baina udalarekin bildu gara eta baietz esan digu», adierazi du Aranburuk. Nabarmendu du bilera horretan planoak besterik ez zizkiela erakutsi, eta oraindik ez dutela informazio zehatzik jaso.
Hain zuzen ere, auzoan egin nahi dutenaren inguruan gardentasuna eta zehaztasuna exijitu dute bizilagunek:«Informaziorik ez digute eman, eta bizilagunak ez dituzte kontuan hartu. Adarra jo digute, lotsagarria da. Uste dugu arazoak dituztela eraberritze lanak amaitzeko, eta frontoia kendu nahi dutela espazio hau zabaltzeko».
Joan den astean hasi ziren gaia aztertzen auzo elkartean, asanblada informatibo batean, eta frontoiaren aferaren jarraipena egiteko talde bat sortu dute.
Arroka kaleko frontoia. (Argazkia: Lide Ferreira)
Auzoan espazio publiko gutxi dagoela, eta Donostian frontoi gutxi dagoela azpimarratu du Aranburuk. Horregatik Amara Bai auzo elkarteak gune publikoak defendatzeko hautua egin duela adierazi du. Herenegun berriz elkartu ziren bizilagunak, eta denek aho batez erabaki zuten guztiaren gainetik frontoia defendatu nahi dutela. Mobilizatzeko prest agertu dira. Bileran gogora ekarri zuten frontoian hainbat ekitaldi egin dituztela, eta bizi-bizirik dagoela.
Denek entzun nahi dituzte udal ordezkarien azalpenak, eta mahainguru batean biltzeko proposamena luzatzekotan geratu ziren:?«Justifikatu dezatela publikoki gure frontoia bota nahi dutela».
Kaxilda liburu dendakoak oso haserre daude, udalari auzotarren artean gatazka piztea egotzi diote:«Duela bizpahiru aste Turismo zinegotzia etorri zen esatera frontoia botako zutela. Baita Ernesto Gasco ere. San Bartolome hirigintza planeko administrazio kontseiluan dago, eta auzoan ibili da zenbait bizilagunekin hitz egiten. Gatazka sortzen saiatu da. Amara Bai auzo elkarteko kideei esan zien gu udalarekin bildu ginela, gune berrituan terraza jartzeko izango genituzkeen metroak negoziatzen. Gure helburua ez da terraza zabaltzea, ez dugu helburu merkantilistarik. Beste bizilagun guztiek bezala, ez dakigu zein den proiektua. Ez dakigu zein forma eman nahi dioten gune honi. Baina guztiaren gainetik frontoia defendatu nahi dugu. Bizilagunen plataformarekin bat egin dugu». Azkenaldian frontoiaren inguruan galdetzera jende asko joan zaiela azaldu dute.
Haziak dendakoak ere, Arroka kalean daude, Kaxilda liburu dendakoak bezala. Prentsan irakurritakoarengatik izan dute udalaren berri: “Ez digute iritzia eskatu. Suminduta gaude frontoia botatzea erabaki dutelako gure iritzia kontuan hartu gabe. Eta ez dute sikiera proposatu frontoia berritzea. Utzita dago, eta ematen du gure ardura dela txukun garbitzea. Egin behar dutena da frontoia berritzea. Auzoaren sinbolo bat da, eta oso bizirik dago espazio hau. Txoko hau zoragarria da. Haur, gazte eta gurasoek gozatzen dute hemen. Kale hau itxi egin dute, baina oraindik xarma handia du”.
Eva Villar Amarako betiko bizilaguna da. Arroka kaleko seigarren zenbakian bizi zen. Eraikin hori jada ez da existitzen. Orain etxe berrietan bizi da: «Auzoa asko aldatzen ari da, eta frontoia kentzen badute auzotarren elkargune bat desagertuko da. Atzealdean espazio zabal bat dago aurreikusita, baina frontoia kentzea auzoaren memoria ezabatzea ekarriko du». Zurrumurruak zeudela dio:«Arroka kaleko etxebizitza zaharrak botatzen hasi zirenean hasi ginen zerbait sumatzen. Eraikin berriek auzoaren historia irenstea modu honetan… Ez zait ongi iruditzen. Harrituta nago, uste nuelako frontoiak babestuta zeudela. Euskal kulturaren parte dira! Ez da posible horren erraz desagertzea. Dezente kostatzen ari zaigu auzo berrira egokitzea. Errazagoa izango zen auzoaren xarma eta auzotarrok genituen espazio publiko horiek errespetatuko balituzte».